Donostiako Nazioarteko 62. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Malo: «Zintzotasunetik eginiko lana da, manikeismoari ihes eginez»

Publikoaren txaloak jaso ditu 'Lasa eta Zabala' filmak.Auziaren aurrean jarrera bat hartu duela azaldu du zuzendariak; «izugarrikeria bat jasan dutenen ondoan» jartzea.Lehiaz kanpo aurkeztu da pelikula

Pablo Malo zuzendaria (ezkerretik hasita seigarrena), Lasa eta Zabala filmeko ekoizle, gidoigile eta aktore taldearekin, atzo, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2014ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Bazen ikusminik. Hainbat komunikabidek auzitan jarria zuten pelikula estreinatu aurretik ere. Filma bera baino gehiago, euskal gatazkaren atal beltzenetako bati, Joxean Lasa eta Joxi Zabala errefuxiatuen bahiketa, torturatze eta hilketei zein ikuspuntutatik helduko ote zitzaion zuten zenbaitek begipuntuan. Esku artean «auzi delikatua» zuela jakitun zen Pablo Malo zuzendaria Lasa eta Zabala filmatzen hasi zenean, bazekien «lupaz» begiratuko zutela. Manikeismotik ihes eginez eta «zintzotasunetik» kontatu nahi izan du istorioa. Eta publikoaren txalo zaparrada jaso zuen atzo leporaino bete zen Kursaalean.

Ilara luzeak sortu ziren eguerdiko emanaldira sartzeko, eta ohi baino kazetari gehiago bildu ziren osteko agerraldian. Aktore taldea, Joanes Urkixo gidoigilea eta Joxe Portela filmaren ekoizlea alboan zituela agertu zen Malo hedabideen aurrera. Azken egunotan politikaz zinemagintzaz baino gehiago hitz egin behar izan duela esan zuen. «Portelak pelikula egiteko eskaintza egin zidanean, jendeak zoriondu ordez doluminak ematen zizkidan; orduan jabetu nintzen non sartzen ari ginen, eta pelikula ez zela bere horretan film baten gisan ikusiko. Asteak daramatzat politikaz hitz egiten, batere gogorik ez nuena; inbidia ematen didate nire kideak zinemagintzaz hizketan».

Proiektuari ekitean hasieratik jarrera bat hartu duela azaldu zuen. «Oso argi neukan hasieratik kamera leku batean jartzen ari naizen unetik posizio bat hartzen ari naizela. Ezin dut indarkeria jasan, ezin dut ulertu jendea indarkeriaren bidez komunikatzea, hitz egiteak izan behar luke komunikazioa. Nik oso argi izan dut posizionatu egin naizela, eta izugarrikeria bat jasaten ari diren bi pertsonen ondoan jarri naiz». Bi gazteek jasandakoa inoiz gertatu behar ez zen zerbait izan zela gaineratu zuen, eta jarrera horrekin ez dela «Guardia Zibil osoarekin, ez PSOE osoarekin, ez inorekin» sartzen ari zehaztu. «Gertakari zehatz batzuk kontatzen ari gara, pertsona zehatz batzuek une eta testuinguru oso jakin batean eginikoa. Ez da gure asmoa izan pelikula batzuek besteei kaka botatzeko arma gisa erabiltzea; zintzotasunetik eginiko lana da, manikeismoari ihes eginez, eta diskurtso handirik gabe».

Ildo horretan, «bi aldeez» hitz egiteak pena ematen diola esan zuen, eta berak, edozein dela ere, beti «gaizki pasatzen ari den pertsonaren alde» egiten duela. «50 urte eta gero, herri honetan azkenean hasi gara jabetzen hitz egin eta elkarrekin bizi daitekeela». Bi gazteen arrebekin hitz egin duela, eta «gorrotoaz, mendekuaz hitz bakar bat ere ez» diela entzun aipatu zuen Malok. «Inor iritsi zait esatera merezi zutela, sartu ziren lekuan sartzeagatik, eta hori izugarrikeria iruditzen zait. Ideia horiekin joan, eta izugarria izan zela eta ez zuela gertatu behar pentsatzen ateratzen bada, pentsatuko dut filmak merezi izan duela».Hori esatean aretoan bildutakoen txaloak jaso zituen Malok.

