Luzia Urigoitiaren kasuaren inguruko film dokumentala ondu du Lander Garrok: 'Lutxi eta zuhaitza'

1987an Guardia Zibilak tiroz hildako ETAko kidearen kasua abiapuntu hartuta, memoria politikoaren eraikuntza eta kontakizunen arteko borroka jorratzen ditu filmak. Otxandioko herritarren ekimenez sortua da, eta fikzioa eta dokumentazioa uztartzen ditu.

Iñaki Garces eta Luzia Urigoitia 1985ean, elkarrekin erbesteratu zirenean. AURRERA BEGIRA
Iñaki Garces eta Luzia Urigoitia 1985ean, elkarrekin erbesteratu zirenean. AURRERA BEGIRA
edurne begiristain
2026ko apirilaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zuhaitz batek ez du aukeratzen zer gogoratu eta zer ahaztu. Enborretako eraztunek bizipenak pilatzen dituzte, urtez urte eta geruzaz geruza, eta iraganaren kontakizun zehatza eta fidagarria ematen dute, kasik interpretaziorik gabea, «manipulagaitza». Eraztun bakoitzak zuhaitzak bizi eta jasandakoaren berri ematen du: lehorte, eurite, sute, ekaitz, izurrite... Gizakien memoria, ordea, guztiz bestelakoa da: hautatua, moldatua eta eztabaidatua izan daiteke, eta, sarri, baita «hauskorra» eta «gatazkatsua» ere.

«Paradoxa» horren inguruan eratu du Lander Garro zinemagileak Luzia Urigoitia Lutxi etakidearen heriotzaren inguruko film dokumentala: Lutxi eta zuhaitza. 1987ko uztailaren 23an, Guardia Zibilak ETAko Donosti komandoaren aurka egindako polizia operazio baten barruan hil zuen Urigoitia, Pasaiako (Gipuzkoa) Trintxerpe auzoko etxebizitza batean. Bertan zeuden Alicia Pereira, Manuel Muiños eta Urigoitia bera; Pereira eta Muiños atxilo eraman zituzten, baina Urigoitia ez zen bizirik irten etxetik: bi tiro eman zizkioten, haietako bat buruan. Bertsio ofizialak tiroketaren teoria zabaldu zuen, baina lehen azterketa forentseek bestelako zantzuak agertu zituzten: garondoan hartutako tiro batek hil zuen. Auzia duela 26 urte itxi zuten epaitegietan, baina zer gertatu zen guztiz argitu gabe dago oraindik.

«Lutxiren kasuan memoria ariketa egitea bereziki zaila izan da, jazarpen politiko handia egon delako»

LANDER GARROZuzendaria

Gertaera hark parada eman dio Garrori memoria politikoaren inguruko gogoeta zabalagoa egiteko, eta, hala, memoria ofizialaren eta herriaren memoriaren arteko talka hori bistarazteko baliatu du filma: «Azken urteetan errelatoaren borroka egon da: nire egia inposatuko dut eta zurea ukatu».

Urigoitiaren kasua horren adibide garbia dela dio Garrok. Bertsio ofizialak zuloak izan ditu, eta trabaz beterikoa izan da, Urigoitiaren sorterri Otxandion (Bizkaia) haren memoria plaza publikora eramateko egindako eginahalak gorabehera. Izan ere, urteetan, herritarrek hainbat saiakera egin dituzte bizilagun zutenaren memoria bizirik atxikitzeko: plaka oroigarri bat jarri zuten, horma irudi bat margotu, omenaldiak antolatu... Baina, gehienetan, oroimen ekitaldi horiek jazarriak izan dira: ezabatu egin zuten horma irudia, kendu plakak, debekatu omenaldiak, eta atxilotu eta epaitu haien antolatzaileak. «Lutxiren kasuan memoria ariketa egitea bereziki zaila izan da, jazarpen politiko handia egon delako», esplikatu du zuzendariak.

Herriak bultzatutako lana

2023an iritsi zitzaion Garrori Urigoitiari buruzko dokumentala egiteko proposamena. Otxandioko herritarrek sortutako Aurrera Begira elkarteak egin zion eskaintza, eta elkarteak berak hartu zuen lana finantzatzeko eta dokumentatzeko ardura nagusia ere. «Auzolanaren ondorio da pelikula, txikitik egindakoa».

Zuzendaria ez ezik, dokumentalaren gidoilaria eta editorea ere bada Garro. Ander Salsamendi eta Mattin Saldias dira argazki zuzendariak —«dokumentalaren edertasuna haien lan txukunaren ondorio da», azaldu du Garrok—, eta Olmo Cascallar arduratu da musikaz. BERRIA da filmaren babesleetako bat.

Garrori ez zitzaion arrotz egiten Urigoitiaren kasua; Trintxerpekoa du familia, eta, kontatu duenez, etxeko elkarrizketetan maiz izaten zituzten presente gatazka politikoari zegozkion albisteak, eta ongi gogoan du Urigoitia hil zutenekoa. Filmari ekiteko erronkari heldu zionean eta auziari buruzko informazioa biltzen hasi zenean, ohartu zen aferaren tamaina eta konplexutasuna ez zela nolanahikoa. «Normalean ez da lan konplexua izaten niretzat dokumental bat egitea, baina kasu honetan bai», aitortu du. Kasuak ñabardura ugari ditu, eta, gainera, bertsio ofizialak aldaketa asko izan ditu denboran zehar. Horrek guztiak kontakizuna eraikitzea zaildu zion, aitortu duenez.

Lutxi eta zuhaitza
Lutxi eta zuhaitza filmaren fotograma bat. ZIGOR GARRO

Filmak egitura geruzatua du: hamabi ataletan banatua dago, zuhaitz baten eraztunetan irudikatuta. Geruza bakoitzak informazio zati bat du gorderik, ikusleak kontakizunaren hari kronologikoari jarrai diezaion. Ikerketa forentsea da lanaren bizkarrezurra: Paco Etxeberria auzi medikuaren azalpenei esker, azterketa forentsearen ñabardurak jakiteko aukera dago, hura izan zelako gertakariak izandako lekura epailearekin batera iritsi ziren lehen pertsonetako bat. Hari juridikoa, berriz, Iñigo Iruin abokatuak josi du —familiaren akusazioa izan zen, eta kasuaren zirrikituen berri ematen du—, eta kontakizunaren gidaritza Maider F. Galardi kazetariaren esku dago —kasua aztertu du, memoria politikoaren eta euskal gatazkaren kontakizunaren inguruko eztabaidara ekarriz—.

Horietaz gain, testigantza zuzenak bildu ditu Garrok, hala nola Alicia Pereira Muiñosena, zeina atxilo eraman zuten Guardia Zibilaren operazioan; Iñaki Garcesena, Urigoitiarekin batera Ipar Euskal Herrira ihes egindakoa bera; eta Gorka Imaz eta Elisabete Kapanaga Urigoitiaren senideena ere. Ikuspegi historiko eta filosofikoan sakontzen duten ahotsak ere jaso ditu filmak: Javier Buces historialariarena, Jule Goikoetxea filosofoarena eta Nere Amaia Laskurain biologoarena. Eta Urigoitiaren aldeko omenaldia antolatzeagatik atxilotu, epaitu eta zigortutako Asier Duranen lekukotzak ere badu bere tokia. Iritzi horiek guztiak hartu eta «ahots bakar bat» osatu du zuzendariak, «orkestra batean bezala».

Fikziozko zatiak

Ikerketa eta kronika historikoa fikziozko pasarteekin uztartuta ageri dira filmean, non fikzioa iragana irudikatzeko tresna bilakatzen den, «izan zenaren hipotesi kasik literario gisa». Bi planoak uztartzeko erabakia zinemaren logikarekin lotu du Garrok: «Zinemak ezinbestean erakutsi behar du, ezin duzulako iragana kameraren aurrean jarri; horretarako trikimailu bat fikzioa da».

