Maitasunari gorazarre

Gaur egingo dute 23. Hatortxu Rock, euskal preso eta iheslarien aldeko jaialdia, Atarrabian. Hemezortzi taldek parte hartuko dute bertan

2017ko Hatortxu Rockeko Des-Kontrolen kontzertuko giroa. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Maitasunaren apologia. Hori da gaur egingo duten Hatortxu Rock elkartasun jaialdiaren leloa. Preso edota atzerrian diren lagunek elkartasuna eta maitasuna jasotzearen aldeko aldarria da, antolatzaileek adierazi dutenez: «Etxekoei maitasuna adierazteko eskubidea ostu nahi diete. Errepresaliatuekiko maitasun keinu oro debekatu nahi dute. Horren aurrean, maitasuna adierazteko eskubidea aldarrikatuko du aurten Hatortxu Rockek. Maitasunaren apologia handia izango da». Gaur egingo dute jaialdia, hogeita hirugarrenez, eta aurreko urteetan baino talde eta bakarlari gehiago igoko dira Atarrabiako (Nafarroa) gunean jarri dituzten hiru oholtzetara: hemezortzi.

Musika klase asko entzun ahalko da oholtzotan, oi edo punk estiloekin hasi eta baita popa ere. Kontzertua emango dutenen artean badira urte asko jotzen daramatzaten eta zale asko dituzten taldeak, hala nola Gatibu edo Su Ta Gar. Halaber, Hatortxu Rocken beste aldi batzuetan gertatu den moduan, joko dute zenbait urte oholtzara igo gabe daramatzaten bik. Batetik, Mallorcako (Herrialde Katalanak) Oi! The Arrasek joko du: duela hogei urte egin zuen etenaldia; kontzertu batzuk eman zituen berriz 2009an, eta orain bi kontzertu emateko itzuli da berriz —Hatortxukoa izango da Euskal Herriko bakarra—. Bestetik, bost urte geldirik daramatzan Iheskidek ere parte hartuko du jaialdian.

Bestalde, euskal musikaren panoraman sartu berriak diren baina indartsu datozen hainbat talde ariko dira Atarrabian: Rotten XIII, Huntza, Koban, Nogen... Azkenik, urtero ekarri ohi dute Euskal Herritik kanpoko talderen bat, eta aurten, aipatu Oi! The Arrasez gain, Tremenda Jauria espainiarra izango da. Horien ondoan, honako talde eta bakarlari hauek ariko dira: Los Zopilotes Txirriaus, Skabidean & The Black Birds, En Tol Sarmiento, Suaia eta Ama Rebel, Bad Sound, Onki Xin, Xabi Bandini, Nerabe eta DJ Reimy. Antolatzaileek bereziki eskertu diote Tafallako (Nafarroa) Rotten XIII taldeari parte hartzea, urtarrilean Javi Fernandez baxu jotzailea hil baitzitzaien. «Eta, urte zail baten ostean, berriz ere barrenak husteko asmoz, Atarrabian izanen dira».

Taldeen eskaintza ez ezik, azpiegitura ere handitu dute aurten: agertoki eta karpa bat gehiago jarri dituzte. Hator hator, Etxera! eta Elkartasuna dira agertokien izenak, eta azken hori karpa berrian egongo da, beste bietatik bananduta. Beste giro bat emango diote gune horri: kontzertu lasaienak bertan egingo dituzte, kontzertuen arteko etenaldiak ere bai, eta sukaldea bertan izango da. Festibala handitzearen arrazoi nagusia da, antolatzaileen esanetan, urtero saltzen direla sarrera guztiak. Baina, aukera handituta ere, berehalakoan agortu dira sarrerak aurten ere: hemeretzi egunean.

Hogei urte bete ditu aurten Hatortxuk. Euskal presoei babesa emateko eta sakabanaketaren ondorioak samurtzeko sortu zuten, 1999an. Jaialdi txiki bat zen hasieran, eta Berriozarko (Nafarroa) pilotalekuan egiten zuten, baina handituz eta sendotuz joan da, eta erreferentziazko ekitaldia da gaur askorentzat. 2009an, jaialdiaren hamargarren aldia ospatzeko, festa berezia egin zuten, hiru egunekoa, Lakuntzan (Nafarroa), eta 65 kontzertu antolatu zituzten. 2017an, hogeigarrenean, gauza bera egin zuten, 84 kontzerturekin.

Ehunka boluntarioren laguntzari esker ateratzen dute aurrera jaialdia urtero; zazpiehun inguru izan ohi dira. Talde batek hartzen du hori koordinatzeko ardura: txanden puzzlea osatu ondoren, Nafarroako herrietara jotzen dute, boluntario bila, eta, gero, lagun guztiak koordinatzen dituzte. Boluntario guztiei esker da posible festibala, antolatzaileek nabarmentzen dutenez.

Behar den bitartean, bizirik

Hatortxu prestatzen dutenek urtero azpimarratzen dute hiltzeko helburuarekin jaiotako jaialdi bat dela, baina, oraingoz, beharrezko ikusten dute: «Egoera herri hau behar duenetik urrun dago; oraindik ere 246 euskal preso politiko daude espetxean, eta horietako lau daude soilik Euskal Herrian». Hala, sakabanaketak iraun artean Hatortxu ere bizirik egongo dela ziurtatu dute. Dena prest dute jada gaurkoari ekiteko: arratsaldeko 15:30ean irekiko dituzte ateak, eta ordu erdi geroago hasiko da lehen kontzertua, Iheskiderena, Hator hator karpan. Toki berean izango da azkena: biharko 05:10ean joko du Bad Soundek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.