Little Charlie Baty gitarrista sarituko du Hondarribia Blues jaialdiak

Uztailaren 13tik 16ra egingo dute, Euskal Herriko eta nazioarteko hamasei bandarekin. Lau agertokitan banatuko dituzte kontzertuak

2008an ekin zion bakarkako ibilbideari Batyk, 1976az geroztik Little Charlie & The Nightcatsekin ibili ostean. BERRIA.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2017ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Little Charlie Baty gitarristak jasoko du aurten Hondarribia Blues jaialdiaren txapela. Bere belaunaldiko gitarra jotzailerik onenen artean sailkatua da Baty. 1976an sortu zuen Little Charlie & The Nightcats talde ezaguna, eta horri lotuta egin du bere ibilbidearen zatirik handiena; 2008an, ordea, bakarkako bideari ekin zion. Uztailaren 15ean emango diote jaialdiko ohorezko saria, Bentako oholtza nagusian, 22:30ean. JW Jones gitarrista kanadarra izango du lagun oholtzan.

Hamabigarren urtea du Hondarribiko (Gipuzkoa) jaialdiak, eta uztailaren 13tik 16ra bitartean egingo dute aurten. Euskal Herriko zein nazioarteko hamasei taldek 24 kontzertu emango dituzte orotara, herriko txoko desberdinetan jarriko dituzten lau oholtzetan, eta, ohi bezala, emanaldi guztiak doan izango dira.

Gipuzkoako Belceblues taldearekin hasiko da jaialdia. Bi saio eskainiko ditu ostegunean: Itsas Etxean egingo du kontzertu pedagogikoa, 11:00etan, eta Bentako agertokian emango du bestea, 21:30ean; azken agertoki horretan, nazioartean sona handia duten Zac Harmon eta Stars From The Commitments banda arituko dira haien ostean.

Batyrekin larunbatean aritzeaz gain, ostiralean, bakarka, kontzertua emango du JW Jonesek, Arma plazako agertokian. Egun berean, Star Blues, Kenny Neal eta Igor Prado Band & Willie Walker arituko dira Bentan.

James Brownen taldea

Jaialdiko emanaldi nagusiak larunbatean izango dira. The Black Snakes taldeak eta Igor Prado Bandek girotuko dute larunbat eguerdia, Bentan jarriko duten Blues Village gunean. Ilunabarrean, berriz, bi kontzertu izango dira ordu berean, 20:00etan: Headline Blues Band ariko da Arma plazan, eta Marco Marchi & The Mojo Workers San Pedro kalean.

Bentako agertokia da handiena, eta han izango da kontzertu nagusia, hiru talderekin: White Towels Blues Band, JW Jones eta Charlie Baty, eta The JB's James Brown Original Band berritua.

Igandean, bazkalostean abiatuko dituzte kontzertuak. White Towels Blues Band eta JW Jones eta Charlie Baty arituko dira Bentako Blues Villagen. Iluntzean, Annika Chambersek kontzertua emango du Arma plazan; 2015ean Blues Music Award-en artista berri onenaren saria jaso zuen. Ordubete geroago, The Black Snakes ikusteko aukera izango da San Pedro kalean. Bentan amaituko dute jaialdia: Headline Blues Band taldeak kontzertua emango du, eta, horren ostean, jaialdian parte hartu duten musikariek jam sesssion saio bat egingo dute, urtero bezala.

Bi berrikuntza izango ditu jaialdiak. Batetik, Granujas a Todo Ritmo taldeak Hondarribiko kaleak girotuko ditu igandean, goiz eta arratsalde. Bestetik, blues musikaren inguruko solasaldi-emanaldi bat ere antolatu dute, Mojo Blues. Superstizioa blusean izenburupean; larunbat goizean izango da, Hector Martinezen eta Fernando Beiztegiren eskutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.