Zinema. Estreinaldiak

Lurralde kolpatua

Claire Denis zuzendari frantziarrak Afrikako edertasuna eta gordintasuna jaso ditu 'White Material'-en

Isabelle Huppert aktorea kafe sail bateko jabea da White Material filmean. - / BERRIA.
Gontzal Agote.
2011ko ekainaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Out of Africa ezagunean Meryl Streepek etxalde bat zuen African. White Material-en, berriz, Isabelle Huppertek kafe sail bat du kontinente horretan, zehaztu gabeko herrialde batean. Kolonialismo molde berriari eta Afrikako edertasun eta gordintasunari begiratu die berriro ere Claire Denis zuzendariak.

Frantziarraren filmografian askotan agertzen baita Afrika. Haren lehen bi filmak — Chocolat (1988) eta S'en fout la mort (1990)— han filmatu ziren, baita bere orain arteko pelikularik ezagunena ere, Beau Travail (1999), Herman Melvilleren Billy Budd istorioan oinarritzen zena. Baina beste zuzendariek ez bezala, Denisek ez du erabiltzen kontinentea eszenatoki huts gisa, hango errealitatean arakatzen saiatzeko baizik.

Halaxe egin du White Material-en ere. Mariak (Isabelle Huppert) sail handia du, herrialdearekin lotzen duen gauzarik garrantzitsuena da, ondoan dituenek—senar ohia (Christopher Lambert) eta semea (Nicolas Duvauchelle)— ez baitiote laguntza handiegirik ematen. Egoera ez da batere samurra, gerra zibil gordin baten atarian dago herrialdea, eta matxinoen eta gobernuaren armadaren arteko oreka ezinezkoa mantendu beharko dute white material diren kolono europarrek.

Egoera zail horretan, Mariak herrialdea uzteko aholkua jasoko du behin eta berriz, baina hark ez du saila inolaz ere utzi nahi. Kafearen bilketa hastear da, eta uzta hori obsesio bilakatuko da harentzat. Han eta hemengo tiro hotsen artean, bere ohiko errutinarekin segitzen saiatuko da Maria.

Isabelle Huppert handia da filmeko protagonista nagusia. Claude Chabrolen aktore kutuna izandakoak oso ongi aukeratzen ditu lan egin nahi duen filmak, eta Claire Denisen aukera ederra eman dio bere interpretazio dohain handiak beste behin ere agerian uzteko.

Dagoeneko bere hurrengo erronka prestatzen ari da Huppert, Michael Hanekeren film berrian protagonista izanen baita aktore frantziarra.

'WHITE MATERIAL'

Zuzendaria: Claire Denis.

Aktoreak: Isabelle Huppert, Christopher Lambert, Nicolas Duvauchelle.

Herrialdea: Frantzia.

Urtea: 2009.

Iraupena: 105 minutu.

Estreinaldia: Etzi estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.