Literatura

Lorategian barrena

Olivia Laing idazleak artea, literatur kritika, politika eta autobiografia uztartzen ditu lorategien historia kulturala biltzen duen 'The Garden Against Time' saiakeran.

Eram lorategia da Unescok Iranen gizadiaren ondare izendatutako guneetako bat.
Eram lorategia da Unescok Iranen gizadiaren ondare izendatutako guneetako bat.
2026ko maiatzaren 17a
04:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Paradisu hitza antzinako persieraz lorategi  esateko erabiltzen den hitzetik dator, pairidaēza hitzetik zehazki; «lorategi harresitua» esan nahi du zehatz-mehatz. Unescok babestutako halako hainbat lorategi daude egun Iranen. Bada, lorategien eta paradisuaren arteko harremana arakatzen duen The Garden Against Time: In Search of a Common Paradise saiakera argitaratu zuen Olivia Laing idazle ingelesak 2024an. Liburuak lorategiaren historia kultural oparoa eskaintzen dio irakurleari, eta kontakizun horretan artea, literatur kritika, politika eta autobiografia uztartzen dira, josturak agerian utzi gabe.

Pasio kolektiboa

Liburuaren abiapuntu pertsonala pandemian zaharberritutako lorategi harresitu bat da. Lorategi hori irudikatu zuen pertsonaren biografiaren bila abiatzen da Laing. Lorategia, jatorriz, Mark Rumery lorezainak diseinatu zuen; gay hitza jendaurrean erabiltzen ez zen garaiko gizon gay bat zen Rumery. Lorezaintza, Erresuma Batuan, obsesio kolektibo bat da, Euskal Herrian sukaldaritzak pizten duenarekin parekatzeko modukoa. Hemen garaiko tomatea non erostea komeni den mintzagai bada, han mintzagai da arrosarik ederrena non lortu. Eta ez da derrigorrez jarduera elitista: hemen gure amen eltzekondo xumea edozein sukaldari berriren ekoizpena baino hobea izan daitekeen bezala, Londresko dorre- bloke bateko balkoi batean ere lore paradisu bat egon daiteke. Azken finean, Laingek dio lorategi bat lorezainaren irudimenaren emaitza dela. Eta lorategia irudikatu eta gauzatu duen pertsona hiltzen denean, lorategia bera ere hil egiten dela. Ez da kasualitatea hizkuntza askotan lorategiez hitz egiteko zaintzaren hiztegia erabiltzea. Zaintzailea hiltzen denean, haren mamua baino ez da gelditzen lorategian.

Mamuak eta iraultzaileak

Lorategiek trauma historikoak ere izan ditzakete. XVIII. mendeko Middleton familiaren bidez, paisaiaren eraldaketa eta lorategi oparoen sorrera esklabotzaren zuritze prozesu gisa aztertzen ditu Laingek. Horren harira, agerian uzten du plantazio hitzaren perbertsio semantikoa: landatzeak bizitzaren potentzialtasuna izendatzen badu ere, Ameriketan sortutako plantazioek tortura eta heriotza ekarri zuten. Plantazioek ekarritako dirutzarekin, Middleton familiak jauregiak, lorategiak eta artea baliatu zituen esklabotzaren sufrimendua estaltzeko. Lorategia paradisua izan daiteke, baina baita, zeharka, nekropolitikaren adierazpide edo lurreko infernu ere.

Horren aurrean, lorategia komuna den horren sinbolo gisa irudikatu dutenak ere izan dira. Laingek sakon eta luze aztertzen du William Morrisen lana. XIX. mendean lorategien diseinua eraldatu zuen eta loreak aberatsen etxe barruetara eraman zituen diseinatzaile ospetsua sozialista bihurtu zen 50 urte ingururekin, jakin ondoren bere negozioa zabaltzeko irekitako lantegi berrietan langileek zer bizi baldintza zituzten. Askorentzat William Morrisen diseinuak tradizioaren parte dira, eta maiz burgesiaren sinbolo gisa hartu izan dira, baina, Morrisen pentsamenduaren arabera, Oscar Wilderenaren antzera, edertasunak herritar guztien eskura egon beharko luke. Morrisen ikuspegia erradikala eta berritzailea zen.

