Finala «ikaragarria» izanen dela iragarri du Ortzi Idoate Bertsularien Lagunak elkarteko sustapen eragileak. Azaroaren 8an hasi zen Xilaba txapelketa, Bidarten (Lapurdi), eta gaur aurkeztu dute urtarrilaren 31n Donibane Lohizuneko Jai Alain (Lapurdi) kantuan arituko den seikotea. Foch plazako Pavlovsky erakusgelan bildu dituzte Miren Artetxe Sarasola, Elixabet Etxandi Goihenetxe, Aitor Servier Etxexuri, Irantzu Idoate Funosas, Maddalen Arzallus Antia eta Maddi Ane Txoperena Iribarren finalistak. Haiekin batera Maialen Hiribarren aurtengo txapel emailea ere aurkeztu dute.
Bideek bidea lemaren ildotik, bertsolaritza hezkuntzan sartzeko bide «handia» egin du Hiribarrenek. Idoateren erranetan, lehen bertso eskolak sortzeko «funtsezko harria» izan zen, Seaskako irakasle eta elkarteko zuzendaritzako kide gisa lehen bertso eskolen bultzatzaileetarik bat izan baitzen. Bertsoetarako bidea hezkuntzan nola zabaldu zuen oroitu du Hiribarrenek: «1980ko hamarkadan, Seaskako irakasle nintzen, eta Xanti Iparragirre ezagutu nuen. Hura hasi zen bertsolaritzaren dasta ematen haurrei. Ondotik, 2000. urte inguruan bertso eskolak ikastolan hedatu zirelarik, horretan lagundu nuen».
Txapela emateko proposamena heldu zitzaiolarik, «gehiegi pentsatu gabe» eman zuen baiezkoa. Txapela ematea ohore «handi-handia» izanen dela erran du, eta gehitu batez ere itzaleko lanean ari izan direnei ere jantzi nahiko liekeela txapela: «Ni bezala xinaurri lanean ari izan diren guzien izenean eskainiko diot txapela txapeldunari».
Bortzna ariketa seientzat
Guztira, bortz lan izanen dituzte bertsolariek finalean: hiruna bertso egin beharko dituzte ofiziotan, zortziko handian; hiruna bertso ofiziotan, zortziko ttipian; banazka arituko dira ondotik, eta puntua emanik hiru bertso osatu beharko dituzte zortziko ttipian; hiru bertso kantatuko dituzte gero ofiziotan, hamarreko ttipian; eta, azkenik, berriz ere banazka ganbarako lanari heldu beharko diote, gaia emanik, hiru bertso kantatuz doinu eta neurri librean.
«Ni bezala xinaurri lanean ari izan diren guzien izenean eskainiko diot txapela txapeldunari»
MAIALEN HIRIBARREN Txapel emailea
Sei bertsolariek eginen dituzte lan horiek guziak, eta puntuaziorik onena lortzen duten bi bertsolariak pasatuko dira buruz burukora. Hiru lan ukanen dituzte fase horretan: lehenik, hiruna bertso kantatuko dituzte, ofiziotan, seiko motzean; bigarrenik, hiruna bertso ofiziotan, zortziko ttipian; eta hirugarrenik, eta azkenik, ganbarako lana izanen dute: gaia emanik, hiruna bertso osatu beharko dituzte doinu eta neurri librean.
Saio osoko puntuazioa hartuko da kontuan txapelduna izendatzeko. Buruz burukoan kausiturikoa eta lehen fasean eginiko guzia ere gehituko da. Irabazlearen izena jakinarazi ondoan, txapela haietarik baten buru gainean ezarriko du Hiribarrenek.
«Anitz dira finalean kantatzeko maila izan arren bidean gelditu direnak. Ardura eta erantzukizun handia da finala»

2014an kantatu zuen lehen aldikotz Xilaban, eta finalean izatearen esperientzia lehenbizikoz biziko du orain Aitor Servier Etxexurik. «Ardura» eragiten diola aitortu du: «Txapelketak badu ederretik baina badu gogorretik ere, era berean. Anitz dira finalean kantatzeko maila izan arren bidean gelditu direnak. Alde horretatik, ardura eta erantzukizun handia da finalean kantatzea». Lehen finala «ohore» gisa hartu du, hala ere, Ipar Euskal Herritik bai, baina Euskal Herri osotik etorri jendeari ere kantatuko baitio. Alde kolektibora joz, «ezin eskertuago» da elkarteak egin duen lanaz. Iruditzen zaio bertsolaritza geroz eta leku gehiago hartzen ari dela eta haren oihartzuna handitzen ari dela: «Baionan ikusi nuen joan den aldian Elixabeten ikasle bat, eta erran zidan bere asteburuak Xilaba segituz betetzen dituela, beraz, uste dut asmatzen ari garela alde horretatik».
«Baxenabartar gisa ohorea da finalean kantatzea; gustatuko litzaidake geroan zuberotar bat ere berriz ikustea»

Bertsolaria izateaz gain, bertso irakaslea da Elixabet Etxandi Goihenetxe. 2020an sartu zen Xilaban, eta lehen aldikotz kantatuko du finalean hark ere. «Abantailak eta desabantailak ekartzen dizkit irakasle izateak. Etengabeko lanketa bat ahalbidetzen dit, baina, aldi berean, ez dit bertsoarekin mozteko paradarik ematen». Aurtengo Xilaban oreka xerkatu nahi izan duela gaineratu du, eta eskertu du bertso eskolako haurren babesa. Ramuntxo Christy izan zen 2014ko finalean azkenik sartu zen baxenabartarra, eta geroztik gehienbat lapurtarrak izan dira Xilabako finalean. Horren karietara, bertsolaritza barnealdean egonkortzeko oraino lan «handia» badela nabarmendu du: «Oraino lan anitz badugu barnealdean bertsogintza garatzeko, eta karga horrekin banoa ere. Baxenabartar batez aparte, gustatuko litzaidake geroan zuberotar bat ere finalean berriz ikustea».
«Lehen aldiz naiz Xilaban, eta lehen aldiz finalean; deskubrimendu pila bat izan dira azken hilabeteetan»