Pertsonaiak eta pertsonak

Pertsonaia batzuk karikaturizatu eta beste batzuk onbera egin dituenaren kritikaren aurrean zer esango lukeen galdetu zioten Malori. «Auziko sumarioan oinarritu gara, eta hor bakoitza izan den bezala erretratatu da». Bi gazteen bizitzaz gehiago kontatu ez izana, edo testuinguruko beste hainbat gertaerez gehiago hitz egin ez izana, hautatu beharrak eragin zuela dio. «Gauza asko genituen kontatzeko, eta tarte gutxi hori egiteko. Istorioa testuingurutik at kokatu dugula esan du norbaitek, baina uste dut atentaturen bat kontatuz-edo pelikula orekatzen saiatu izan bagina, ziurrenik zerbait anekdotiko bezala geratuko zela eta esango zitzaigula ez geniola horri arreta gehiegi jarri. Gainera, niri beldur handia ematen zidan zein handia egiten ari zen filma, zailtasunari dagokionean; ez da ahaztu behar elkarrizketak dituzten 56 aktorek jardun dutela, eta oreka bilatu dugu lana dispertsoegia ez geratzeko».

Guardia zibilen pertsonaiak arketipoetan erortzen ez ote diren ere galdetu zion kazetari batek, eta ezezko biribila eman zuen zuzendariak. «Ikertzen joan ahala konturatu ginen pertsonaia horiek apur bat puztuz gero, karikaturizatu egingo genituela. Ziurtatzen dizuet pertsonaia haien errealitatea askoz ere muturrekoagoa zela. Bideoak ikusi besterik ez dago». Zuzendariaren esanetan, berea «ez da onen eta gaiztoen pelikula bat, hori bai litzateke sinplista; baina hemen argi dago pertsonaia batzuk izugarrikeriak egiten ari direla». Ildo horretan, dokumentatze prozesuan zehar auzian nahastutako guardia zibilei buruz kontatu dizkieten hainbat pasarte, Bayo eta Doradori buruz esaterako, ez dituztela pelikulan sartu gehitu zuen, «sinesgaitzak izango zirelako. Ziurtatzen dut horretan asko moztu garela, ez liokeelako istorioari mesede egingo».

Baionan, 1983an bahitu zituzten bi gazteak, eta hamabi urtera hasi ziren auzia ikertzen, Alacanteko mendialde batean haien gorpuzkinak agertu ostean. Bahiketak gertatu eta epaiketara arteko tartea kontatzen du filmak. Auzia eraman zuen Iñigo Iruin abokatuaren rolean aritu da Unax Ugalde aktorea, eta hark, Fede laguntzailearekin batera epaiketarako eginiko ikerketak egiten du hari lana. Bi gazteek jasandako torturak eta hilketen unea oso era gordinean erakutsi nahi izan ditu zuzendariak. Bi pertsonaiak jokatu dituzten Jon Anza eta Cristian Merchan aktoreen lana goraipatu zuen Malok.

Rodriguez Galindo jeneralaren rolean aritu da Francesc Orella, eta erreala den neurrian, pertsonaiarengana «egiazkotasun gehiagoz gerturatzeko ardura» handiagoa izan dela dio. «Halere, pertsonaia erreala edo fikziozkoa izan, aktore lana berbera da azkenean: zure betebeharra da haren larruan sartzea, bere pentsaera, anbizio, beldur eta obsesioak ulertzen saiatzea. Erabat kontziente nintzen Galindok zer suposatu duen Euskadin, eta horrek presio apur bat ematen dizu, baina aldi berean erronka bat zen, eta zirraragarria izan da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.