Malenkoniatik argirantz

Jeronimo Martin musikagileak 'Quinoa' jazz diskoa kaleratu du, seikote moduan

Jeronimo Martin, estudioan, diskoa grabatzen, joan den abenduan. Z / BESTEAK.
Igor Susaeta.
2012ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Elementu erromantikoak eta malenkoniatsuak erabiltzen ditu Jeronimo Martin musikagileak (Bilbo, 1974) bere abestietan. «Barru-barruan sentitzen dudan behar batek eramaten nau eremu horietara». Eta bi elementu horiek elikatu dute Quinoa (Errabal), bere bigarren diskoa, jazz seikote moduan ondutakoa. Baina eremu malenkoniatsu eta erromantiko horietan badira «lasaitasunerako uneak», eta «itxaropena» sortzen da orduan, «argia» azaltzen da, Martinen ustez. «Malenkoniaren bidez ateratzen diren sentimenduak, itxaropenak transmititzen dituenekin kontrajarri ditut diskoko abestietan». Zortzi guztira. Piano jotzailearen bigarren diskoa da. Orain sei urte Piedraescrita (Errabal) kaleratu zuen, orduan hirukote moduan, Hasier Oleaga (bateria) eta Javier Mayorrekin (kontrabaxua) batera.

Quinoa aurreneko disko haren «jarraipena» dela iruditzen zaio Martini. «Tira, beharbada elementu erromantiko eta malenkoniatsuen garrantzia nabarmendu dut oraingoan». Halere, haren asmoa ez da izaten malenkoniatsua edo erromantikoa izatea. «Barruan egosten den zerbait da, eta inprobisazioaren bidez kanporatzen dut».

Autore musika egiten du Martinek, adituen ustez. Hari buruz esaten dute ez duela jazza egiten afroamerikarren moduan. «Egia da. Ez naiz afroamerikarra, ez naiz AEBetan bizi, eta nire intentzioa, Euskal Herrian bizi naizenez, ez da jazz afroamerikarra egitea». Gainera, bestelako «background-a» dauka: «Musika klasiko asko entzun dut». Musika barrokoari dagokionez, adibidez, «aspaldi» aurkitu zituen «Johann Sebastian Bach edota GeorgFriedrich Haendel. Erromantizismotik XX. menderako tartean, berriz, Jean Sibelius edo Piotr Ilitx Txaikovski nabarmenduko lituzke. «Eta XX. mendean, joera inpresionistaren barruan, ba, Claude Debussy edo Maurice Ravel, esaterako».

Jazzera «esperimentazioaren bidez» hurbildu zen. «Jazzak nire beharrei aukera praktikoak eskaintzen zizkiela konturatu nintzen. Baina nire nahia sekula ez da izan be-bop musikaria, edo estetika afroamerikarreko musikaria bihurtzea». Entzuten ditu jazz afroamerikarreko diskoak, baina nahiago ditu Europan ondutakoak. «Batez ere, FM zigiluarenak. Identifikatuagoa sentitzen naiz. Harreman gehiago daukate gure kulturarekin. Ez gara eskandinabiarrak, baina gertuago sentitzen dut hango jazza, AEBetakoa baino». Jazzeko izen batzuk ematen hasita, Keith Jarret, Pat Metheny edo Egberto Gismonti —«nire musikari kutunetako bat»— aipatu ditu. Europako piano jotzaileen artean, berriz, Bobo Stenson suediarra eta Jon Balke norvegiarra gustatzen zaizkio. «Halere, piano jotzailerik ez duten taldeak ere entzuten ditut».

Metodo «intuitiboa»

Martinek, ordea, pianoa behar du konposatzeko. Haren metodoa, baina, «oso intuitiboa» da, abiapuntu gisa inprobisazioa duena. «Beharra dudanean esertzen naiz pianoaren aurrean. Askotan sortzen dira giro batzuk, eta horiek eremu batzuetara eramaten naute. Eta hor husten naiz. Jotzen jarraitzen dut, puntu batera iritsi arte». Jotzen ari dena gogoko badu, apuntatu egiten du. Batzuetan, apuntatutako horri atseden ematen dio. «Hilabetetako edo urtetako» atsedena, batzuetan. «Gero dator musika konposatzeko unea. Musika horiek batzekoa, garapen organiko bat eduki dezaten». Eta erabakitzen du zein instrumenturekin landu.

Disko honetan, seikotearen aldeko hautua egin du Martinek. «Gogoko nuen hirukotea, baina pentsatzen nuen indar handiagoalor zitekeela sei instrumenturekin. Gainera, errazago jolas egin daiteke konposatzeko orduan». Diskoa joan den abenduan grabatu zuten Donostian, Elkar estudioetan, eta Ruben Salvadorrek jo ditu tronpeta eta fliskornioa, Julen Izarrak saxo tenorra, Gonzalo Fernandez de Larrinoak tronboia, Mayorrek kontrabaxua, eta Hilario Rodeirok bateria.

Martinen izena darama taldeak, baina haren pianoa ez da abestietan gehiegi nabarmentzen. «Ni izan naiz musikaren sortzailea, konponketak egin dituena, zuzendari musikala, ekoizlea... Hasieratik oso garbi nuen pianoa ez zela izango elementu nagusia. Modu orkestralean pentsatzen dut. Berdin zait lehen planoan edo bigarrenean egon. Ez naiz musikariz inguratutako bakarlari bat».

Haiek lagundu diote malenkoniatik argira joaten. Quinoa laboreak bezala. «Gogoko dudan laborea da. Diskoa osatzen ari nintzenean aurkitu nuen, eta hitzaren sonoritatea bera, gainera, oso positiboa iruditzen zait».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.