Literatura

Lorategi bereko bi landare aurkeztu ditu Susak: 'Zorretan' eta 'Aztitza'

'Zorretan' liburuak Agurtzane Intxaurragaren bi antzezlan bildu ditu: 'Zorretan' eta 'Hitza'. 'Aztitza', berriz, Oier Guillanen 11 lanen bilduma bat da. Biak ala biak Ganbila bildumaren parte dira.

Oier Guillan eta Agurtzane Intxaurraga 'Aztitza' eta 'Zorretan' liburuak eskuetan dituztela. JON URBE / FOKU
Oier Guillan eta Agurtzane Intxaurraga 'Aztitza' eta 'Zorretan' liburuak eskuetan dituztela. JON URBE / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
Donostia
2025eko maiatzaren 29a
15:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Zorretan eta Aztitza liburuak aurkeztu ditu Susa argitaletxeak; lorategi bereko bi landare, bakoitzak bere loreak dituela. Ganbila bildumako 28. eta 29. liburukiak dira, hurrenez hurren, Agurtzane Intxaurragaren eta Oier Guillanen lanak. Lehenengoak Hika teatroaren bi antzezlan ditu oinarrian. Bigarrena, berriz, 11 antzezlanekin osatutako sorta bat da.

Azkenaldian jende askoren ahotan dabil Hika teatroaren Zorretan obra. Donostia antzerki saria jaso zuen iragan martxoaren 27an, eta dFerian gaztelerazko bertsioa estreinatu zuten. Oraindik ere bizirik dago lana, agertokietan ikusi baitaiteke. Baina beste urrats bat egin dute orain: Ganbila bildumara eramatea. Ez da Intxaurragak bilduma horretan parte hartu duen lehen aldia; izan ere, aurrez Arantxa Iturberekin Bidaideak liburua aurkeztu zuen. Orduko hartan Hika teatroak sortutako hiru obra biltzen zituen liburuak, eta oraingoan, berriz, beste bi obra: 2024an sortutako Zorretan, eta 2012an estreinatutako Hitzak. Hamabi urteko tartea dago bataren eta bestearen artean, baina Susako editore Gaizka Sarasolaren esanetan, badituzte puntu amankomunak: «Emakumeari lotutako rola dute erreferentzia nagusi. Rol horiek emakumeei dakarzkien zamak, horretatik askatzeko egiten dituzten ahaleginak, sortzen diren gatazkak... hori dute testuingurua». Liburuaren kontrazalean ere obren elkartzearen arrazoia eman du argitaletxeak: «Hitzek egiten gaituzte, hitzek sortzen dute nahi genukeen mundua, eta bi obra hauek mundu hobeago bat egiten laguntzen digutelakoan gaude».

Agurtzane Intxaurragak berak eman ditu bere bi obren inguruko xehetasunak. Hitzak obra bigarrena da liburuaren ordenan, baina duela hainbat urte oholtzaratu zuen Intxaurragak. Adierazi duenez, bere garaian «inkontzienteki» idatzitako lan bat izan zen, tratu txarrak jasaten dituen emakume orok «zer sentitzen zuen» ulertzeko. Intxaurraga: «Ariketa pertsonal moduan hasi nuen lana, jakin gabe nola bukatuko nuen. Baina, azkenean, istorioa sortzen ari nintzela ohartu nintzenean, benetako indarra hartu nuen pentsatzeko lan hori nola eraman oholtzara». 

Obra horretan ez da kolpe fisikoaz hitz egiten, hitzen inguruan baizik: «Askotan denok ematen ditugulako tratu txarrak hitzen bidez». Hori gorpuzteko, emakume beraren hiru garai kontatzen dira testuan, eta hiru aktorek gorpuztu zituzten antzezlanean. «Lehenengoan, gizonezkoa ezagutzen duen garai zoragarria ikus daiteke, pasioz eta maitasunez betea. Bigarrenean, denbora bat pasatuta, tratu txarrak jasaten dituen emakumea ikus daiteke. Eta, azkenekoan, bere modura askatzea lortu duen emakumea».

Zorretan lanean, berriz, kontrakoa ikus daiteke. «Bikote baten harreman osasuntsua erakutsi nahi nuen, non maitasuna eta errespetua gailentzen diren». Idazteko benetako gogo batetik sortu zen lana, horretarako «beharra» sentitzen baitzuen Intxaurragak. «Ez dut neure burua idazletzat jotzen, dramaturgotzat baizik. Eta Zorretan hori da, Hika teatroak dituen 36 urteek eman didaten eskarmentuan oinarrituta idatzitako testua. Publikoa edo irakurlea hezten saiatu naiz, antzerkia egiteko beste modu batzuk ikus ditzan, hain errazkorrak ez direnak».

11 piezako sorta

Oier Guillan ohituta dago idazketa kolektibora, Metrokoadroka kolektiboko kidea baita. Oraingo honetan, ordea, idazketa pertsonalago batetik sortu du Aztitza, 11 antzezlan laburrez osatutako liburua. Horietatik zazpik oholtzara egin dute salto, bik sareetan egin dute beren bidea, eta beste bi inoiz argitaragabeak dira. Hala laburbildu du Guillanen lana Sarasolak: «Oierri zeharbideetan ibiltzea gustatzen zaio, eta bertzelako antzerki bat posible dela sinesten du. Bere testuetan hitzekin jokatzen du, aunitz; umorea bilatzen du, baina badu baita enpatia handi bat ere, eta horrek poesiara eramaten du».

2017an Mr. Señora plazaratu zuen Guillanek, Txalaparta argitaletxearentzat ondutako testu laburren bilduma bat. Eta Aztitza «ordutik hona bildutako esperientzien lekukotza» dela nabarmendu du autoreak. Aztia testuak zabaltzen du liburua —gaur egun oholtzetan dirauen antzezlana da—, eta ez kasualitatez, egilearen arabera: «Iruditzen zait hor badirela liburu osoa ulertzeko gako batzuk». Haren atzetik datoz, bata bestearen segidan, Lore saltzailea; Brigadista; Gorputz ahaztuen edertasuna; Ukondoa; Bingo nudista; Barraskiloa; Bai, bai eta bai (manifestu erratua); Disekzioa; Detektibe emozionala eta Loaren defentsan.

Egileak adierazi du antzerkia «enpatia ariketa bat» iruditu izan zaiola beti. Hala ere, antzerkilaria elkartasun ariketa hori «usurpazio bilakatzeko arriskuan» egoten dela nabarmendu du: «Zer litzateke antzerkia, deserosotasuna sortzeaz gain, antzezlea bera deserosotasun hori bizitzeko prest egongo ez balitz? Liburu honetan hori izan da ahalegina, enpatia leku deserosoetara eramatea».

Ahalegin horretan, hainbat estilo erabili ditu Guillanek 11 antzezlanetan. Ondorengoak zerrendatu ditu: «Absurdoaren teatroa, ekintza eszenikoetarako gidoiak, elkarrizketak, bakarrizketak, teatro dokumentalaren zantzuak, postmanifestuak eta lan poetikoak». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.