Musikaria

Amaia Miranda: «Maitasunaren aldarrikapena da diskoa, mugimendu politikoak eragin ditzakeela uste baitut»

'Cada vez que te veo lo entiendo' diskoa kaleratu berri du Mirandak, bakarkako ibilbideko hirugarrena. Maitasunari buruz idatzi du, eta gertuko jendearengan inspiratu da abestiak idazteko garaian. Gernika-Lumon izango da gaur.

Amaia Miranda musikaria. CARLA PEREZ VAS
Amaia Miranda musikaria. CARLA PEREZ VAS
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2025eko abenduaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Taldean edo bakarrik, Amaia Mirandak (Bilbo, 1993) musikan murgilduta igaro ditu bere bizitzako urte gehienak. Hainbat musikarirekin lan egin du; horien artean daude Nacho Mur (La M.O.D.A) eta Gorka Urbizu —bi urte daramatza haren taldean gitarra jotzen—. Taldean bakarrik ez, bakarlari gisa ere lan mordoa egin ditu; azkena, berriki argitaratu duena: Cada vez que te veo lo entiendo. Maitasunari buruz idatzi du diskoan: amaren, bikotekidearen eta lagunen inguruan sentitzen duenaz. Irailean hasi zuen aurkezpen bira, Gasteizen, eta Katalunian aritu da ondoren. Euskal Herrira itzuli berri da, eta hainbat herritan emango ditu urteko azken kontzertuak. Horietako bat gaur, Gernika-Lumon, 13:30ean. 

Bartzelonatik Gernikara etorri zara. Berezia al da zuretzat diskoa Euskal Herrian aurkeztea?

Oso berezia da, zalantzarik gabe. Euskal Herria nire etxea da, eta bertan sentitzea zoragarria da. Oso eskertuta nago nire musika hemen erakusteko aukera izateagatik. Orain arteko kontzertuetara jende asko etorri da, beraz, espero dut gaur ere jendea nire kantak entzuteko prest etortzea. 

Hirugarren diskoa duzu hau. Aldaketarik nabaritu duzu aurrekoetatik hona?

Galdera zaila. Barrutik, niretzat prozesu naturala izan da. Momentu oro entzunez joan naizen musikaren zertzeladak ditu disko bakoitzak. Bide ezberdinak izan dira, baina aldi berean, bide berean jarraitu dudala uste dut. Banoa pixkanaka gauza berriak ikasten, eta berrienak disko honetan ikus daitezke.

Esan izan duzu zure ibilbidean mugarri bat izan dela. Zergatik?

Lehenengo diskoak nik ekoiztu nituen; honetan, berriz, Nacho Murren laguntza izan dut. Gorka Urbizuren biran bera izan zen nire ordezko gitarrista, kontzertu batzuetan ezin izan bainuen jo, eta orduan ezagutu genuen elkar. Sekulako konexioa izan genuen, eta proposatu nion zeozer batera ekoitz genezakeela. Hark zera erantzun zidan: «Zergatik ez dugu disko oso bat batera egiten?». Eta hona hemen emaitza; bera alboan izatea niretzat oso garrantzitsua izan da.

Zeri buruz hitz egin duzu diskoan?

Nik abestiak egiten ditut, eta gero ikusten dut ea zeri buruz hitz egiten duten. Nire unibertsoari atea ireki diot, eta bidaia bat proposatzen dut.

Zer-nolako bidaia?

Nire gertuko jendearengan inspiratu naiz, eta maitasunari buruz idatzi dut. Amari maitasun kanta bat egin diot [Amak dio]; lagunei ere idatzi diet [Las mías]; Bizipoza abestia Gorka Urbizuri eta haren lantaldeari idatzi diet; Canción de la juventud idatzi diet bideoklipa nirekin egin zutenei, eta beste hainbat kanturen artean, badaude nire bikotekidearentzat egindakoak ere. 

«Nik abestiak egiten ditut, eta gero ikusten dut ea zeri buruz hitz egiten duten. Nire unibertsoari atea ireki diot, eta bidaia bat proposatzen dut»

Nola hautematen duzu maitasuna zuk?

