Ane itsas biologoa eta unibertsitateko irakaslea da. Ikerkuntza proiektu berri bat du, baina denbora aurkitzen du alabekin egoteko: 10 urteko Marie eta gimnasta den Clara nerabea. Thomas, Aneren senarra, gizarte langilea da, eta arazoak dituzten gazteen etxe batean egiten du lan.
Ane eta Thomas banandu egingo dira, eta denbora daramate alabei nola azaldu pentsatzen. Thomas apartamentu bila dabil bere lankide eta bikote Stinekin bizitzera joateko, eta biena den familia etxearekin zer egin erabakitzen ari dira; izan ere, hura saldu arte Thomasek ez die alabei ezer esan nahi. Anek istripu zerebrobaskularra izango du, eta gorputzeko alde bat paralizatuta geldituko zaio. Burmuinean kalte handia izan du, eta medikuek ez dakite guztiz osatuko den. Ibiltzen ikasi beharko du berriro, eta etengabe lagunduko dion norbaiten zaintza beharko du. Thomasek Ane indarberritu arte etxean gelditzea erabakiko du.
Jeanette Nordahl zinemagile danimarkarrak urte asko zeramatzan istorio honi bueltaka. Izan ere, gaixotasuna haren familiaren bizitzaren parte handi bat izan zen gaztaroan. Garai hartan askotan galdegin zion bere buruari nola gainditu tragedia bat, nola egin aurrera. Hausnarketa horiekin hasi zen Begyndelser bere bigarren filmaren gidoia idazten: bakarrik hasi zen lehenengo, eta, kontakizuna gertukoegia, pertsonalegia bilakatu zenean, Rasmus Birchen laguntza izan zuen. Aurtengo Berlinale jaialdiko Panorama sailean aurkeztu zen.
Maitasun zahar bati heldu nahi izan dio Nordahlek. Maitasun aspergarria, maitasun nekatua. Elkarrekin urte asko daramatzan bikote baten harremana. Asko bizi eta partekatu dute Ane eta Thomasek, konplizitate handia dute, baina banandu egingo dira, eta biak gogotsu daude bide berriari ekiteko, baita urduri ere. Begyndelser-ek era sotilean erretratatzen ditu Aneren tragediak familia dinamikan eragiten dituen sentimenduak: emakumearen amorrua eta ezinegona, gizonaren ulermena eta erantzukizun sentimendua, haurren maitasuna eta garapen emozionala.
Trine Dyrholm eta David Dencik aktoreekin lan egin zuen zinemagile danimarkarrak pertsonaiak eraikitzeko garaian, haiek jarri baitira Ane eta Thomasen rolean. Gidoitik haratago joan nahi zuela argi zuen Nordahlek, eta inprobisazioaren bidez bikotea eta haien arteko harremana azaleratuz joan zen. Emaitza, maitasunaren ertzetara egindako bidaia bat.
'Begyndelser'
Zuzendaria: Jeanette Nordahl. Gidoilariak: Jeanette Nordahl, Rasmus Birch. Aktoreak: Trine Dyrholm, David Dencik, Johanne Louise Schmidt, Luna Fuglsang Svelmøe. Argazkia: Shadi Chaaban. Generoa: drama. Urtea: 2025. Iraupena: 96 min. Herrialdea: Danimarka. Estreinaldia: ekainaren 27an estreinatuko da Hegoaldean.
Beste estreinaldi batzuk

'Feng Liu Yi Dai'
Zuzendaria: Jia Zhangke. Gidoilariak: Wan Jiahuan, Jia Zhangke. Aktoreak: Zhao Tao, Li Zhubin, Jianlin Pan, Lan Zhou. Argazkia: Nelson Yu Lik-wai, Eric Gautier. Generoa: drama. Urtea: 2024. Iraupena: 111 min. Herrialdea: Txina
2000ko hamarkadaren hasieran, Txinan, Qiao Qiao eta Guao Binek maitasun istorio bat izango dute: bizia baina hauskorra. Guao Bin desagertzen denean, Qiao Qiaok hura bilatzea erabakiko du.
'Jouer avec le feu'
Zuzendariak: Delphine Coulin, Muriel Coulin. Gidoilariak: Delphine Coulin, Muriel Coulin. Eleberria: Laurent Petitmangin.
Aktoreak: Vincent Lindon, Benjamin Voisin, Stefan Crepon, Sophie Guillemin. Argazkia: Frederic Noirhomme.
Generoa: drama. Urtea: 2024. Iraupena: 119 min. Herrialdea: Frantzia.
Pierrek, trenbideko langile eta sindikalista ohiak, bakarrik hezten ditu bi semeak emaztea hil ondoren. Louis, gazteena, ona da ikasketetan, eta aurrera doa bizitzan. Fus, zaharrena, indarkeriak eta botere harremanek liluratuta, eskuin muturreko taldeetara hurbilduko da, eta aitaren balioei guztiz kontrajarri.
'ramón y ramón'
Zuzendaria: Salvador del Solar. Gidoilariak: Hector Galvez, Salvador del Solar. Istorioa: Miguel Valladares. Aktoreak: Emanuel Soriano, Alvaro Cervantes, Dario Yazbek Bernal, Beto Benites. Argazkia: Inti Briones. Urtea: 2024. Iraupena: 100 min. Herrialdea: Peru.
Ramonek Mateo ezagutuko du konfinamenduan. Ramonek aitaren errautsak jaso ditu, eta Huancayora joan behar du horiek botatzera. Bi mutilen artean, ezberdintasunak gorabehera, lotura sakon bat sortuko da, eta Mateok Ramonekin batera joatea erabakiko du. Bidaia horretan, Ramon ohartuko da galdera okerrei ari zitzaiela bilatzen erantzuna, eta aurrera egiteko sendatu egin behar duela.