Musikarekin txikitatik izan du harremana Maddi Etxeberriak (Lizarra, Nafarroa, 1998) —Maddi du izen artistikoa—: gitarra eta biolin ikasketak eginak ditu, ama musikako irakasle izateak ere bide hori erraztu dio, eta betidanik izan ditu gustuko idaztea eta abestea. Koronabirusaren pandemia iritsi arte, baina, ez zuen sumatu barruko tristura eta ezinegona abestien bitartez kanporatzeko beharra. Itxialdiaren garai ilunek barruan sorrarazi zizkioten emozioak azaleratzeko premia sentitu zuen musikariak, eta bere burua ulertzeko ahalegin horretan hasi zen bere kantu propioak sortzen. Ereindakoaren emaitza iazko azaroan loratu zen: Amaitasuna, zazpi kantuz osatutako diskoa; Etxeberriaren estreinako lana da.
Musikariak kontatu duenez, iritsi zen une bat non erabaki zuen musika, hitzak eta ahotsa bidaide hartuta atera nahi zuela bere baitan aspaldi presente zegoen tristura eta itolarria. «Musikak lagunduta hitz egin nahi nuen, neure burua ulertzeko modua delako». Maitasuna, maitasunaren amaiera, heriotza eta dolua ardatz hartuta hainbat kanta sortu zituen, horietako zazpirekin diskoa grabatu zuen, eta Amaitasuna izenburua jarri zion lanari. «Maitasunaren amaierari eta amaieraren maitasunari» kantatu nahi izan diola azaldu du musikariak.
Azken bost urteetan bere inguruan izandako heriotzek lehen lerroan jarri dizkiote dolua eta absentzia, eta horrek emozioz josi ditu bere abestien hitzak zein doinuak: «Heriotzak bere baitan izan dezakeelako maitasun handia, eta maitasunak, aldi berean, amaiera asko bere barnean».
Abestien hitzak eta Etxeberriaren ahots lirikoa dira lanaren protagonista, baina haiek adina garrantzia dute gitarra akustikoak eta doinu elektroniko sotilek. Hain justu, bi giro horien artean mugitzen dira abestiak: akustikoagoak dira Korapilo, Sutu eta Hitzgutxiago abestiak, eta elektronikoagoak Ikusi al duzu, Nola, Gorputzean eta Izar.
«Heriotzak bere baitan izan dezake maitasun handia, eta maitasunak, aldi berean, amaiera asko bere barnean»
MADDI ETXEBERRIAMusikaria
Autoekoitzitako diskoa da, eta Kantabria (Espainia) eta Iruñe artean grabatuta dago Yoel Molina eta Julen Urzaizen laguntzarekin: lehenak nahasketan eta masterizazioan esku hartu du; bigarrenak, berriz, gitarra hutsezko abestiak elektronikara egokitu ditu, Etxeberriak islatu nahi zuen emozioari «leial» eutsiz betiere. Musikaria gustura dago emaitzarekin: «Sonoritatea nirea da, baina haien esku hartzea ezinbestekoa izan da azken emaitzan». Felix Etxeberria neba izan du kolaboratzaile —tronpeta jo du— eta Ane Alvarez de Eulatek diseinatu du diskoaren azala.
Kontakizun pertsonal eta existentzialak harilkatuta ondu ditu abestiak. Korapilo izan zen sortu zuen lehen abestia, lagun batekin partekatutako bizipenetatik abiatuta. 2021ean idatzi zuen, Madrilen bizi zenean, eta laguna eta bera animoz oso apal zeudenean. «Garai hartan inguratzen gintuen giroa zamatsua zen, tristea, grisa... eta elkar animatzen saiatu arren, ez genuen lortzen. Giro triste hura esperantza bilakatzeko asmoz sortu nuen kanta». Hitz gutxiago abestia, berriz, 2023ko hondarrean konposatu zuen, eta maitasun erromantiko baten etsipenetik sortua da.
Gordina da Gorputzean abestia: «Ez naiz gorputz bat/ nahiago raja nazazun/ Larri ta sendo larru ta azal honek arantza gehio/ sortu dit larrosak eman baino». Musikariak bere gorputzarekin izan duen gatazkaren isla da kanta, itxuraren zama eta norberaren irudiarekin adiskidetzeko borrokaren erakusle. Sutu abestia da zazpiren artean akustikoena, eta, akaso, Etxeberriaren musika ibilbidearen erroekin hobekien identifikatzen dena. «Ni zer naizen islatzen du».
Doinu elektronikoekin esperimentatzen
Nahiz eta kanta denak gitarraz lagunduta konposatu dituen, doinu elektronikoek pisu handia dute diskoan. Gitarra akustikoa da oinarria, baina soinu elektronikoek sortzen duten giro zabal eta onirikoa oso presente dago. Musikariak aitortu du elektronika «maite» duela, eta esperimentazioaren bidean «trantsizio» antzeko bat egiten ari dela. Zuzenekoetara ere eraman nahi du giro desberdin hori, eta efektu anitzeko pedal bat erabiltzen hasi da.
«Tristuraren korapiloa askatzeko saiakera bat da, amaiera maitasun bihurtzeko ahalegin bat»
MADDI ETXEBERRIAMusikaria
Ariketa emozional eta poetikoa da Amaitasuna. «Tristuraren korapiloa askatzeko saiakera bat da, amaiera maitasun bihurtzeko ahalegin bat», Etxeberriaren esanetan. Eta entzulearentzat sosegurako eta introspekziorako gonbita bat ere bada, kantak «barne begirada batetik sortutakoak direlako, eta halako lasaitasun bat transmititzen dutelako».
Etxeberria pozik dago diskoak izan duen harrerarekin, eta bereziki eskertua dago Lizarran jaso duen berotasunagatik: «Bereziki hunkigarria izan da euskararen presentzia oraindik apala den herri batean halako harrera izatea», aitortu du.