Fikziozko atal horretan giltzarria izan da Olaia Aguayo aktorea —berak hartu du Urigoitiaren rola—. Garrok dioenez, Aguayok «espresio samurra eta begirada gogorra» ditu, eta horrek aukera eman dio pertsonaiaren barne tentsioa irudikatzeko. Harekin batera aritu dira Xabi Lopez, Alain Lersundi, Joserra Fachado, Aitor de Kintana, Garazi Urkola, Xabier Matxain, Gontzal Royuela, Asier Urbulu, Luix Mitxelena eta Arnatz Puertas aktoreak. Tolosako (Gipuzkoa) Leidor antzokian sortutako platoan grabatu dituzte polizia operazioaren eszenak, eta Urigoitiak Otxandiotik ihes egin zuen garaia kontatzeko, berriz, Ipar Euskal Herriko zenbait tokitan izan dira filmatzen.

Lutxi eta zuhaitza
Lander Garro zuzendaria eta Olaia Aguayo aktorea filmaren grabazioan. ZIGOR GARRO

Tentsio narratiboari eusteko, «ia thriller baten gisara» pentsatu dute filma. Horretan garrantzi handia izan du Cascallar musikagileak sortutako soinu bandak. «Hasieran, pentsatzen genuen musika melodikoagoa behar genuela, baina gero konturatu ginen atmosferak behar genituela», azaldu du Garrok. Musikari eta muntaketari dagokienez, bereziki zaila egin zitzaion «tekla egokia» aurkitzea, pieza guztiak ongi egokitzen direla sentiarazten duen puntua lortzea, aitortu duenez.

«Garrantzitsua da kasu hau euskal ikus-entzunezkoen memoria kolektiboan egotea. Eta bost, hamar edo hirurehun urteren buruan ere, hor egongo da»

LANDER GARROZuzendaria

Dokumentalaren helburuaz ari zela, zuzendariak ñabardura garrantzitsu bat egin du: asmoa ez du izan auzia argitzea, ezpada Lutxiren istorioan sakon murgiltzea, «buruarekin zein gorputzarekin». Hortik abiatuta ikus-entzunezko «artefaktu» bat sortzea izan du helburu, «karga historiko eta emozional osoa transmititzeko gai izango dena». Horretarako, ezinbestekotzat jo du pertsonaiak, garaia eta testuingurua ongi ulertzea, eta ondoren, «intuizioaren» bidez, hori guztia ikusleari helaraztea.

Lanaren elementu sinboliko nagusia zuhaitza da, memoriaren «zaindari» absolutua. Haren metaforak harilkatzen du film guztia, hasi eta buka. Garrok dioenez, Goikoetxeak Paul B. Preciado filosofo eta idazlearen teoriari helduta egiten duen gogoetan dago filmaren funtsa: «Gorputza somateka bat da, eta bere begirada eta hitz bakoitzean gordetzen du memoria politikoa». 

Filmak ere memoriaren gordailu izan nahi du, Garrok esplikatu duenez: «Garrantzitsua da kasu hau euskal ikus-entzunezkoen memoria kolektiboan egotea». Eta aurrera begira ere badu funtziorik: «Bost, hamar edo hirurehun urteren buruan, hor egongo da». Ikuslearengan, berriz, erreakzio bat piztu nahi duela azaldu du: interesa, hunkidura eta gogoeta. «Balio beza hausnartzeko zer mundutan bizi garen, zer kontatu diguten, eta zer dagoen horren azpian». Azken batean, Lutxi eta zuhaitza ez da heriotza baten inguruko film hutsa: memoria politikoaren inguruko gogoeta bat ere bada, zuhaitzen gisara geruzaz geruza eraikitako memoriarena, baina, haiena ez bezala, «bizia» eta «etengabe birsortzen» dena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA