Logela Multimediak 'Papiro... flexia!' estreinatuko du Dantza Zirkuituan

Hogeita bost taldek 29 lan emango dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 19 herritan, abendura bitartean

Amaren Alabak, Kukai eta Oreka TXren Hostoak ikuskizuna Dantza Zirkuituan izango da. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Beste bost herritara iritsiko da aurten Dantza Zirkuitua. Araban, Dulantzira; Bizkaian, Arrigorriaga, Barakaldo eta Gernikara, eta Gipuzkoan, Tolosara. Hala, nazioarteko zein hemengo 25 konpainiak 29 lan emango dituzte, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 19 herritan urtea amaitu bitartean egingo dituzten 54 emanaldietan. Estilo askotariko obrak aurkeztuko dituzte, dantza garaikidearen esparrukoak denak ere. Eta horien artean zenbait estreinaldiizango dira. Euskal Herriko Ertzaren Act of God eta Logela Multimediaren Papiro... flexia! eta Kataluniako La Intrusa Danzaren Ataraxia, besteren artean.

Egitarau zabala izango du Dantza Zirkuituak, Eusko Jaurlaritzak eta tokian tokiko udalek finantzatuta. 300 bat mila euroko aurrekontua baliatuz, elkarren artean arras desberdinak diren lanak emango dituzte, jende guztiengana iristeko xedearekin.

Adibidez, Jinjo Crew talde korearraren azken lana izango da Dantza Zirkuituan: Translate. Talde horrekbreak dancea egiten du. Ekimenaren antolatzaileen hitzetan, «dantzarien hanken eta besoen mugimenduak sinkronizatzen dituen sinfonia handi bat da» Jinjo Crewren azken sorkuntza. Taldea 2001ean sortu zen, Seulen, eta ordudanik sona handia lortu du break dancearen eremuan. Elorrioko Arriola aretoan (Bizkaia) izango dira apirilaren 10ean. Baina kaleko dantzek tarte zabalagoa izango dute.

Izan ere, Logela Multimediak Zaragozako Circle of Trust break dance taldearekin ondu du Papiro... flexia! deritzon lan berria.Obra horretan, bat egingo dute dantzak eta unean unean sortutako irudiek. Orri zuri batetik abiatuko dira Circle of Trusteko dantzariak eta Logela Multimediako bideo sortzaileak. Modu batera zein bestera tolestuko dute orri zuria, eta konbinazio ugari erakutsiko. Eibarko Coliseon emango dute estreinakoz, maiatzaren 6an.

Asier Zabaletaren Ertza konpainiak hiru lan emango ditu zirkuituan: Zoo eta Ostrukaren zuloa aurrez emanak dauzka Euskal Herriko hainbat tokitan; Act of God, ordea, zirkuituan estreinatuko du. «Erlijioaren egungo kontraesanak» agerian utziko ditu Zabaletak lan horretan. Ez du, baina, erantzun zehatzik emango, «edozein umeren xalotasunetik eginiko galderak» planteatuko ditu, «bizitzari eta fedeari buruzko gai garrantzitsuen inguruan».

Organik eta Matxalen Bilbao

Natalia Mongeren Organik taldeak obra bi emango ditu: Maniatic@s eta Malditas. Eta Matxalen Bilbaok Sast! aurkeztuko du. Mikel Urdangarin musikariak eta Traspasos konpainiak sortutako Nora obra ikusteko aukera ere izango da.

Halaber, kantua, dantza eta musika uztartuz Amaren Alabek, Kukaik eta Oreka TXk elkarlanean osatu duten Hostoak ikuskizuna izango da zirkuituan. Kukaik, gainera, Sok(2) emango du. Eta Euskal Herriko dantza tradizionalen eremu horretan kokatuko dira Maritzuli konpainiaren Aurrez aurre eta Aukeran taldearen Jai Alaiere. Baita Argiaren Axuri beltza ere. Zirkuituan izango dira hiru lanak. Dantzaz taldeak Jone San Martinen Mintzo erakutsiko du; Ion Munduatek, Sin título, en colores; eta Olatz de Andresek, Trivolva.

Horretaz gain, Colombina's taldeak La presentación II emango du, eta Nats Nusek bi lan ekarriko ditu: Maps eta En attendant l'inattendu. Eliralek Otto emango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.