Iaz, Erresuma Batuko V&A diseinu museoak lorategiei buruzko erakusketa zabal eta oparoa egin zuen Eskozian. Erakusketaren eguneroko errealitate materialari eskainitako atalean argi antzematen zen lorezaintzak duen garrantzi kolektiboa. Hain klasista den gizarte batean, klase guztiak zeharkatzen ditu pasio horrek. Erakusketak alderdi sozialak —egunerokoan txertatuak— eta lorezaintzak artean izan duen eraginak zituen hausnarketarako gai. Laing bikaina da bere lorategiaren inguruko afektuak azaltzen. Saiakera argitaratu ondoren, Olivia Laingek A Garden Manifesto liburua ondu zuen hitza eta irudia uztartuz, Richard Porterrekin batera. Lan horretan hainbat artistaren —Derek Jarman, Ana Mendieta, Jamaica Kincaid eta beste askoren— hitzak eta irudiak biltzen dituzte. Lau eskutara egindako manifestu hori Laingen saiakeraren osagarri ezin hobea da.

Lorategi utopikoak

Bi lanetan Derek Jarmanen ekarpena azpimarratzen da. Laingek azaldu du Jarmanen lorategiak piztu ziola interesa. Asko idatzi da Jarmanek Ingalaterrako Kent kostaldeko zentral nuklear baten ondoan, itsasoko haizetik askorik babestu gabeko eremu batean, sortu zuen lorategiaz, baita lorategi horri buruz berak idatzitakoaz ere. Hainbeste aztertutako gaia izan arren, saiakera honetan Laingek egiten duen irakurketa aparta da. Beste ikuspegi bat eransten dio Jarmanen lorategiari. Ohiko interpretazioaren arabera, artistak ihes egiteko eta gaixotasunak markatutako denboraren aurka egiteko eraiki zuen lorategia. Botanika gotorleku bihurtu zitzaion, eta krisi horretan lorategi berritzaile bat sortu zuen, ohikoak ez ziren landare, harri eta eskulturekin. Baina Laingek gehitzen du Jarmanek lorategiaren bidez sendatzen dituela haurtzaroko gabeziak; hau da, Jarmanena ez dela ihesaldi hutsa, baizik eta edertasunaren bilaketa ere badagoela tartean.

Haurtzaroan, gay izanik, barnetegi pribatuetan pairatutako gabeziak eta umiliazioak —haur garaian loreak marraztuz eta artea baliatuz sublimatu zituenak— bere bizitzaren azken kapituluan lore horiei benetako bizitza emanez eraldatu zituen, eta hor aurkitu zuen edertasuna. Horri belaunaldiari buruzko irakurketa bat ere gehituko nioke: askotan alderatu izan da Derek Jarmanen zinemagintza Bill Douglas zinemagile eskoziarrarenarekin; biak iraultzaileak izan ziren LGTB bizitzak kontatzeko orduan. Douglassek haurtzaroa filmetan kontatu zuen; Jarmanek, berriz, haurtzaroan irudikatutakoa bere lorategian gauzatu zuen.

Jarmanek erakutsitako bide berriek egungo lorezain aurrerakoien kartografia osatzen dute. A Garden Manifesto bilduman lorategi dekolonizatzailearen kolektiboa aipatzen da (Instagramen zabaltzen dute haren lana). Ildo berri horretan lorategia modu ekologikoan lantzea proposatzen da, eta lorategi basatien edertasuna aldarrikatzen da. Laingen saiakera krisialdi ekologikoak zeharkatzen du. Lorategi dekolonizatzaileak aldarrikatzen du belar txarren edertasuna, osagai kimikorik erabiltzen ez duen lorezainak lorategi alternatiboa irudikatuko du. Euskal literaturan, Mari Luz Esteban poetak belar txarra aldarrikatzen du, eta Lizar Begoña poetak, existitzen ez diren lorategiak. Oraindik ez dena ere izango da. Laingen saiakeran bezala lorategia eta utopia elkarrekin doaz Lizar Begoñaren Lorategia poeman: «Itsaso Horitik lorategirainoko gepardo japoniarrek / lurralde libre baterantz doazen abereak dirudite». Lorategia erresistentzia berrien eremua da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA