Luis Villasante euskaltzainburu zenaren idatzizko obra osoa sistematizatu, digitalizatu eta sareratu du Jakin aldizkariaren taldeak Euskaltzaindiaren webgunean, Euskaltzaindiak, Arantzazuko Frantziskotarrek eta Bizkaiko Foru Aldundiak egindako enkarguari erantzunez. Hiru erakunde horiek hitzarmen bat sinatu zuten 2008ko azaroan, eta hitzarmen horretan Villasanteren obra osoaren digitalizazioa gauzatzeko konpromisoa hartu zuten.
«Belaunaldien arteko etenik ez dadin egon» eta euskararen inguruko kultur transmisioan hausturarik gerta ez dadin lagungarri izan daitezke era honetako lanak, Joan Mari Torrealdai Jakin aldizkariko zuzendariaren ustez.
Luis Villasantek 57 urteko epean —1944tik 2000ra arte— argitaratutako 929 idazlan biltzen ditu katalogoak: 41 liburu oso; 106 liburu zati; 769 artikulu ; eta berak sortu, bildu, editatu edo prestatutako beste 13 obra. Horrez gain 315 eskuizkribu, 523 gutun eta 217 argazki ere badira. Idazlan guztiak pdf formatuan eskaintzen dira.
Erlijioa nagusitzen da Villasanteren idazlanetako gaien artean. Guztira, 381 idazlan dira gai erlijiosoei buruzkoak. Euskarak ere —ikuspegi askotatik begiratuta: Euskaltzaindia, normalizazioa, hizkuntzalaritza…— leku handia hartzen du, 298 idazlanetako ardatza baita. Literaturaren inguruan zituen kezken berri ematen dute 198 lanek.
«Euskaltzaindiarentzat Villasanteren figura giltza da, aldi batean berak jakin zuelako orduko gizartearen aurrean Euskaltzaindia bera eguneratzen eta atontzen», Andres Urrutia egungo euskaltzainburuak atzo Villasanteren lanen digitalizazioa aurkeztean esan zuenez. «Gaurko, garai hauetako Euskaltzaindiak badu bere sorrera Villasanteren aldi horretan».
Villasantek egindako «lan handia» laudatu ostean, orain haren ondarea «zale eta aditu guztien eskura» dagoela ohartarazi zuen Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputatuak.Iñaki Beristain Arantzazuko Frantziskotarren Probintziako ordezkariak Villasanteren lana «aitortua» ikusteak «poz handia» ematen diola esan zuen. Miriam Villasante ere, Luis Villasanteren iloba, atzoko aurkezpen ekitaldian izan zen.
Gernikako Errenteria auzoan jaio zen Luis Villasante Kortabitarte, 1920an, eta Arantzazun hil, 2000. urtean. 1951ean izendatu zuten euskaltzain oso. Geroago, 1970ean, euskaltzainburu izendatu zuten, eta akademia modernizatu eta gizarteratzeko lan handia egin zuen. 1988ra arte izan zen euskaltzainburu.
Informazio gehiago bildu edo digitalizazioa kontsultatzeko:
www.euskaltzaindia.net
Luis Villasanteren idazlan guztiak nahi dituenaren eskura daude
'Jakin' aldizkariko taldeak katalogatu, digitalizatu eta Euskaltzaindiaren webgunean sareratu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu