Igaro berri diren txapelketetan baino bi eserleku gutxiago zeuden jokuan. Estuxeagoa izan da lehia, beraz. Sei eserleku kabitzen dira Xilabako finalean, eta, bi finalaurrekotan banatuta, hamabi bertsolarik jokatu dute harako sarbidea. Gaur jokatu da azken saioa, Bardozen (Lapurdi), eta orduantxe zehaztu dira urtarrilaren 31n Donibane Lohizunen (Lapurdi) kantatuko duten finalisten izenak. 562 punturekin hartu du aurrea gaur Maddi Ane Txoperenak, eta zuzenean egin du salto Donibane Lohizunera. Honako hauek dira, hortaz, txapel bakarraren lehian arituko diren sei bertsolariak: Txoperena, Miren Artetxe, Aitor Servier, Irantzu Idoate, Maddalen Arzallus eta Elixabet Etxandi.Â
Sei izan dira, guztira, gaur kantuan aritu direnak: Txoperena Iribarren, Aitor Servier Etxexuri (546,5 puntu), Irantzu Idoate Funosas (539 puntu), Ramuntxo Christy Biscay (504 puntu), Patxi Iriart Hiribarren (502,5 puntu), eta Karlos Aizpurua Etxarte (484,5 puntu). Â
Aurkezpen agurrekin hasi dute saioa, eta joan den asteko apustu bera egin du Ekhi Erremundegi Beloki gai jartzaileak: zortziko handia umorez bideratu. Publikoari ere eragiten dio hautu horrek, eta, hala, ohi baino lehenago berotu da saioa. Aldarte berean jarraitu dute zortziko txikian, eta bikote bi izan dira Aizpurua eta Iriart. Aizpurua solastatzen aritzen da lotan, eta bikoteak ez du lortzen loak har dezan. Gosarian egin dute lehen solasaldia: «Egia erran ez dut/ konprenitzen pilik/ gauaz tar-tar-tar eta/ goizean isilik», bota zion Iriartek, eta hala erantzun Aizpuruak: «Hara, aterabide/ bat bada gizona/ belarritan emazu/ pare bat buxona».Â
Ariketa berean, berriz, enpresaburua eta hackeatzailea izan dira Txoperena eta Servier. Mehatxu egin dio Servierrek, eta diru zama handi bat bidali ezean informazioa zabaltzen hasiko zela erran dio. Ironiaz hasi da Txoperena: «Lasai neretzat ez da/ holako ataka/ zenbat diru behar duzu/ pila bat daukat ta».Â
Arin-arin aritu dira denak, hurrena, hamarreko txikian. Jendearen itxurako robotak ekoizten dituzten enpresa bateko bi langile izan dira Idoate eta Iriart, eta jardunarekin zalantza egiten hasi da lehena. Zentzuzko ideia bat plazaratu dio Iriartek: «Mundua sutan dago/ pentsatu behar da/ hauek igor bitzate/ munduko gerlara». Baina bertze ateraldi bat zuen gordea Idoatek: «Beldurgarri zait tranpa/ huntan erortzea/ ta ikusirik zure/ gehioren gosea/ beldurgarriena da/ duda ez sortzea».Â
Eta irriz leherrarazi dituzte entzuleak Christyk eta Txoperenak. Lagunak biak, alkoholik kontsumitu gabeko urtarril bat egitea proposatu dio Christyk Txoperenari. Honako hau izan da lagunaren proposamena: «Behar ginuke egin/ hori gure eran/ egunaz lehor eta/ arratsetan edan/ ramadana egiten/ dutenen maneran».Â
Zalantzak eta kezkak
Ariketa bakarra geratu da erantzuteko: ganbara. Justiziari buruz kantatu dituzte puntu erantzunak, eta berehala hasi dira doinu eta neurri librean hiruna bertso sortzen. Halaxe zioen gaiak: «Orain arte normaltzat zenuena zalantzan ematen hasi zara».Â
Entzuleari ileak puntan jarri dizkio Txoperenak, barren-barrenetik aritu baita kantuan ttikitako eraso bati buruz. Txapelketa honetara estreinakoz ekarritako doinuan aritu da, eta saio bikaina egin du, hasi eta buka. Uste zuen baino gertuago zuen Txoperenak erasotzailea; etxe barruan, hain justu. Hala kontatu du anaiarekin bizitakoa: «Gaur arte aritu gara/ jolas bat balitz bezela/ baina ikusi dut jolasa/ berez erasoa dela». Normaltzat izan du orain arte, baina behin ohartuta ez dela hala, amari kontatzeko hautua hartu du: «Ez dakit zehatz nola baina/ mina ematen dit, ama». Hunkitu egin dira ikusleak, azkenerako: «Detaile ia guztiak/ kontatu dizkiot hala/ negarretan hasi da ta/ besarkatu dit azala/ nahi dut epaitegietan/ ere salatu dezala/ bertze ume batzuentzat/ ez dadin izan normala».Â
Euskarari so jarri da Aizpurua, eta etsituta begiratu dio egungo erabilerari, eta burumakur eman dio bukaera bakarkako lanari: «Euskaraldian eta Korrikan/ gabiltza beti espantuz/ baina hasi naiz politika hori/ biziki madarikatuz/ ze minbizia ez da sendatzen/ parazetamola hartuz».Â
«Besteak bezala ni ere handitu/ gizarte matxista baten». Halaxe hasi du bakarkako lana Christyk, eta hain zuzen ere gizarte molde horrek sortzen dizkio zalantzak gaur egun. Hartu izandako jarrerak onartu, eta etorkizunera begira jarri da: «Bainan guziek batera dugu/ igo beharko aldapa/ denek batera egin dezagun/ bide honetan goraka/ emazteak ongi izan daiten guk e/ gure partea dugu ta».Â
Iriart izan zen laugarrena kantatzen. Harreman bat izan zuen hizpide, eta kontatu zuen ez zuela ziur aurrerantzean ere ondoan izanen ote zuen kidea. Beldurti agertu zen, beraz: «Gaur arte eman indarra/ gogoa ta izerdia/ aurpegia aurpegian/ eta begian begia/ nere paranoia al da/ erran zaidazu egia».Â
Bikain josi ditu hiru bertsoak, jarraian, Servierrek, etxeko egoera bat jarrita abiapuntu: aitak tratu txarrak egiten dizkio amari. Gaur jabetu zen egoeraz, baina ikus zitekeen lehendik ere: «Gure egoera normala ez dela/ oso zaila da sinesten/ bizi osoan ikusi badut/ aita ama guttiesten». Sarri saiatu izan da aitari kargu hartzen, baina ez du ausartzerik lortzen. Bada, oraingoan bai: «Aitaren mamu beltz hori beti/ baitugu guri jarraika/ gaur pentsatu dut oldartu zaitez/ protesta egizu haika/ gure aitaz ez dut deusez jakin nahi/ bizia gaixtoa baita/ nik parez pare erranen diot/ jada ez dela ene aita».Â
Bakarkakoan jo du goia Idoatek, eta hiru bertso eder eman ditu opari; saio borobil-borobila egin du osotara. Servierrek hartutako gaitik abiatu da bera ere, baina izan da desberdintasun bat: Idoate bera izan da bikotearengandik tratu txarrak jasaten ari zena. Maiz egiten dion gisara, gaur ere hala erran dio: «Eskutik hartu eta erran dit/ ‘ez zira joanen inora’». Leun-leun eman ditu zehaztasunak, eta kontatu du bere buruarengandik hala lagunengandik urrunarazi duela. Zortzi puntuko moldean aritu da, arin-arin, eta halaxe ondu du azken bertsoa: «Hartu dut berriz azkar arnasa/ lasaitzeko zenbait tarte/ horrenbeste albo kalte/ gizona dabil jo ta ke/ bainan erran dut honarte/ besoa askatu ta atera naiz/ gure etxetik aparte/ justiziak ez bainan lagunek/ beti lagunduko naute».