Kritika. Musika

Maitasunaren hotsa eta burrunba

Marta Garcia
2026ko abuztuaren 24a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

CAPELLA DE MINISTRERS 

Musikariak: Beatriz Lafont (sopranoa eta gitarra barrokoa), Carles Magraner (da gamba biola), Manuel Minguillon (gitarra barrokoa eta tiorba). 

Egitaraua: 'Ariak eta aieneak': G. Frescobaldi, D. Ortiz, S. d’India, G. G. Kapsberger eta L. Rossiren obrak. 
Lekua: Donostiako San Telmo Museoko klaustroa.
Eguna: abuztuaren 23a. 

 

Antzinako Musika Zikloa ixteko, lehen barrokoaren musika erromatar-napolitarrez osatutako programa ekarri du Carles Magraner musikologoak sortutako Capella de Ministrers taldeak. Elizaren eta aristokraziaren mezenasgoak sakon markatutako garaia izan zen hori, trantsitzio bideak eraiki zituena Berpizkunde garaiko praktika polifonikoetatik lagundutako monodiara, baxu jarraitura zein stylus fantasticus-aren eta abestutako errezitatutaren adierazpen askatasunera. Capella de Ministrersek egindako proposamenean argi eta sen onez erakutsi zen zer nolako aldaketak eman ziren bai ahotserako, bai harizko instrumentuetarako idazketan musika emozioak azaleratzeko bide gisa garatu zedin. Hartan, kantatzea merezi zuen sentimendu garrantzitsuena, noski, maitasuna zen; zehazkiago eta funtsean, maitasun-grinaren asaldura eta hura galtzearen oinazea, ariak eta aieneak.

Horretarako, funtsezkoak izan ziren kide guztien fintasun teknikoa eta, bereziki, Beatriz Lafonten ahots emaria, tarteka berak gitarra barrokoarekin ere lagunduta, hala nola Sigismondo d’Indiaren Ecco filli mia bella (Hona hemen nire alaba ederra) jostalarian eta Alla guerra d’amor (Maitasunaren gerrara) bizian. Girolamo Frescobaldiren Ti lascio, anima mia (Agur, ene arima) ariatik zabaldu zuen Lafontek bere tinbre garbi eta zuzena, kantu monodikotik datozen apaindurei behar den atentzioa jartzeko aproposa, nahiz erregistro altuan, batzuetan, zertxobait motza edo opakua suertatzen zen. Nabarmentzekoa, hala ere, d’Indiaren garapen melodikoa, Torna il sereno zefiro (Itzuliko da haize leuna) arian bereziki sotila. Alderdi instrumentala bikain landuta zuten Magraner eta Minguillonek, biak ala biak errepertorio honetan aditu eta erreferenteak. Tamalez, trumoi hotsek zein euri tanta lodiek klaustroko hareharriaren kontra egindako zaratak ez zuten utzi guztiz gozatzen Minguillonek Kapsbergerren Toccata V-ean hedatutako dinamikak eta fraseatzea. Baina, zorionez, tximistaren danbadak ere ez zuen kontzertuaren edertasuna estali.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA