Literatura

Loreak eta ispiluak

Ia ehun urteren aldearekin jaio ziren Merce Rodoreda eta Emily Bronte. Bide eta garai desberdinak urratu zituzten, baina Mendebaldeko literaturako klasiko dira egun.

Merce Rodoreda idazle katalana, 1980ko irailaren 24an, irakurketa publiko batean bere lanak irakurtzen. EFE.
2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Batek Merce Rodoreda idazle katalanaren lan bat (eskuarki nobela bat) irakurtzen duenean, oso litekeena da loreek eta lorategiek gogoan arrastoa uztea liburua bukatu ondotik ere, garrantzitsuak eta bizi-biziak baitira haren obra osoan, eta detaile, finezia eta edertasun handiz landuak. Lorezale handia zen Rodoreda, baita aditua ere, eta mundu horrekiko pasioak eta erudizioak idazlan gutxiz gehienak blaitu zizkioten, lore unibertso propio bat osatzeraino. Rodoredaren literaturan, loreek ia berezkoa izaten duten sinbologiak eta jardinek sortu ohi dituzten giroak koska bat gorago egiten dute, eta idazlearen atmosfera propio eta bakarraren ehundura printzipaletako bat bilakatzen dira, baita pertsonaien gradura goratuta ere inoiz.

Zaila da Rodoredari loreen sinbologiarik edo metaforarik gabeko lanik aurkitzea. Diamantearen plaza nobelan, esate txiki baterako, Natalia protagonista sufrituak irudi xume bezain indartsu batekin deskribatzen ditu bere umeak: «[...] ama batek beti puzten ditu gauza hauek neurriz, baina nolanahi ere bi lore ziren. Ez dut esango inongo lehen saria irabazteko adinakoak, baina horixe zirela bi lore». Zenbait kapitulu aurrerago, metafora horrek konparazio forman segitzen du: «[...] nire haurrak gaizki zaindutako loreak bezala ziren». Aloma eleberria ere loreen sinbologiak blaitzen du, eta ia posible da protagonista izenkidearen bilakaerari segitzea loreen erreferentzien bitartez. Hamaika ditu halako adibideak, idazlan ia guztien edozein zirrikitutan sartuak. Urrixeagoak dira jardinak, baina baita poetikoki trinkoagoak ere, kontakizunaren girotzean eragiten baitute zuzenean. Rodoredaren jardinetan jardinena, hain zuzen, Jardí vora el mar (Itsasertzeko lorategia) nobela eder eta oharkabekoan dago, zeinean lorategia orobat baita gertaleku eta protagonista, giro eta pertsonaia. Burges batzuen udako etxeko lorezaina da nobelaren narratzailea, eta, bere apaltasun hunkigarrian, nagusien gorabeherak eta pasadizoak kontatzen ditu, udaz uda. Zaintzen duen lorategia beste pertsonaien eta azpitrama ugarien ispilu eta atze-oihal da, baina atze-oihal aktibo bat, edo erreaktiboa, nondik begiratzen zaion, lekuko bai baina ia kontalari ere bihurtzen da-eta, lorezain narratzailearen graziaz.

«Inoiz edo behin, arima eta zangoak ere salduko nituzkeen jardin apur baten truke», aitortzen du Itsasertzeko lorategia-ko pertsonaia batek, eta irudi du Rodoreda bera mintzatzen zaigula haren ahotik. Izan ere, haren lorategiak paradisu galduaren sinbolo izaten dira, eta umezaro iraganaren nostalgia darie (honela segitzen du goiko aipuak: «Hamabi urte bete arte baino ez da bizitzen pertsona. Eta niri iruditzen zait ez naizela hazi»). Ideia hori agian Itsasertzeko lorategia-n agertzen da bere beteenean, bat egiten baitu lorezain narratzailearen begirada xaloarekin. Baina, girotzeari dagokionez behintzat, Rodoredaren jardinak bestelakoak izan ohi dira; haurtzaro galduaren nostalgia ez da paisaia idiliko batzuetan hezurmamitzen, espazio itxi eta itogarrietan baizik, eta lorategiok paradisu galdu horren ifrentzu perbertsoak dira, protagonisten itomenaren ispilu. Baita, Ispilu hautsia-n bezala, gertaera lazgarrien agertoki ere.

Bronteren paisaiak

Rodoredaren lorategiek, itxura batean behintzat, ez dute zerikusirik Emily Bronteren Gailur Ekaiztsuak-eko paisaiekin. Lorategietako natura bezatua izan ohi da, loreak ebakiak eta sastrakak kimatuak, eta Bronteren nobelak Yorkshire aldeko paisaia zabal eta basatiak ditu gertaleku, non oro baita haizete latz eta ekaitz ukaldi. Eleberri hasieran esplikatzen denez, Gailur Ekaiztsuak etxalde baten izena da, eta han gertatzen da istorio ia osoa. Leku lakarra da eta bakartua, haizete gogorrek zafratua, «erreparatzen bazaio etxearen azken muturreko izei sastar bakan batzuen makurdura gehiegizkoari eta ilara bat elorri ziztrini, denak adar-besoak alde batera luzaturik, eguzkiaren limosnaren irrikaz bezala».

Hori baino gehiago ere bada, ordea. Nobelaren izenburua, etxaldearen izena, guztiak ere eleberri osoaren metonimia dira, eta bi hitz horietan destilatzen dute istorio guztia, Gailur Ekaiztsuetako pasio bortitz eta menderaezinek gainezkatutako kontakizun suharra. Gailur Ekaiztsuek hala izena dute ez bakarrik kanpoko paisaiaren eta eguratsaren kolpeengatik, baizik baita etxalde barruko grinen borbor ekaiztsuagatik ere, zeinean berdin nahasten baitira obsesioa, maitasun pozoitsua, mendekua eta tragedia. Nahaste horrek giro itogarri bat sortzen du, eta paisaia zabal eta nasaiak ia istoriotik kanpo uzten; etxalde kanpoko txilardi eta larreak, girotzearen parte baino gehiago, barruko pasio bihurrituen ispilu dira.

Horrela begiratuta, Bronteren joko literario horrek Rodoredaren girotzeen antz handia hartzen du, nahiz sinbolismoan hura baino koska bat beherago egon (ia ehun urteren aldearekin jaio ziren, eta Rodoredak, XX. mendearen alaba izaki, nabarmen edan zuen modernismo literarioaren iturritik, besteak beste). Egia da, halaber, Bronterenean agian eguraldiak zama handiagoa duela paisaiak baino, horrek hobeto islatzen duenez Gailur Ekaiztsuetako grina bizien aldakortasuna; haren aldean, igual estatikoagoa gertatzen da Rodoredaren jardinetako atmosfera. Baina joko literario bertsua dute biek: zeruak ekaitza badakar, seguru aurki hasiko dela pertsonaiaren bat trumoika. Mendea bete diferentzia gorabehera, bataren lorategi itxiek zein bestearen txilardi basek pertsonaien barru-barruraino jotzen dute, eta, oihartzunetan bezala, baita nobelatik kanpora ere, girotze soiletik askoz haragoko joko literarioetan murgil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.