«Ez zenekien neska hori nintzenik, neska beltz eta elektrikoa naiz»; «Uste dut badela garaia azkenean nire tronua hartzeko». Mezu argi eta zuzeneko artista da Little Simz rap kantari britaniarra. Kritikarien esanetan, 2024ko Glastonbury jaialdian goia jo zuen, eta lehendik zeukan sona areagotu du horri eskerrak. Bere seigarren lan luzea kaleratu berri du, Lotus, artistaren barne munduei emandako begirada bat.
Sustraiak Nigerian ditu, hangoak baititu gurasoak, baina Simbiatu Abisola Abiola Ajikawo Londresen jaio zen, 1994an. Txikitatik izan da raparen eta hip-hoparen zalea; auzo ilun batean bizi izandako esperientziek markatuta gerturatu zen rap mundura, gaztetxoa zela, eta pixkanaka ulertu zuen bere errealitateak eta eszena horretako musikari erreferenteenak bazeukala antzik. Bere bidea egiten hasi zen raparen munduan, eta duela hamar bat urte inguru hasi zen eszenan tokia egiten, Little Simz ezizenarekin.
Hainbat urtez Inflo produktorearekin aritu da lanean. Biek elkarrekin sortzen zuten, eta abeslariak eta ekoizleak sona handia eskuratu zuten. Batak bestea egin zuen handi, baina konbinazio hori amaierara iritsi da, bi milioi euro inguruko mailegu bat tarteko. Ekoizleak ez omen zion abeslariari aurrez utzitako dirua itzuli, eta elkarri lotuta zeuden bi artistek epaitegietan amaitu dute, aurrez aurre.
Min hori du abiapuntu Little Simzen Lotus diskoak. Sometimes I Might Be Introvert lanak ospea eta argia ekarri zizkion 2021ean. Begirada zabala zuen lan hark, eta keinu egiten zion hala musika beltzaren historiari nola orainari. Ondoren etorri ziren No thank you diskoa eta Drop 7 EPa. Kritikariek onenen pare jarri zuten, eta hainbat sari jaso zituen. Besteak beste, Mercury saria, artista berririk onenaren Brit saria eta hip-hop/rap disko onenaren Libera saria. Esne mamitan zegoen, baina, bat-batean, fokupeko argitik itzalik ilunenera igaro zen. Hala aitortu du zenbait elkarrizketatan. «Lotus diskoa sortzen hasi nintzenean, benetan galduta sentitzen nintzen. Oso garai iluna zen». Hori argi antzeman daiteke diskoan bertan: «Zerura iristeko errezoka ari zara, eta infernura arrastaka eramaten ahalegintzen ari dira».
Lan honetarako Miles Clinton James ekoizlea aukeratu zuen Little Simzek, eta tandem berriak ez du inor oharkabean utzi. Aurreko diskoetan baino instrumental gehiago dauzka, eta pianoaren doinuak ere askotan entzun daitezke. Hori du aldaketa nabarmenena.
Little Simz eta Clinton James, ordea, ez dira bakarrik aritu. Zenbait bidelagun izan dituzte proiektuan. Esaterako, Moses Sumney kantautorea, Lydia Kitto abeslari eta ekoizlea, Obongjayar abeslaria, Michael Kiwanuka abeslaria edo Yussef Dayes perkusionista. Denek hartu dute parte abesti batean edo bestean.
Hitzak gezi
Thief (Lapurra) abestiak zabaltzen du diskoa. Ekoizle eta lagunarekin izandako hausturak hartzen du diskoaren zati handi bat, eta zenbatezinak dira kantuan hari egindako erreferentziak. «Sorginkeriaren mende nengoen, eta orain nire izpiritua esnatu da./ Nire bizitza ezin du inongo paganok kontrolatu./ Zure izena ez zen entzuten zurekin lan egin eta s-s-s pila bat gehitu nizkion arte». Kantuak ez du ezer gordean uzten, baina ondoren etorriko denaren aurrerapena besterik ez da. Izan ere, ekoizlearen ustezko inbidiari ere egiten dio erreferentzia Hollow (Faltsua) kantuan: «Dirua, dirua, dirua, dirua, diruak desorekatu zintuen»; «Niretzat onena nahi duzu, ustez,/ baina begizkoa eta jelosia besterik ez duzu»; «Marrazoekin kontuz ibiltzeko esan zenidan, eta haietako bat bilakatu zinen».
Zuzenean eta aho bizarrik gabe mintzo zaio lagun min izan ondoren ia etsai duenari. Baina dena ez da labana. Dena ez da indarra edo adorea. Zaurgarritasuna erakusten du abeslariak zenbait abestitan, baita ustezko traizioak eragindako mina ere. Garai ilun horien erakusgarri da Lonely kantua (Bakartia). Sentimenduen adierazpen bat: «Bakarrik sentitu nintzen album bat egitean, lau aldiz saiatu nintzen./ Konfiantza galdu nuen, eta ez zenuke sinetsiko zergatik./ Estudioan eserita, burua eskuen artean dudala/ pentsatuz: ‘'Zer egingo dut idatzi ezin dudan musika honekin?'»
Behin baino gehiagotan antzeman daiteke bakardadea eta galduta egotearen sentimendua diskoan. Horregatik, horren aurkako antidoto baten modukoa da Peace (Bakea). Une txar horiei aurre egiteko kantu lasai bat. Moses Sumneyrekin eta Miraa Mayrekin sortu zuen abestia, elkarlanean, eta hala azaltzen du abeslariak: «Leku leun bat da. Zerbait baketsua eta sakona egin nahi genuen; besarkada bat, babes emozional bat, inoiz bakarrik sentitzen ez zaren leku bat». «Ez izan beldurrik erortzen ari zarenean» errepikatzen da abestiaren leloan, urrutiko ahots batek zera xuxurlatzen duen bitartean: «Bake mentala aurkitu behar dut».
Finean, horixe da Lotus; sentimenduen kanporatze bat. Norbere mundu intimoari inolako lotsarik gabe begiratzea eta, batez ere, zauriak osatu daitezen lehen urrats bat egitea.