Jean Genet idazle frantsesak utzitako lan oparoan badago edertasunaren inguruko ideia jakin bat: harentzat, ederra den hori —abstraktua— beti agertzen da delituaren alboan. Genetek bolada luzeak igaro zituen espetxean, eta aski ondo ezagutu zuen zer zen ezohiko bizimodu bat trebetasunez maneiatzea.
1950ean egin zuen bere film bakar eta bikaina, Un chant d’amour, maitasun kantu bat. Lan horretan, bi presoren arteko maitasunaren narrazioa adierazpen zinematografiko gordin eta poetiko bihurtzen da: hitzik gabeko kantu bat da, maitasunari eskainitako ereserki goiztiar bat, kartzela baten barruan esnatzen den desira neurrigabea.
Esan bezala, filmak bi preso gazteren arteko desira islatzen du. Horma batek banatzen ditu fisikoki, baina horrek ez du haien arteko desira galarazten, are gehiago, handiagotu egiten du, eztandarazi ere bai. Presoek ez dute elkar ikusten, ez dute elkar ukitzen, eta hala ere, eskura dituzten keinu lauso eta posibleen bidez eraikitzen dute beren arteko harremana: zigarro baten kea hormako zirrikitu batetik igarotzen da bestearen ziegaraino; lasto baten muturrak bestearen ahoa bilatzen du, eta tartean ageri da murrua, beti murrua, gorputzen elkarketa galarazten duen oztopo etengabe bezala. Genetentzat, maitasuna —l’amour— ez da bi pertsona hauen pultsioaren arteko betetasun asegarri bat, baizik eta distantziak eta ezintasunak sortzen duten beharrizan absolutu bat.
Un chant d’amour-ek eskandalu handia eragin zuen estreinatu zenean —ez da harritzekoa, tartean zakil dantzari ugari agertzen baitira—. Debekatua izan zen hainbat tokitan eta iritzi publikoak pornografikotzat jo zuen —hain problematikoa da pornografikoa denaren kategoria hori definitzea—. Hala ere, gaurko begiradatik ikusita, argi antzematen da filmaren helburua ez zela izan sexu-eszenaratze soil bat irudikatzea; aitzitik, Genetek erdigunean jarri nahi izan zuena desiraren egitura bera izan zen, desiraren arkitektura posible bat. Hala, narratiba honetan plazera ez litzateke berehala eskuratzen den zerbait: etengabe atzeratzen den beharrizan bat da, luzatzen dena, ezinezkotasunaren materia horretatik abiatzen dena. Irudiotan, maitasuna ez litzateke kontsumituko, tentsio iraunkor gisa existituko litzateke, eta horrexegatik bihurtuko litzateke mingarria eta, aldi berean, ederra.
Gaurko begiradatik ikusita, argi antzematen da filmaren helburua ez zela izan sexu-eszenaratze soil bat irudikatzea; aitzitik, Genetek erdigunean jarri nahi izan zuena desiraren egitura bera izan zen, desiraren arkitektura posible bat.
Zinema queer-aren historian, Un chant d’amour funtsezko lana bilakatu da. Ez soilik irudikapen homosexual ausart eta goiztiarra delako, baizik eta maitasuna bera —fenomeno gisa— normalizatzeari uko egiten dion filma delako. Zentzu horretan, Genetek ez zuen errekonozimendurik bilatzen lan honen bidez, are gehiago, maitasunaren izaera desegokia aldarrikatu nahi zuen enegarrenez. Harentzat maitasuna ez zen integratu beharreko zerbait, baizik eta ordena soziala bera kolokan jarriko lukeen potentzia.
Eva Illouz soziologoak —maitasunaren pentsalari garaikide ezagunenetako bat— azaltzen du modernitatean maitasuna gero eta gehiago antolatzen dela merkatuaren, aukeraren eta autoerrealizazioaren logiken arabera. Kritikoki ondorioztatzen du maitasuna kudeatu, neurtu eta optimizatu beharreko esperientzia bihurtu dela. Horren aurrean, esan genezake Geneten filmak kontrako norabidea eraikitzen duela: bere pelikulan ez dago selekzio programaturik, ez idealizazio erromantikorik, ezta zoriontasunaren promesik ere. Horren ordez, desiran, gabezian eta ukapenean bizirauten duen maitasun bat ageri da. Illouzek aztertutako maitasun moderno, hotz eta arrazionalizatuaren aurrean, Un chant d’amour-ek sozialki kudeaezina den maitasunaren alde gordinena aldarrikatuko luke.

Massimo Recalcati psikoanalistak antzeko maitasun-etika bat proposatzen du Retén el beso liburuan: desira guztiz ez asetzea, baizik eta mantentzea; desiragarria den hori ez kontsumitzea, baizik eta atzeratzea. Nire ustez, Geneten filmak ideia hori irudi bihurtzen du. Presoen arteko harreman horretan, maitasuna ez da sekula gauzatzen, beti da zeharkakoa, ordezkoa, beti dago, nolabait, suspenditua. Maitasuna irudikatzeko duen moduan, hau ez da betetasunean zein asetasunean oinarritzen, baizik eta zainduriko gabezia batean.
Esan gabe doa filmak indar handiz interpelatzen duela gaur egungo ikuslea. Kartzelen, kontrol sozialaren eta gorputz disidenteen inguruko eztabaidak behin eta berriz mahai gainean dauden honetan, Geneten irudiek galdera deserosoak planteatzen dituzte: uler dezakegu maitasuna gabezian eraikitzen den zerbait dela? Uler dezakegu bestea —desiratzen dugun hori— beti izango dela guztiz irentsiezina, guztiz eskuratu ezina? Un chant d’amour ez da tesi bat, ezta manifestu bat ere. Erritual bat da, maitasunaren aldeko kantu leun eta potentziaz beteriko bat.
'Un chant d’amour'
Zuzendaria: Jean Genet.
Urtea: 1950.
Ikusgai: sarean.