Uste dut maitasuna emozio oso garrantzitsua dela oraintxe bertan, garai ilunean baikaude mundu mailan. Maitasunaren aldarrikapena da diskoa; izan ere, maitasunak mugimendu politikoak eragin ditzakeela uste dut. Bai maitasunak, eta baita itxaropenak ere; beldurrez eta frustrazioz gauza gutxi egin daitezke. Aldarrikapena diodanean ez dut esan nahi maitasuna hitzez bakarrik erakutsi behar denik, ekintzen bidez ere bai. Hain justu, hori dioen esaldi bat dago diskoaren oinarrian: «Ez dakit zer den maitasuna, baina ikusten zaitudan bakoitzean ulertzen dut».

Bi kanta euskaraz egin dituzu: Bizipoza eta Amak dio.

Hori da. Lehenengoan kontatzen dut Urbizuren biran bizitakoa, bai harekin, eta baita haren lantaldearekin ere. Erabat eskertuta nago bizitako guztiarekin. Bigarrenean, berriz, nire amarekin izan nuen elkarrizketa bat dago oinarrian. Bizitzari buruz hitz egin genuen, eta une hartan gauza oso sinple baina garrantzitsu bat ulertu nuen: berak nire adina izan zuen; nire beldur berak izan zituen, eta gauza berak bizi. Beraz, elkarrizketa hori kontatu dut.

Abesti horiek euskaraz egitea hautu politiko bat izan da?

Azken bi urteetan Urbizurekin biran ibili naiz, eta horri esker euskaraz gehiago hitz egin dut. 17 urte nituela joan nintzen Bartzelonara, eta urte asko igaro ditut euskaraz ia hitzik egin gabe. Beraz, naturalki atera zaidala esango nuke; gainera, sentitzen dut hurbilago nagoela berriz hizkuntzarekin konektatzeko. Amak dio kanta egiterakoan, ostera, arrazoia beste bat izan zen. Nire aitona-amonak Kantabriakoak ziren; horregatik, nire amak oso gutxi daki euskaraz. Txikia zela, Barakaldoko (Bizkaia) dantza eskola batean izan zuen euskal kulturaren berri, eta maitemindu egin zen. Beti animatu izan nau euskaraz abestera, beraz, amarentzat idatzitako kanta euskaraz egitea oso berezia izan da.

Musika lasaia egiten duzu, nostalgia ukitua duena. Argi zenuen musika era horretara egin nahi zenuela?

Hein batean, horixe da egin ahal dudan musika. Batzuetan mota bateko musika egin nahi dut, baina naturalki, nire betiko bidera bueltatzen naiz. Disko honek, esaterako, banda baten laguntza izan behar zuen. Nire ustez, kantak berak irekitzen du bidea, eta musikak eskatzen du zer behar duen eta zer ez. Niri dagokidanez, egiten ditudan abestiek bide bat dute egina, eta hori errespetatu behar dudala iruditzen zait. Naturalki ateratzen zait.

«Sormenari leihoa irekitzeko aukera ematen dit bakarlari gisa lan egiteak. Nire unibertsoa islatzeko tokia da»

Taldean eta bakarka ibili zara lanean. Non sentitzen zara erosoen?

Oso ezberdinak dira, baina, aldi berean, biak dira garrantzitsuak niretzat. Talde batean aritzea eta artistari laguntzea oso polita da. Alde horretatik, zorte onekoa sentitzen naiz. Hainbat artistekin lan egin dut, eta guztiak miresten ditut. Asko gustatzen zait musika egiteko haien modua, baita nolakoak diren ere; inspiratzailea izan da niretzat. Esperientzia izugarriak eman dizkit, eta badauka puntu eroso bat, ez duzulako ardura maila bera. Oholtzan zaude, baina atzealdean. Edonola ere, musikaz gozatzen dut, eta taldean aritzea ere asko gustatzen zait.

Bakarkako ibilbideak, ostera, zer ematen dizu?

Sormenari leihoa irekitzeko aukera ematen dit bakarlari gisa lan egiteak. Nire unibertsoa islatzeko tokia da, eta niretzat beharrezkoa da horretarako leku bat izatea musikan.

Etorkizunera begira, baduzu zerbait buruan?

Diskoa aurkezteko gogoz nago oraintxe bertan, baina deskantsatu egin nahi dut, gogorrak eta biziak izan baitira bi urte hauek. Edonola ere, nire proiektuari eutsi nahi diot, eta ikusiko dugu ea zer datorren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.