Bertsolaritza

Maddi Ane Txoperena nagusitu da Aiherran

415 puntu eskuratu ditu Xilabako bigarren faseko lehenengo kanporaketan, eta harengandik puntu bakarrera sailkatu da Maddalen Arzallus. Horrenbestez, Bardozen urtarrilean jokatuko den finalaurrekoan izango da Txoperena.

Maddi Ane Txoperenak irabazi du gaurko saioa. NAHIA GARAT
Maddi Ane Txoperenak irabazi du gaurko saioa. NAHIA GARAT
mikel lizarralde
2025eko abenduaren 6a
20:59
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aiherrako (Nafarroa Beherea) Denen Etxean jokatu da, gaur arratsaldean, Xilaba txapelketako bigarren faseko lehenengo saioa, eta Maddi Ane Txoperena gailendu da, 415 punturekin. Puntu bakarra atera dio bigarren sailkatuari, Maddalen Arzallusi, hark 414 erdietsi baititu. Patxi Hiriartek 408,5 puntu eskuratu ditu, eta jarraian sailkatu dira, berriz, Karlos Aizpurua (385), Josu Txoperena (353,5) eta Pettan Prebende (297,5). Azken horrek Irati Alcantarillaren ordez kantatu du gaurko saioan.

Txoperena zuzenean sailkatu da finalaurrekoetarako, eta urtarrilaren 17an Bardozen (Lapurdi) jokatuko den saioan abestuko du. Fase horretara zein beste bertsolari igaroko diren jakiteko, baina, itxaron egin beharko da, bigarren faseko hurrengo bi saioetan erabakiko baita hori.

Hurrengo saioa Muskildin (Zuberoa) jokatuko dute, hilaren 13an, larunbata, eta hauek hartuko dute parte: Bittor Thicoipek, Elixabet Etxandik, Haira Aizpuruak, Miren Artetxek, Mizel Mateok eta Oier Urreiztik.

Bigarren faseko hirugarren eta azken saioa Hiriburun izango da, hilaren 21ean, igandez. Bertsolari hauek kantatuko dute: Aitor Servierrek, Irantzu Idoatek, Joannes Etxebarriak, Johaine Sarrailletek, Nahia Sascok eta Ramuntxo Christyk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.