Joxemiel Bidador elkartearen bilkura batean sortu zen Txomin Peillenen olerkiak biltzeko xedea. Nahiz eta Peillenek ez zuen bere burua olerkaritzat hartzen, poemak idazten ere aritu zen, eta Sabin Oregi testu horien gibeletik hasi zen iazko maiatzean. Bilketa lana egin ondotik, Maiatz argitaletxearekin karrikaratu du Nire olerki guziak liburua.
Peillenek 1952an karrikaratu zuen bere lehen olerkia, Gernika aldizkarian. Hortik aitzina eta 70 urtez, bertze hainbat olerki argitaratu zituen Gernika, Igela, Egan eta Olerti aldizkarietan, Maiatz argitaletxearen bidez, bai eta Hatsaren Poesia bilduman ere. Lan horietan guzietan oinarriturik, Oregik uste du euskararen zorroztasunari buruzkoa dela Peillenen olerkietan nabarmentzen den aldaketa nagusia. Hastapeneko olerkiak idatzi zituelarik euskara batua ez zenez oraino sortua, ez da haren zantzurik agertzen. Pixkanaka-pixkanaka eta batez ere 1970eko hamarkadatik goiti euskara arautuan idazten hasi zen idazlea, Oregik adierazi duenez. Bada urteetan aldatu ez zen zerbait ere haren obran, haatik: Peillenen «ironia» eta «umorea», hots, olerkietako gaiak tratatzeko manera.
Bertze berezitasun baten berri ere eman du Oregik: olerki guziak bildu ondoan, ohartu zen izenburu bera zuten olerki franko bazirela. Bazirudien Peillenek olerki bera leku «anitzetan» argitaratzen zuela, baina Oregi fite aski ohartu zen denek ez zutela lerro kopuru bera. «Olerki batzuek lau bertso dituzte, eta beste batzuek bost; beraz, duda nuen zein sartu, eta olerkien bertsio guziak ematea erabaki nuen azkenean».
«Sabin Oregik olerkiak bildu ditu, baina hurrengo pausoa Peillenen olerkiak aztertzea izanen litzateke, eta horretarako material ederra atzemanen du edozein ikerlarik»
LUCIEN ETXEZAHARRETAÂ Maiatz argitaletxeko arduraduna
Hori bai, Oregik gaineratu du olerki bilketa bat egin nahi izan duela, eta ez azterketa bat. Horrekin loturik, halere, Lucien Etxezaharreta Maiatz argitaletxeko arduradunak azpimarratu du liburua «altxor bat» dela literatura ikerlarientzat, Peillenen olerki guziak erkatzeko balio baitu. «Sabin Oregik olerkiak bildu ditu, baina hurrengo pausoa Peillenen olerkiak aztertzea izanen litzateke, eta horretarako material ederra atzemanen du edozein ikerlarik».
Trukaketa «fragmentatua»
Eric Ditxarrik, berriz, Korrespondentzia deitu liburua presentatu du. Gutun trukaketa bat da, Ditxarri idazlearen eta Titaina S. izeneko baten artekoa. «Egiazko» trukaketa dela segurtatu du Ditxarrik, eta nabarmendu Titaina S. izengoitia dela, liburuaren egilearekin gutun trukatzen aritu den horrek anonimotasuna nahi zuelako atxiki.
Ditxarrik Maiatz argitaletxearekin karrikaratu duen seigarren liburua da Korrespondentzia, eta maitasuna eta elkartasuna irudikatzen dituen harreman bat du abiapuntu. Etxezaharretaren arabera, Itxaro Bordaren sar hitzak «ezin hobeki» definitzen du obra: «Bizitza fragmentu trukaketa bat hedatzen da orrialdez orrialde, fragmentuak diot gutun zati hautatuak direla ematen dutelako, perpaus pare bat, olerki puxikak, apunteren bat, erreferentzia musikal bat, ebazpen bat».
81. aldizkaria
Oregiren eta Ditxarriren liburuez gain, Maiatz aldizkariaren 81. zenbakia ere ikusgai ezarriko du argitaletxeak Durangon. Etxezaharreta kontent agertu da aldizkaria ateratzeko sorkuntza lanak irauten duelako. Aldi honetan, 30 idazleren testuak dira irakurgai. Oroimenaz idaztea izan dute aurtengo helburua, eta zeregin hori «ongi» irudikatzen du 132 orrialdez osatu aldizkariak.Â
Aurkezturiko hiru obrak Durangoko Azokan izanen dira salgai, Maiatz argitaletxearen aurtengo berritasun guziekin batera. Bide batez, abenduaren 5ean Eric Ditxarrik Ahotsenean aurkeztuko du Korrespondentzia.