Seikoteko gazteena da Irantzu Idoate Funosas. Xilaban bere lehen aldiak bizitzen ari dela erran du. «Lehen aldiz naiz Xilaban, eta lehen aldiz finalean egotea egokitu zait. Dena aski berria izan da, eta deskubrimendu pila bat izan dira azken hilabeteetan». Laguntzaile gisa ibili da orain arteko txapelketetan, eta azkenengo Xilaban «miresten» zuena hurbilago sentitzen duela azpimarratu du. «Urrun zena eta miresten nuena hurbilago sentitzen dut. Biziki handi ikusten dut, baina gogoz nago». Lagunarteko lehia eta maila oneko finala izatea espero du. Bertzalde, bertso eskoletan diren haurrak ere gogoan ditu Idoatek: «Giro biziki ona izan da oro har Xilabako saio guzietan. Haurrak ere kantuz ari izan dira saio batzuk baino lehen, eta nahiko nuke haiekin ere ahalik eta hobekien konektatu finalean».
«Bakoitzak gozatzen badu, uste dut denen arteko orgia kolektibo bat lortuko dugula»

2009an parte hartu zuen lehen aldikotz txapelketan. Final ugaritara arribatu da, eta Bertsolari Txapelketa Nagusian kantatzea ere egokitu zaio behin baino gehiagotan. Anaia Amets Arzallus oholtzan izan gabe biziko du aurtengo finala. «Etxeko beste inor ez da izanen oholtza gainean nirekin, eta horrek zama bat kendu dit, ez pentsa. Beti ez da abantaila bat zeure burua baino gehiago maite duzun norbait edukitzea ondoan, eta aldi honetan neure buruari eskaini nahi nioke finala, neure buruarengan arreta guzia jarri nahi nuke, eta ez inguruko beste norbaitengan». Hala ere, seikote polita dela erran du, eta plaza polita izanen dela espero du. «Bakoitzak gozatzea lortzen badu, uste dut denen arteko orgia kolektibo bat lortuko dugula». Bertzalde, bertsolaritzak Ipar Euskal Herrian bidea egin duela ere aipatu du, «sasiz bete xendetatik» pasatu ondoan. «Euskarak iraunen duen bitartean etorkizun polita ikusten diot bertsolaritzari. Euskara beheraka doa, eta horri sasi gehiago ikusten dizkiot, baina biak elkar loturik aitzina joanen dira, makilaka bidea zabaldu behar badugu ere».
«Buruz burukoan kantatzeko aukera izanen banu, irabazi nahi izateko eskubidea eman nahiko nioke neure buruari»

Kantatu izan dituen saio guziak irabazi ditu aurten Maddi Ane Txoperenak. 2012an parte hartu zuen lehen aldikotz txapelketan, eta bigarren finala izanen du aurten. «Ikaragarriko» poza ematen dio finalean kantatzeak, baita ardura ere: «Oso pozik nago. Ardura bat badugu euskal gizarteari begira ere. Gainera, euskararen aldeko egitasmoa da Xilaba, eta nahiko nuke finala euskararen besta handi bat izatea». Lehiaren aldetik, aitortu du ilusio handia eginen liokeela buruz burukoan kantatzeak: «Buruz burukoan kantatzeko aukera izanen banu, irabazi nahi izateko eskubidea eman nahiko nioke neure buruari». Gainera, haren ustez, azken urteotako bilakaeraren emaitza da bortz emazte izatea finalean. «Bertsolaritzan izan den bilakaeraren emaitza da; feminismotik lanketa bat egin da sarea eraikitzeko, eta final hau bada horren erakusgarri ere».
«Guziok elkar ezagutzen dugu. Elkarren bertso irakasle, kide edo begirale izan gara. Lehian izanik ere, kolektiboak egiten du Xilabaren indarra»

Seikoteko zaharrena da Miren Artetxe Sarasola. Xilabako seigarren finala du aurtengoa, eta azkenengoan buruz burukoan kantatzeko parada ukan zuen. Xilaba «gaztetu» dela ikusi du, eta zehaztu du inoizko adin tarte zabalena duela. «Ekosistema geroz eta orotarikoagoa eta zabalagoa da, eta hori biziki marka ona da». Entzuleen aldetik ere, iruditzen zaio geroz eta bertsozaleagoa dela publikoa: «Xilaba sortzean eman zen lehen helburuetarik bat betetzen ari da jende anitzen lanari esker. Uste dut eskertze horren parte izan beharko genukeela». Bertzalde, txapelketan alde kolektiboa «inoiz baino presenteagoa» dela erran du. «Oholtza kide guziok elkar ezagutzen dugu. Elkarren bertso irakasle, kide edo begirale izan gara. Lehian izanik ere kolektiboak egiten du Xilabaren indarra».
ohar praktikoak
Non: Donibane Lohizuneko Jai Alain. Noiz: Urtarrilaren 31n, 17:00etan. Ate irekiera: 16:00. Sarrerak: bertsosarrerak.eus atarian. Puntu ubela: Finalean ez da neholako erasorik onartuko, eta, zerbait gertatuz gero, puntu ubelera jotzeko aukera izanen du publikoak.