«Loraldia festibala ez da programazio sorta bat bakarrik: estrategia kulturala da, euskarazko sorkuntza garaikideari ikusgaitasuna emateko, publikoa aktibatzeko, eta kultur transmisioa gaurko formatuetara ekartzeko». Amaia Ozerin jaialdiko komunikazio arduradunak definizio horrekin aurkeztu du Loraldiaren anbizioaren neurria. Hamahirugarren aldia du festibalak aurtengoa, eta, guztira, euskaraz sortutako 25 jarduerako programa eskainiko du martxoaren 9tik 28ra bitarte. 249.000 euroko aurrekontua izango du horretarako, eta, besteak beste, hauen emanaldiak izango dira: Ines Osinaga, Iñaki Salvador, Edurne Azkarate, Intza Alkain, Libe Kortazar, Verde Prato, Habia, Miren Agur Meabe, Mari Luz Esteban, Ruper Ordorika, Piszifaktoria laborategia, Atx teatroa, Mizel Theret eta Beñat Axiari. Hilabetez, jaialdiak Bilboko hamaika areto, antzoki eta kaletara eramango du euskarazko kulturgintza, eta, gaur bertan, programazio osoaren hitzaurre modura, Nogen taldeak ezusteko kontzertua egingo du Bilboko Guruzu aretoan, 19:00etan, lorazain direnentzat.
BERRIA da jaialdiaren babesleetako bat. Sarrerak eskuragarri daude loraldiafestibala.eus orrialdean.
Maurizia
Lelo bat izan ohi du jaialdiak urtero, eta Baga, Biga, Higa, Maurizia! izango da aurtengoa. Antolatzaileek tradizioaren eta gaurkotasunaren arteko zubia irudikatu nahi izan dute horren bidez, eta, gainera, erreferentzia zuzena egin diote aurten jaialdiko estreinaldi nagusietako bat izango den emanaldiari ere: Appa Maurizia izenekoari, hain justu. Ines Osinaga eta Lore Argarate dira haren sortzaileak. Iazko Loraldia sormen beka digitala irabazi zuten proiektuarekin, eta martxoaren 13an aurkeztuko dute lehenengoz, Azkuna zentroan.
8D teknologia baliatuko duen instalazio murgiltzaile bat izango da, eta, jaialdiaren antolatzaileek azaldu dutenez, aukera emango du Euskal Herriko folklorea gaur egungo ahots eta teknologiaren bidez birgogoratzeko. Hiru saio emango dituzte, bakoitza 50 minutukoa, eta, Osinagaz eta Argaratez gain, bertan izango dira Amaia Castañeda, Garazi Egiguren eta Dorleta Kortazar ere.
Ikimilikiliklik Vol 2 izango da beste eskaintza nagusietako bat. Loraldiak ekoitzi du ikuskizuna, eta martxoaren 12an taularatuko dute, Arriaga antzokian. Mikel Laboak eta Artze anaiek duela 50 urte sortutako ikuskizunari egiten dio keinu emanaldiak, baina gaur egungo sortzaileek emandako ikuspegia ere biltzen du. Edurne Azkaratek egin ditu zuzendari lanak, eta Iñaki Salvadorrek, Oreka TX-ko Harkaitz Martinez de San Vicente eta Itziar Navarrok, Libe Kortazarrek, Intza Alkainek eta Itziar Garaluzek osatzen dute talde artistikoa. Loraldiak Iruñean udazkenean antolatzen duen Iruñaldian egin zuten lehen emanaldia, iaz, eta laugarren saioa izango dute Bilbokoa.
Emanaldi bereziak
Ane Labakaren Hezur berriak poema liburuan oinarritutako bertso saioa izango da programako lehen ekitaldia, martxoaren 9an. Bira kulturgunean izango da saioa, eta, Labakaz gainera, Ines Osinaga musikaria, Ainhoa Agirreazaldegi gai jartzailea, eta Maialen Akizu eta Miren Amuriza bertsolariak batuko ditu oholtzan. Eta, hain justu ere, bertsolaritzari lotutako saio bat egingo dute martxoaren 10ean ere, Bilboko Kafe Antzokian: musika elektronikoa eta bertsolaritza uztartzen dituen Itzali eta piztu emanaldia. Manex Pagola, Aner Peritz, Nerea Ibarzabal, Haira Aizpurua, Oihana Bartra, Ekain Alegre eta Idoia Anzorandia elkartuko dituzte. BERRIAren babesarekin antolatu dute.
Baina programan badira espresuki jaialdirako pentsatutako hainbat emanaldi ere. Etorkizuna ardatz hartuta urtero antolatu ohi duten saio literarioa da horren adibiderik argiena. Jaialdiaren antolatzaileek, aurtengoan, Miren Agur Meabe idazleari eskatu diote etorkizunari buruzko testua, eta hura izango du oinarri martxoaren 22an Bilboko Guggenheim museoan egingo duten Ahaztu nirekin izeneko saioak. Idazlearekin batera, bertan izango dira Antton Valverde musikaria, Amaia Agirre gai jartzailea, eta Miren Amuriza eta Uxue Alberdi bertsolariak. Elkarrekin osatuko dute guztiek emanaldi hibridoa.
