Harrigarria da udaberriak duen liluratzeko gaitasuna: badakizu badatorrela, neguko paisaia itzalita astintzeko indarra duela eta, hala eta guztiz ere, urtez urte harrituta uzten zaituzte egun batetik bestera bazter guztiak bete dituzten hiazintoek, ezerezetik piztu diren gereziondoetako loreek, zelaiak zuriz zipriztintzen dituzten bitxiloreek eta soroen mugak gainezkatzen dituzten mitxoletek. Izpiritu animista itzartzen zait udaberriro, eta ezin dut ekidin pentsatzea Natura dela artisten artean bikainena. Zertarako joan museo batera udaberrian, arrosen botoiak garatzen ikus ditzakezunean?
Zorionez, baina, ez dago aukeratu beharrik: udaberriak irauten duen hiru hilabeteetan badago mendiak eta museoak bisitatzeko denbora. Gainera, artean ere suma daiteke loreekiko miresmena. Izan ere, akademiak lore-pintura deitu izan dena artearen behe mailako tipologiatzat hartu bazuen ere, zein sinesgarritasun eskaini behar diogu emakumeek asmatzeko gaitasunik ez zutela zioen erakundeari? Loreek artisten arreta erakarri dute beti, sorgorra izan behar baita naturaren aberastasun sortzailea ez antzemateko.
Adibidez, Erromako MANen gordetzen den Liviaren lorategia loratzeari egindako ereserki bat da. 23 landare mota irudikatzen ditu eta, urteko garai desberdinetan loratu eta fruituak ematen dituzten arren, guztiak daude beren unerik emankorrenean, eta, hala, lorategi erreal eta utopiko bat sortzen dute aldi berean. Augustoren inperioaren oparotasuna adierazteko naturarena hartu zen eredu, hura baitzen botere inperialaren gainetik zegoen bakarra.
Eta gotiko flandestarra! Lehen begiradan gai erlijiosoa ikusten dugu, Ganteko Bildots Mistikoaren adorazioa, esaterako. Detaileei begiratzen diegunean, aldiz, naturari eskaini zaion arreta gailentzen da, bazter guztiak loretxoz eta belarrez bete baitira. Argi dago loratzea izpirituaren argitzearekin ere lotzen zela eta, berriz ere, naturaren indarra zela Jainkoarekin parekatu zitekeen bakarra.
Lore-pinturaren mila eredu jar genitzake, Durerren estudioetatik hasita, Maria Sibylla Merianen ilustrazio botanikotik pasatuta, Rachel Ruyschen loreontzietara edo Georgia O’Keefferen lore bakan monumentaletara. Mecheleneko mojek lorategi mistikoak egiten zituzten santuen erlikiak urre-harizko loreen artean txertatuta, eta Mary Delanyk paperezko 1.700 mosaiko ondu zituen, bakoitzean lore mota bat irudikatuz. Baina, amaitzeko, udaberriarekin batera Bilbora iritsi zaigun Ruth Asawaren marrazkiak gomendatu nahi ditut. Haren eskultura zintzilikagarriak ikusgarriak direnez, haren loreen marrazki, grabatu eta pinturek ez dute halako arretarik jaso, eta merezi dute. Loreen indarra, fintasuna, garra eta pertsonalitatea irudikatzen asmatu zuen artista amerikarrak; ederrak dira zinez.