Makilakadak kontzientziari

Nazioarteko hainbat film jaialditan izango da 'Beti bezperako koplak' film laburra. Maialen Lujanbiok indarkeria matxistari idatzitako hitzak ditu ardatz.

Maialen Lujanbio bertsolariak sortutako koplak dira film laburraren ardatza. AGEDA KOPLA TALDEA.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2017ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Erritmoa markatzen duten makilen hotsak, irratian. Pun, pun, pun. «Aterik ate kantari gatoz/ makil ta ahots ozen gu/ etxe hontako nagusi jaunak/ etxekoandrea jotzen du». Pun, pun, pun. «Leihotik bota du haurra/ kolpez hausten da intxaurra/ boterea ez da hainbeste aldatu/ hogei mendetatik gaurra». Pun, pun, pun. Emakumeen aurkako indarkeriari buruz Beti bezperako koplak sortu zituen Maialen Lujanbio bertsolariak Euskadi Irratiko Faktoria irratsaiorako, joan den urteko Santa Agenda egunaren bezperan. EHUko Arte Ederren fakultatera zihoala entzun zuen Lujanbioren lana Bego Vicario irakasle eta zinemagileak. Makila kolpeak eta bertsolariaren hitzak buruan iltzatuak eta barrenak nahastuta zituela iritsi zen ikasleengana. «Zerbait egin behar dugu honekin». Emaitza: 5:22 iraupeneko animaziozko film laburra. Rotterdamgo nazioarteko zine jaialdian izan berri da, eta Kairo, Clermont-Ferrand (Frantzia), Stuttgar (Alemania) eta New Yorkeko jaialdietan ere aurkeztuko dute lana datozen hilabeteetan

Ezusteko kate baten ondorioen emaitza da Beti bezperako koplak film laburra. Vicariok Lujanbioren lana entzun eta irakasleakerronka hartu zuen berehala; Ustekabean, ikasle ohiak ere unibertsitatera gerturatu ziren egun berean. Ikasle izandako beste aditu batzuei ere bota zien amua Vicariok; tartean, Kote Camacho, Zaloa Ipiña eta Aitor Oiñederrari. «Hogei pertsonako taldea osatu genuen, konturatzerako. Ikasleen hiru belaunaldi elkarrekin ikustea izugarria izan zen niretzat. Aspaldidanik izan dut ikasleekin batera sortu eta produzitzeko gogoa, baina denbora faltagatik edo bestelako arrazoiengatik ez dugu inoiz aurrera egin».

Vicario izan da Beti bezperako koplak egitasmoaren koordinatzailea. Baina hogei kideek egin dute zuzendaritza lana. Ageda kopla taldea osatu dute egileek. «Guztiak gara ekoizle eta zuzendariak. Hori da egitasmo honek duen berezitasuna». Joan den urteko maiatzean bukatu zuten lana. Eta hainbat jaialditan izan dira jada: Lekeition, Eibarren, Gasteizen eta AEBtan, besteak beste. Espero ez zuten dimentsioa hartu du; berez, ikasle, ikasle ohi eta irakasleen arteko jolas gisa sortutako egitasmoak.

Hitzen indarra

Hamairu kopla sortu zituen Lujanbiok, eta makila kolpeen hotsak besterik entzuten ez diren lau segundoko tarteak ere baditu. Isilune edota kopla bat aukeratu eta animazioa pieza bat sortzeko ardura izan du partaide bakoitzak. Irudiekin bertsolariaren hitzei itzalik ez egitea izan da sortzaileen erronkarik zailena Vicarioaren arabera. «Biolentziari buruzko koplak dira, eta, deskriptiboak edo morbosoak ez diren arren, irudi indartsuak sortzeko gaitasuna dute. Hitzek duten ahalmen hori mantendu nahi genuen».

Bertsolariaren koplak plaza gehiagotan zabaltzea da egitasmoaren helburuetako bat. Eta lortzen ari dira hedapen hori. Datozen hilabeteetan ere mundu mailako hainbat jaialditan izango da film laburra. «Enbaxadore lana da egiten ari garena. Gure xumetasunetik, euskara eta bertsolaritza zabaltzen ari gara mundu osoan zehar. Formatu esperimentalean, gainera». Elkarlana izan da Beti bezperako koplak film laburraren oinarri nagusia. Zinemagilearen arabera, animazioaren produkzioak ere ahalbidetzen du hori. «Animazioaren eremuan ez dugu alfonbra gorririk izaten, ezta glamourrik ere. Etengabeko lana eta adierazkortasuna dira gure egunerokoak. Ego gutxiago egoten da eta besteen lana asko estimatzen da».

Bost minutu eta hogeita bi segundoko filma da. Baina denbora luzez iltzatzen dira makilen hotsak eta Lujanbioren hitzak buruan. Pun, pun, pun. «Aurrera goaz dena aldatzen da/ denbora pasa heinean/ dena aldatzen da aldatzen ez den/ oinarri baten gainean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.