«No need to hurry. No need to sparkle. No need to be anybody but oneself». (V. Woolf)
Lurdes Iriondoren gorespen xume hau Virginia Woolf idazle ezagunaren hitzekin hasi nahiko nuke. Gela bat norberarena saio ezagunekoa, non idazleak emakume sortzaile edo idazleari aholku batzuk ematen baitizkio.
«Ez dago presarik. Ez dago distirarako premiarik. Ezta norbera ez den inor izan beharrik ere». Saio horretan, besteak beste, narratzaileak bizitzari, heriotzari eta benetakotasunari buruz hausnartzen du, eta adierazten du ez dela beharrezkoa arrapaladan ibiltzea edo distirarik bilatzea, baizik eta norbera izatea besterik ez. Ez da gutxi.
Nire iritziz esaldi horrek zeharo ongi islatzen du Lurdes Iriondoren ibilbidea. Ez zuen sekula arrakastaren erreza bilatu, ezta izarraren distira hutsala ere; bere bidea barrutik eraikitakoa izan zen, koherentziatik, konbikziotik eta hizkuntzarekiko konpromiso sakonetik.
Gaztetan ibilbide liriko klasikoa eten behar izan zuenean ere, ez zen beste nor izaten saiatu: euskarazko kantagintzan aurkitu zuen bere ahotsa, eta hortik aurrera, beti izan zen bere-berea, presarik gabe, modurik zintzoenean. Oholtzan eta handik kanpo, sortzaile eta hezitzaile gisa, norbera izate horrek eman zion indarra eta egia bere lan guztiari.
Egia esaten badizuet ere, Lurdes Iriondo ezagutu nuenean, barregurea sortzen zait. Oroitzapenak agertzen zaizkit aspaldiko film baten kadentzia motelaren antzera: Don Boscoko areto abigarratuan gaude, murmurioa baino zarata da nagusi eta, hara non, oholtza ertzean neska ile-luze agertzen den. Tinbre garden batez Flor silvestre campesina abesten hasten da. Gu, orduan, gure gaztetako musika yeye-an murgilduta geunden, Los Brincos eta Duo Dinamico-ren doinuetara ohituta eta ez genion apenas kasurik egin. Lurdes Iriondo izenak ere eskapo egin zigun.
Handik urte gutxitara, aire berria sartu zitzaigun bizitzaren eszenatokian: Ez Dok Amairu. Troupe hura, berritasun-usainez, gure aurrean agertu eta esnarazi egin gintuen. Horien artean, Lurdes bera, garai hartako publikoarentzako izar disdiratsu eta berritzailea bihurtuta. Xabier Lete poeta eta kantaria ezkondu eta bikote ikoniko bihurtu ziren.
Lurdes Iriondo Donostian jaio, baina berehala urnietaratu zen, eta han zendu zen duela hogei urte. Gaztetatik musikaren munduan trebatua izanik, ahots lirikoa garatu zuen, baina osasun arazoek bide klasiko hori eten zioten. Hala ere, hori ez zen amaiera bat izan: norabide aldaketa baten hasiera baizik. Euskarazko kantagintza bihurtu zen bere espazioa, eta espazio horretan aurkitu zuen bere egiazko adierazteko modua. 1964an Andoianen eskaini zuen euskarazko lehen emanaldia, eta 1965eko Loiolako Herri Irratian grabatutako kantu haiek bihurtu zuten Euskal Herri osoan ezagun. Emakume euskaldun bakarlari baten irudia, gitarra batekin, garai hartan oso arraroa zen; baina Lurdesek naturaltasunez eta irmotasunez ekarri zion euskal publikoari estetika eta ahots berri bat.
Horregatik, gaur Lurdes Iriondo gogoratzea ez da iraganeko irudi bat berreskuratzea soilik; gure hizkuntzaren eta gure kulturaren berreskurapenean ezinbesteko zutabe izan zen emakume bati aitortza egitea da
Ez Dok Amairu mugimenduaren sorreran eta garapenean funtsezkoa izan zen Lurdes. Oholtza gaineko presentziaz gain, taldearen eguneroko antolaketa eta dinamikan ere ekarpen handia egin zuen: agenda, jaialdien kudeaketa, komunikazioa, idazkaritza. Mugimenduaren motor isiletako bat izan zen, eta bere ikuspegiak argi adierazten zuen abestiaren balioa: abestia herriari bere arazoez hitz egiteko modu bat zen. Lurdesen interpretazioetan samurtasuna eta irmotasuna batzen ziren, eta bere ahotsak belaunaldi oso baten kontzientzia berritu zuen.
1960ko hamarkadaren amaieratik 1970eko hamarkadaren hasierara arte, herriz herri egin zituen ehunka jaialdi, eta garai hartako euskal kulturaren izar handienetako bat bihurtu zen. Nik baino hobeto ezagutu zutenek beti nabarmendu izan dute haren nortasuna: gozoa eta irmoa aldi berean. Ez zen inoiz bilatu gabeko distiraren bila ibili, ez zuen nostalgia idealizatuaren atzetik bizi nahi izan. Bere ibilbideko erabakiak argi eta garbi hartzen zituen, eta tinko eusten zien hartzen zituen bideei. Agertokietan distiratsu agertzen zen, baina egunerokoan ere, sortzaile fina eta hezitzaile aparta zen.
Baina 1978an osasunak agertokietatik jaistera behartu zuen. Hala ere, bere sorkuntza eta konpromisoa ez ziren amaitu; bide berriak ireki zituen. Antzerkigintzan parte hartu zuen lehenik Zazpiribai bezalako ikuskizunetan, poesia, musika eta antzerkia uztartzen zituzten proposamen berritzaileetan. Eta ondoren, bere ondare iraunkorrenetako bat sortu zuen: Urnietako Buruntza antzerki taldea, haur eta gazteekin. Haientzat antzezlanak idatzi zituen, eta euskarazko antzerki pedagogikoaren lehen oinarriak jarri zituen, garai hartan oso gutxi baitzegoen euskaraz.
Literaturan ere aitzindari izan zen. Haur eta gazte literaturaren hastapenetan bere lanek funtsezko rola izan zuten: Martin arotza, Jaun deabrua, Sendagile maltzurra (1973), Buruntza azpian (1979)... Ikastolen lehen urteetan irakasle askoren eskura zegoen euskarazko material urria osatzeko ezinbesteko erreferentzia bihurtu ziren bere obrak. Hondar-hondarrean, Lurdesek hutsune bat bete zuen: haurrei eta gazteei euskarazko irudimena eskaintzekoa. Euskararen berreskurapenean saiatu zen bezala, haur literaturan ere material eta ekitaldi ugari utzi zizkigun agian behar bezalako aitortza eta errekonozimendua jaso ez dutenak.
Horregatik, gaur Lurdes Iriondo gogoratzea ez da iraganeko irudi bat berreskuratzea soilik; gure hizkuntzaren eta gure kulturaren berreskurapenean ezinbesteko zutabe izan zen emakume bati aitortza egitea da. Bere kantuetan, bere antzezlanetan, bere narrazioetan eta bere bizitzeko modu koherentean bizirik jarraitzen du, eta haren izarrak, izarren antzera, bidea argitzen segitzen du oraindik ere.