Lurdes Iriondoren ipuinak eta antzezlanak berreskuratu dituzte bi liburutan

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aztarna argitaletxeak 'Ipuinak' eta 'Antzezlanak' liburuak argitaratu dituzte. Lorea Jainaga eta Alexander Gurrutxaga dira egileak, eta Iriondok haur eta gazteen literaturarako egindako lanak daude oinarrian.

'Ipuinak' eta 'Antzezlanak' liburuen egileak gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
'Ipuinak' eta 'Antzezlanak' liburuen egileak gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Donostia
2026ko apirilaren 20a
19:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Han zegoen Lurdes Iriondoren obra, norbaitek egin zezan zain, bildu eta denen eskura jartzeko», adierazi du Alex Gurrutxagak, bai eta egin ere. Lorea Jainagarekin batera Ipuinak eta Antzezlanak liburuak ondu ditu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aztarna argitaletxeak eman dituzte argitara. Iriondok haur eta gazteentzat egindako hainbat eta hainbat ipuin berreskuratu dituzte: Buruntza azpian (1975), Asto baten malura (1976), Hego haizearen ipuinak (1973)... Baita antzezlan batzuk ere, tartean inoiz argitaratu gabeko obra bat: Fabrika berria. Orain, edonoren esku dago Iriondoren ondare literarioa.

Iazko abenduan hogei urte bete ziren Iriondo hil zela. Efemeridea aitzakia gisa hartuta, zenbait egitasmo eta omenaldi egin zizkioten: besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina jaso zuen abeslari eta idazleak. Joxan Goikoetxea Aztarna argitaletxeko zuzendariaren ustez, baina, legatua bera da horren guztiaren artean garrantzitsuena: «Legatuak gelditu behar du nonbait, hurrengo belaunaldiak nonbaitetik hasi behar duelako Iriondo bezalako figuretara hurbiltzen». Goizane Alvarez Kulturako diputatuak, berriz, esan du aitortza lan bat dela: «Memoriari ate berri bat ireki diogu, ez baitago galtzea baino gauza arriskutsuagorik. Are, gizarte aurrerakoi, justu eta feminista baten alde egiten jarraitu nahi badugu».

Transmisioaren eta memoriaren garrantzia azpimarratu dute egileek, eta orain arte Iriondoren inguruko lanak falta izan direla nabarmendu du Gurrutxagak. Ohartarazi du horrek eragina duela transmisioan: «Sekulako etena sortzen du lanen faltak. Ez da posible Iriondoren neurriko artista batek bere obra egoera horretan izatea gaur egun». Jainaga bat dator harekin, eta azpimarratu du beharrezkoa dela ikertzen jarraitzea, «transmisioa eten ez dadin»: «Espero dugu Iriondoren obren inguruan hitz egiten jarraitzea, haren figura aldarrikatzeko».

Galbaheak bilaketan

2022an hasi ziren Jainaga eta Gurrutxaga Iriondoren lanen inguruko ikerketan pentsatzen. 2023an eman zuten lehenengo pausoa: Zornotzako Udalak antolatzen duen Santiago Onaindia bekara ikerketa proposamen bat aurkeztu zuten. Bi urteko lanaren ostean, 2025ean aurkeztu zuten horren fruitua: Lurdes Iriondo, bide-urratzailea. Gurrutxagak azaldu du lan horretan murgilduta zeuden bitartean arazo nabarmenak atzeman zituztela Iriondoren corpusa osatzeko: «Arazoak genituen testuak lortzeko, kantuak zehazteko, diskoak lortzeko... Liburu asko deskatalogatuta zeuden, xahututa, zaharkituta eta gaizki jasota». Ondorioz, orain arte egin diren ikerketetan akatsak daudela adierazi du.

Egileek hiru erronka jarri dizkiote beren buruari. «Lehena, Iriondok argitaratu zituen testu guztiak bildu behar genituen», azaldu du Jainagak. Eta hala egin dute. Horretarako, Iriondoren familiaren laguntza «funtsezkoa» izan dela esan du Gurrutxagak: «Adeitasunez utzi digute materiala kontsultatzen, eta horri esker zehaztu ahal izan dugu argitaratu gabe zegoen testu bat». Bigarren erronka, berriz, hizkuntzaren ingurukoa izan dela adierazi du Jainagak: «Gaurko edizio bat izan behar zuen hizkuntzari dagokionez, baina jatorrizko espiritua mantenduta». Lan horretan, Jose Luis Aranguren Txiliku-k izandako garrantzia nabarmendu du. Liburuaren itxura fisikoa izan da azken erronka, eta Maite Gurrutxaga ilustratzailea arduratu da hortaz. «Ez du lan erraza izan Iriondoren arima nola jaso erabakitzeko. Jatorrizko irudia gogoan hartuta, irudi berriak sortu ditu».

Edonola ere, Gurrutxagak argi utzi nahi izan du lana aurkeztu duten arren ez dela amaiera bat: «Guretzat geldialdi bat hasi da orain, baina espero dugu liburuentzat hala ez izatea. Abiapuntua izatea nahi dugu, ikerketa berrientzat eta ikastetxeetan egiten diren lanentzat. Haria loditu egin da, eta ez da etengo».

iriondo omentzeko ikuskizun bat

Isilarazitako ahotsa izenpean, Lurdes Iriondoren figura eta obra omenduko dute gaur, 19:30ean, Bilboko Arriaga antzokian. Poesia eta musika uztartzen ditu ikuskizunak, eta abeslari eta idazlearen ahotsa berpiztea du xede. Lau artistek elkarlanean ondutako obra da. Ainhoa Ansak eta Irati Odriozolak, gitarraren akordeekin batera, ahotsa jarriko diete Iriondoren kantuei. Gari Amundarainek gitarra joko du, eta Jon Martin Etxebestek poesiak errezitatuko ditu. Egileek hala antolatuta, zenbait atal izango ditu ikuskizunak: haurtzaroa, musika, maitasuna, gaixotasuna, haurrak, euskara eta emakumea. Sail bakoitzean poema bat errezitatu eta abesti bat kantatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA