KRITIKA. Antzerkia

Lurra eta odola

Agus Perez.
2025eko urriaren 7a
06:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

‘La barraca’

Jatorrizko testua: Vicente Blasco Ibañez. Egokitzapena: Marta Torres. Zuzendaritza: Magui Mira. Musika-konposizioa: Santi Martinez. Eszenografia: Curt Allen, Leticia Gañan. Argiak: Jose Manuel Guerra. Jantziak: Helena Sanchis. Antzezleak: Daniel Albaladejo, Antonio Hortelano, Patricia Ross, Jorge Mayor, Antonio Sansano, Claudia Taboada, Elena Alférez, Jaime Riba. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urriak 3.

Nagi handiekin joan naiz La barraca antzezlana ikustera, are handiagoekin jakitean Magui Mira zela zuzendaria baina, gauzak zer diren, antzezlan sendo, garaikide eta ondo eraikia aurkitu dut Bilboko Arriaga antzokian.

Garai bateko Bilbon bigarren mailako ikasketak egiten genituenean Vicente Blasco Ibañez zen XIX. mendeko valentziar literatura erregionalistaren izen bakarra, betiere Herri Katalanei emandako bigarren mailan kokatua —asmatu orain zein ote zen lehena—, eta seguruenik estimatua zen gaztelaniaz idatzi zuelako bere eleberri ezaguna. Katalunian loratu zen Renaixença (Berpizkundea) beranduago ailegatu zen valentziar lurraldeetara, eta horrek azalduko luke La barraca enblematikoa gaztelaniaz sortu izana, haren kokapena eta tematika Valentziako Horta eskualdean kokatuak izan arren. Hango diglosia zertan den argitzeko esango dut Franco hil berritan Octavi izeneko valentziar batek azaldu zigula bere amamak uste zuela planeta osoan hitz egiten zela valentzieraz. Nola bestela? Ba al zegoen, akaso, beste hizkuntzarik?

Esan bezala, obra sendoa aurkitu dugu oraingo eszenaratzean, eta horretan pisu handia dagokio Marta Torresen moldatzeari, etekin handia atera diolako testuaren naturalismoari, giza miseriak eta orduko injustizia gordinak lehen planora ekarriz eta argumentuaren muina lurraren eta odolaren inguruan eratuz.

Bestetik, goraipatzekoa da Magui Miraren zuzendaritza lana, dramaturgia dinamiko baina neurtuaren bidez arindu duelako testuaren pisu narratiboa. Antzezle taldearen kohesioa lantzeaz gain, bere onena atera du aktore bakoitzarengandik eta antzezpen ez naturalistak bilatu ditu, kontuan hartuta, gainera, haietariko batzuek rol desberdinak jokatu dituztela, sinesgarritasun osoz beti eta itxura fisikoa ia aldatu gabe.

Eremu eszenikoaren diseinuan rol nagusia jokatu dute hamabosna ispiluz osaturiko bi panel inklinatu handik, haietan ezin hobeto islatzen zelako eskualdearen paisaia zapala, eta beste batzuetan haiekin osatu delako valentziar barrakaren irudia bere triangelu altuko forma bertikalean. Musikak ere jokatu du girotze rol aberasgarria, eta antzezleen desplazamendu koreografikoek dramaren laztasuna samurtu dute, dantzaren mailara iritsi nahian kalitate nahikoa erdietsi ez duten arren. Hala ere, izaera poetikoa hartu dute askotan gorputzen disposizioek, eta gogobeteta irten gara emanalditik, betiko antzerkiarekin adiskidetuta.         

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.