Goroldiorik ez izeneko mendi ibilaldi gidatua da jaialdiaren beste emanaldi propioetako bat. Duela hiru urte egin zuten lehena, eta urtero errepikatu dute geroztik. San Mamesetik Arraitz mendira egiten dute bidea emanaldian parte hartzen dutenek, eta Piszifaktoria ideien laborategiak saiorako prestatutako kontakizuna entzuten dute aurrera egin ahala. Memoria izango du ardatz saioak, eta, gero, helmugan, Habia taldeak kontzertua emango du. Martxoaren 21ean izango da hori.
Kontzertuak eta beste
Formatu klasikoagoko saioak ere izango dituzte, eta jadanik ibilbide esanguratsua egin duten musikari batzuen kontzertuak izango dira tartean. Ruper Ordorikak, esaterako, Arriaga antzokian aurkeztuko du Lurra ikutu barik diskoa, martxoaren 22an. Eta jaialdian parte hartuko dute Eñaut Elorrieta eta Alos Quartet-ek (martxoak 11), Idoiak (martxoak 14) eta Verde Pratok ere (martxoak 15). Nogen taldea ere izango da Arriaga antzokian. Martxoaren 19an izango da haien emanaldia, eta taldearen hamargarren urteurren biraren parte izango da. Antolatzaileek Bozak deitu duten emanaldia ere egongo da martxoaren 27an, Bira kulturgunean. Poesia eta musika uztartuko ditu emanaldiak, eta Laura Sam, Julie eta Heitxi izango dira oholtzan.
Antzerkiak, zinemak eta dantzak ere izango dute beren tokia. Josu Martinez zinemagileak, esaterako, Potasio film laburra estreinatuko du martxoaren 20an, EHUren Bizkaia aretoan. Ez da proiekzio soila izango, ordea: ikus-entzunezkoaz gainera, irakurraldi musikatua ere egingo dute, Jon Alonso idazleak sortutako testu batetik abiatuta. Martinezek eta Alonsok ez ezik, Peio Berterretxe eta Adrian Garcia de los Ojos musikariek ere hartuko dute parte ikuskizunean.
Makur antzerki taldeak Voyage, voyage, urruneko ahotsak pieza jokatuko du Fundicion aretoan (martxoak 15), eta Hegan egiteko gogoa da taularatuko dute Atx konpainiak eta Piszifaktoria ideien laborategiak Azkuna zentroan (martxoak 25). Aukeran Dantza konpainiak familia osoarentzako Amama emanaldia aurkeztuko du Arriagan (martxoak 18). Peru Magdalena idazleak eta Ibon Rg musikariak Lotaldia izeneko ipuin kontaketa musikatua taularatuko dute Itsasmuseumean (martxoak 16), eta Iaiaiai performancea hartuko du Azkuna zentroak martxoaren 25ean.
Martxoaren 23an, Katixa Agirrek Barne zerbitzuak liburua aurkeztuko du Eneko Sagardoi aktorearekin batera, eta, martxoaren 24an, Kontrapas ikuskizuna egingo dute Kafe Antzokian. Patxi Zubizarretak hartuko du parte saio horretan, bai eta Danserie Ensemble antzinako musika taldeak, Mintxo Cemillanek eta Imanol Epeldek ere. Bi dantza emanaldi ere izango dira jaialdian. Gaztedi eta Duguna taldeek martxoaren 28an egingo dute bi saio horietako lehena, Guggenheim museoaren aurrealdean. Eta Mizel Theret dantzari eta koreografoak Beñat Axiari eta Pierre Visslerrekin batera osatutako Hizketak ikuskizuna izango da jaialdiko beste dantza emanaldietako bat.
'Lorazainak'
2017an sortu zuten lorazaina izeneko figura, eta 300 kiderekin hasi zuten bidea. Jaialdiari babesa eman, eta haren programazioa zabaltzen laguntzearen truke, hainbat onura eta eskaintza berezi jasotzen dituzte lorazainek. Doakoa da izen ematea, eta kide egiten direnek merkeago lor ditzakete sarrerak, esaterako. Urteekin haziz joan da komunitatea, ordea, eta, gaur egun, 4.600 lorazain dauzka festibalak. Eta talde horren garrantzia nabarmendu du jaialdiko komunikazio arduradunak. Ozerin: «Haien sostenguari esker hazten da Loraldia, eta haiei esker indartzen dugu euskarazko kultur kontsumoa eta transmisioa».
Lorazain Eguna ere antolatzen dute urtero, eta martxoaren 26an izango da aurten. Emanadia antolatu dute Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Mari Luz Esteban idazleak Maitasuna ez da nahikoa irakurraldi musikatua egingo du bertan, eta Amorante musikariarekin eta Itziar Garaluzea artistarekin batera igoko da oholtzara. Bost euroan izango da saio horretarako sarrera, baina doan sartu ahalko dira lorazainak.
Urte osoko Loraldia
Bilbon sortu zen Loraldia, eta gaur egun ere Bilbokoa du plaza nagusia, baina, antolatzaileek esan dutenez, urte osora zabalduz joan da proiektua, pixkanaka-pixkanaka. Iruñean egiten duten Iruñaldia da horren erakusgarri, baina, horrez gainera, gazteentzako sormen tailerrak ere egiten dituzte duela urte batzuez geroztik, eta Lekeitiora ere (Bizkaia) heltzen da programazioaren adar bat. Edonola ere, onartu dute oraindik Bilboko jaialdia dela eskaintzaren motor nagusia. Iaz, esaterako, 6.000 ikusletik gora bildu zituela esan dute, eta aurten ere kopuru horren bueltan ibiliko direla espero dute antolatzaileek.