Musika

Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoa, Kursaalean oholtzaratzeko prest

Orkestrak bi kontzertu emango ditu 85. Musika Hamabostaldiko Kursaaleko Auditoriumeko zikloan: gaur lehena, Bruce Liu pianistarekin, eta bihar, Easo abesbatzarekin zein Alexander Vinogradovekin.

Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoaren prentsaurrekoa, gaur, Donostiako Kursaalean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoaren prentsaurrekoa, gaur, Donostiako Kursaalean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Garazi Karrera
Donostia
2024ko abuztuaren 1a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoak emango dio hasiera Donostiako 85. Musika Hamabostaldiko Kursaaleko Auditoriumeko zikloari, Gustavo Gimeno Valentziako (Herrialde Katalanak) zuzendaria buru duela. Bruce Liu pianista gaztea izango da gaur orkestrarekin batera, 20:00etan, Saint-Saensen Bosgarren kontzertu egiptoarra eta Mahlerren Bosgarren sinfonia interpretatzen. Liurekin elkarlanean aritzeko proposamena Gimenoren eskutik etorri zen: «ez dut inolako zalantzarik datozen urteetan Liuren izena sarritan entzungo dugula, piano jotzaile aparta delako. Argi dago nazioarteko ibilbide oparoa izango duela, 2021ean Varsoviako Chopin lehiaketa irabazi zuenetik». Halaber, orkestrako zuzendariak nabarmendu duenez, lehen aldia izango da pianistak Euskal Herrian joko duela.

Biharko emanaldian, berriz, Easoko abesbatza eta Alexander Vinogradov baxu errusiarra batuko zaizkio orkestrari. Dmitri Xostakovitx Sobietar Batasuneko musikagilearen «estreinaldia» izango dela aitortu du Patrick Alfaya Donostiako Musika Hamabostaldiko arduradunak; lehen aldia izango baita musikagile horren Stepan Razinen Exekuzioa Hamabostaldiko programan egongo dena. Gimenok azaldu duenez, ez Vinogradovek, ezta orkestrako musikariek ere, ez zuten aurrez Xostakovitxen kantata ezagutzen. «Oso obra esanguratsua da, oso ongi konposatua eta garai gogorretan sortua. Gainera, ezezaguna den hori publikoari aditzera ematea izugarria iruditzen zait», gehitu du orkestrako zuzendariak.

Dena den, Gorka Miranda Easoko abesbatzako zuzendaria Xostakovitxen kantataren jakitun zen, baina zenba eta gehiago landuta, orduan eta «sorpresa» gehiago jasotzen dituela onartu du: «Azkenera arte gauza berriekin topatu gara, sekretu asko ezkutatzen dituen lana da eta. Teknikoki oso lan zaila izan arren, kantata horrek ezkutatzen dituenak topatzea aberasgarria da, alderdi musikaletik zein estramusikaletik asko duelako».

Jevgeni Jevtuxenko errusiar poetaren testuak ere biltzen ditu Xostakovitxen kantatak, eta Easoko abesbatza arduratuko da horiek kantatzeaz, Vinogradovek bakarlari lanak egingo dituen bitartean. Bakarlariaren lan «bizi eta sutsua» nabarmendu du Alfayak Vinogradovri begira; besteak beste, pertsonaia ezberdinak interpretatu behar dituelako. Baxu errusiarrak antzerki obra baten antzekoa dela erantzun dio, eta ez dela nahikoa musikaren doinuak abestea; pertsonaien azalean sartu, eta horiek ahalik eta ondoena interpretatu behar direlako. Beraz, erronka «handi bat» duela sentitzen du Vinogradovek: «Narratzailearen, heroiaren eta herritarren indarraren artean tonu egokia topatzea izango da helburua».

Era berean, biharko kontzertuaren bigarren zatia Hector Berliozen Sinfonia fantastikoa obrak osatuko du. 1830ean estreinatu zenean sinfoniako artearen konbentzio askorekin hautsi zuen sorkuntza izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.