SAIL OFIZIALA
Utzikeriaren hondamendia
Irudikatzen dut galeria zahar bat, argizarizko museo bat balitz bezala, eta bertan erakusgai zinemak eman dituen aita ankerrak, nor bere garaian, bere jantzi eta orrazkeraz, munduari ironia amiñi batez so eginez: bai, izan ginen min eragileak, izan ginen izurrite handi bat, eta hemen gaude oraindik. Utzikeria, abandonua, ez baita inoiz modaz pasatzen. Zertarako izan aita, ez bada uzta zaintzeko? Zein nezesidade zeneukaten hazia ipintzeko, asmo bakarra lorea zimeltzen uztea bazen. Galdera funtsezko eta sakon honi heltzen dio El mal padre-k, izenak aski esplizituki azaltzen duen bezala. Aita, Eduard Fernandez, beharbada gehiegi sofistikatutako idazle ergel, harro eta arlote baten paperean. Haren ondoan, hari so, espantu batean, seme-alabak, denak nolabaiteko autonomia antzezten, baina haien min eta zaurien gatibu.
Film teatrala da oso, oro da hitz eta azalpen, eskari, erregu, iseka, mesprezu... eta erantzun gutxi batzuk. Kamera ez balego, entzun egin genezakeen filma, podcast bat balitz bezala. Batzuetan hain-hain da naturala, ezen zinez aita-semeak direla sentitzen duzun, beste batzuetan naturaltasunak ihes egiten du, hodei baten atzean geratzen den eguzkia bezala. Tarteka sorgintzen zaituen filma da; baina magia, maitasuna bezala, haize fin batek eraman dezake.Â