«Inguratzen gaituen hori eraldatzeko eta ukitzeko duen gaitasunari buruz hitz egiten du Maiderren arteak». Aimar Arriolaren hitzetan, horixe da Maider Lopez artistaren ezaugarri nabarmenetako bat. Hortik dator, hain zuzen, Lopezek Donostian zabaldu berri duen erakusketaren izenburua: Ukitu. Arriolak egin ditu komisario lanak, eta Lopezen azken hamarkadetako proiektuak biltzen ditu, nahiz eta badauden pieza zaharragoak ere —guztira 25 dira—.
Urteurren biribilak dituzte aurten Donostiako Tabakalerak eta Kubo aretoak. Lehenak hamar urte bete ditu, eta bigarrenak, 25 urte. Urtemuga horien harira, bi erakundeek elkarrekin erakusketa bat antolatzea erabaki dute, eta Lopez izan da aukeratutako artista. Bi aretoetan otsailaren 1era bitarte egongo da ikusgai. Bi espaziotan banatuta dagoen arren, erakusketa bakarra osatzen dute lanek, antolatzaileen esanetan «elkarrekin elkarrizketan» baitaude. Obra batzuk lehen aldiz daude ikusgai.Â
Gainera, duela hamar urtetik honako lanak jasotzea ez da kasualitatea, artistak lan egiteko jarraitu izan dituen ildoak erakusteko asmoz egin baitute. Azken urteetan gizakiaz harago doazen ekintzek garrantzia hartu dute Lopezen lanetan, hala nola naturak, koloreek eta inguruaren behaketak, bai eta espazio publikoaren eraikuntzak ere. Ukitu bi lekutan banatuta dagoenez, eta areto horiek handiak direnez, tamaina handiko instalazioak eraman ahal izan dituzte erakusketara.
«Plazera da herrialde desberdinetan egindako proiektuak elkarrekin eta era zabalean erakustea»
MAIDER LOPEZÂ Artista
Artelan zaharragoak eta berriak elkarrekin ikusteak poz handia eman dio artistari: «Plazera da herrialde desberdinetan egindako proiektuak elkarrekin eta era zabalean erakustea». Bere lanek espazioarekin harreman zuzena dutela gaineratu du, eta azaldu du horregatik areto bakoitzean «pieza batek salaren forma» hartzen duela. Â
Lurretik hasita
Tabakalerako erakusgelara sartu bezain pronto, ikuslearen begirada, paretetara ez ezik, zorura ere badoa. Lurra (2001-2025) instalazioa da pieza nagusietako bat. Zoruko oholak solte daude instalazioan, eta bisitarien joan-etorriek mugitu egiten dituzte. Hain zuzen, horixe nahi zuen egileak: ikusleak obra eraldatzea.
Izan ere, jendea da Lopezen obren elementu nagusietako bat, sarritan berak pertsona taldeak antolatzen baititu, ekintza jakin bat egin, eta hura erretratatzeko. Ataskoa-n (2005), esaterako, Nafarroako herri txiki batean auto pilaketa bat egiteko deialdia zabaldu zuen, normalean auto pilaketarik egongo ez zen landa ingurune batean. Deialdi bat egin zuen Ertzak (2024) lanerako ere, eta argazkietan jaso zuen ekintza hura: eskuekin arroka baten ertzak estaltzen ageri dira parte hartzaileak irudietan. Lopezek sortzen duen kolektibotasunari eman dio balioa Arriolak, interes desberdinak dituzten pertsonak elkartzea lortzen baitu.

Argazkiak eta bideo instalazioak gailentzen dira Tabakalerako aretoan, baina badira bestelako piezak ere. Kolore eta tamaina askotariko ontziak daude aretoaren ertzetako batean. Hasiera batean bisitariak ez du ontzi horien inguruko inongo informaziorik, harik eta Ur garbia errekara (2024-2025) bideo instalaziora iritsi arte. Costa Rican egindako proiektu baten bideoa da, eta, bertan ikusten denez, erakusketako ontziak euri ura biltzeko erabili zituzten. Prozesu motela izan zela oroitu du Lopezek, asko kosta baitzitzaien ontziak betetzea. Behin beteta, kutsatuta zegoen erreka batera bota zuten euri ur guztia. Lehen aldiz dago bideo instalazio hori ikusgai.
Bada lehenengoz erakusten den beste lanik ere. Belarraren arkeologia (2023-2025) da horietako bat. Hainbat animaliaren hozkadek belar eremu batean utzitako arrastoak jaso ditu argazkitan obra horretan. «Ikusezina ikusarazteko aukera ematen du», azaldu du artistak. Komisarioaren ustez, Lopezen metodologia ondoen islatzen duten lanetako bat da: «Egunerokoa dena eta arrunta dena behatzen du».
Kolorez blai
Kolorea da nagusi Kubo aretoko paretetan. Horietako bat eskuz koloreztatutako hainbat folioz estalita dago; 1.000tik gora orri daude, eta mosaiko bat dirudite bata bestearen ondoan. Koloretako 120 margo zituen kutxa bat hartu, eta haiekin folioak margotu zituen, margo bakoitza guztiz gastatu arte; horrela osatu zuen Koloretako 120 arkatzen kutxa (2017-2025) obra. Bederatzi urte behar izan zituen osatzeko, eta folioetako bakoitzean egilearen trazu aldaketak nabari dira; arkatzarekin egindako presioaren edo artistaren nekearen arabera aldatuz joan direnak.

327x1383 piezan (2001-2025), espazioa bera da artelana. 2005eko Veneziako Biurtekoan aurkeztu zuen lana artistak. Aretoko hainbat pareta zenbait koloretan margotuak ageri dira, eta bakoitzaren erdi-erdian paretaren beraren neurria ageri da: 327x1383, 512x1195, 117x453... Bisitaria pareten koskak, inperfekzioak eta bestelakoak deskubritzera gonbidatu nahi du Lopezek: «Piezatik abiatuz, jendeak behatzea nahi dut».
«Maiderren lan egiteko moduak garrantzia du, baina baita jendearengan sortzen duen esperientziak ere»
AIMAR ARRIOLA Komisarioa
2005ean, Itzurungo hondartzan (Zumaia, Gipuzkoa), artistak dozenaka toalla gorri banatu zituen bertan zeuden pertsonen artean. Hondartza gorriz estali zen, eta momentu hura hiru argazkitan jaso zuen Hondartza-rako. Ekintza hura, ordea, argazki batzuetatik harago joan zen: «Eraldaketa bat izan zen, bai bertan zeuden pertsonak mugitu zirelako, bai harremanetan hasi zirelako». Arriola: «Maiderren lan egiteko moduak garrantzia du, baina baita jendearengan sortzen duen esperientziak ere». Haren esanetan, jendearen iruditerian geratzen da Lopezen proiektuetako batean parte hartu izana.

Espazio publikoa gizakiak sortzen duela uste du Ukitu-ren egileak; kolektiboki ekoitzi behar dela sinesten du. 2007an Madrilen egindako 366 aulki proiektua da pentsaera horren erakusgarrietako bat. 300 aulkitik gora jarri zituen hiriko bi plazatan, eta jendea bertan esertzera gonbidatu zuen. «Elkarrekin zihoan jendea batera esertzen zen, bakarrik iristen zen norbait beste talde batera batzen zen, edo bakarrik esertzen zen...», kontatu du artistak. Hala, espazioa bera jendearen beharren arabera aldatuz joan zen. Arriolak gehitu du «espazio publikoa kontsumora bideratuta dagoen honetan, hori iraultzen saiatzen» dela Lopez.