Maitasunaren ingurumarian

Austenen 'Harrotasuna eta aurrejuzguak' liburua berriz argitaratu dute, itzulpena gaurkotu eta zuzenduta

Inigo Astiz
Bilbo
2013ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Birtuosoa da kasik Jane Austen idazle ingelesak (Stevenson, 1775- Winchester, 1817) Love hitzari izkin egiteko asmatutako modua. Kasu bakan batzuetan aipatzen du, baina, gehienetan, maitasunaren ingurumarian dabil idazlea, maitasuna aipatu gabe. Flirt, admiration, inclination, preference, tolerably powerful feeling, good opinion, regard, gentle sensation... Ana Isabel Morales itzultzaileak onartzen du: une batez izan zuen tentazioa ñabardura eta graduazio guztiak ahaztu eta guztiak hitz bakarrera errenditzeko. «Maitasuna» idatzi eta bakea. Baina ez. «Austenek maitasuna esan nahi izan balu, love esango zukeen, eta ez bazuen esan, zerbaitegatik zen». Izan ere, konplexutasun horrek bihurtzen du Austen Austen. Orain dela hamabost urte pasatxo egin zion aurre dilema horri Moralesek lehenengoz, Harrotasuna eta aurrejuzguak liburua itzultzean. Eta bigarren aldiz izan du orain lan bera. Liburua berriro argitaratu dutenez, itzulpena berraztertu eta eguneratu behar izan du.

Virginia Woolfena da deskribapena, berez, baina bere egin ditu haren hitzak Moralesek. «Emakumeen artean den artistarik onena da liburu hilezkorrak idazten dituen idazlea». Luma zorrotzeko idazlea da Austen. Mugarri dira idatzi zituen sei eleberriak ingelesezko literaturan. Bere garaiko gizarte galantearen inkoherentziei adi idatzitakoak, umore eta ironia finekoak. Artifizioekiko mesfidati. Eta halakoa da Harrotasuna eta aurrejuzguak ere. Britannica entziklopediari hartzen dizkio orain hitzak Moralesek: «Haren arabera, bera izan zen nobela modernoaren ama. Bera izan zen lehena jende arrunta gauza arruntak egiten aurkezten, baina oso gauza berezia ere egin zuen: kezka haiek emakumearen ikuspegitik aurkeztu».

Lehenengoz argitaratu zenetik bi mende bete dira aurten, eta baliatu egin du efemeridea Moralesek. Austenen garaian nagusi ziren estetika eta egoerari buruzko hitzaurre oparoa gehitu dio itzulpenari. «Garai hartan, konbentzionalismoek itota bizi ziren pertsonak, gizarte arau estuen mugen barruan, eta konbentzionalismoak uzten zituen zirrikitu txikiak baliatu behar izaten zituzten elkarren ezagupenera heldu ahal izateko». Eta, hain zuzen ere, hori da nobelak erretratatzen duen errealitatea; harrotasunaren trabak eta aurrejuzguen eragozpenak gainditzeko egin beharreko bide nekoso eta zaila.

Zoriontasunaren nekea

Ezkontzaz betetako liburua dela ere zehaztu du itzultzaileak. Eta azaldu du zergatik: «Oso garrantzitsua zen ezkontza Austenen garaian. Emakumeen ikuspuntutik, batez ere. Ez da nolanahiko kontua. Izan ere, Austenen klaseko emakumeentzat suntsipen handiko arma zela esatera nindoan, baina gehiegizkoa izango da hori, eta esan beharko dut saihestezinezko patua zela, kartzela bat. Baina, aldi berean, eta paradoxikoki, beren biziraupenerako tresna bakarra zen; bai, behintzat, oinordekotza handi baten jabe izan ezean. Hau da: gosez ez hiltzeko ezkondu egin beharra zegoen». Eta eskema mugatu horren alternatibak erakusten ditu liburuak.

Zoriontasun handirik ez, Moralesek dioenez. «Nahiz eta liburuak amaiera zoriontsua izan, erakusten du emakumeek zer aukera gutxi duten amaiera zoriontsua izateko». Eta Elizabeth Bennet pertsonaia nagusiaren esaldi bat horren erakusle, itzultzailearen hitzetan: «Ezkontza bizitzako zoriona halabehar hutsa dela dio eleberriko une batean».

Berreskurapen ariketa bat da liburuaren berrargitalpena. Izan ere, katalogoz kanpo daude garai batean Literatura Unibertsala bildumarako itzulitako aurreneko ehun tituluak. Desagertuta, kasik. Eta horiek berreskuratzeko asmoz sortu du Urrezko Liburutegia egitasmoa Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE), Elkar argitaletxearen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz. Eugene Ionesco, Katherine Mansfield, Edgar Allan Poe, Daniel Defoe, Jonathan Swift, Gustave Flaubert, Mikhail Jurievitx Lermontove eta William Shakespeareren lanen itzulpenekin egin dute lehenago lan hori, eta Austenekin egin dute orain. Bederatzigarren alea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.