Mando Diaorekin hasiko da gaur Mundakako Festibala

Lee Fields & The Expressions, Allah-las, Beth Hart, Zea Mays, Ocean Colour Scene eta Willis Drummondek joko dute igandera bitartean

Ocean Colour Scene izango da jaialdiko talde nagusietako bat. BERRIA.
mikel lizarralde
2017ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Doinu askotarikoak bildu ditu Mundakako Festibalak (Bizkaia) orain arteko bi ekitaldietan —handik igaro dira Danko Jones, The Waterboys, Echo & The Bunnymen eta The Sonics, besteak beste—, eta ildo berari eutsiko dio aurten ere, rocka ardatz duela, baina rhythm and bluesari eta popari ere lekua eginda. Jaialdia gaur hasi eta igandera bitartean egingo da, eta, antolatzaileek nabarmendu dutenez, «musika, gastronomia eta natura» uztartuko ditu. Jaialdia Santa Katalina penintsulan egingo da.

Gaur, 20:00etan hasiko da jaialdia, Peter Harper gitarrista eta abeslariaren soul kutsuko folkarekin, eta segidan arituko dira oholtza gainean Julian Maeso eta Quique Gonzalez & Los Detectives musikari espainiarrak. Mando Diao Suediako taldeak udaberrian kaleratu du estudioko bere zortzigarren diskoa, Good Times, zeinetan 60ko hamarkadako rock-and-rollari eta garage musikari eusten dion. Zea Mays taldearena izango da (02:30) azken kontzertua gaurko egitarauan, Dark DJk saioa hasi aurretik.

Soinu eta doinu beltzak izango dira biharko egitarauan nagusi. Batetik, Lee Fields kantaria (AEB, 1951) ariko da, bluesetik, souletik eta rhythm & bluesetik edaten duen proposamen bero eta dantzagarri batekin. Urteetan fokuetatik kanpo izan ondoren, azkeneko zazpi-zortzi urteetan soul eremuko musikari laudatuenetako bat bilakatu da. Musika beltza da Ocean Colour Scene talde ingelesaren oinarrietako bat, nahiz eta horien soinuan Paul Wellerren eragina ere nabarmentzekoa den. Last Fair Dealen hard-bluesak, Allah-lasen rock-and-roll irekia eta Beth Harten blues eta rock uztarketak osatuko dute eguna.

DJ Blackak bermutaren orduan egingo duen saioarekin hasiko da igandea, eta arratsalde-iluntzean, berriz, Seiurte, Willis Drummondeta The Rad Trads arituko dira. Azken talde hori New Yorken sortua da, eta amerikar musikaren eragina biltzen du. Souletik jazzera eta swingetik rockera mugitzen da seikotea, beti energia biziaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.