Manu Dibango eta Oreka TX elkarrekin Baionan

Black & Basque jaialdiak afroamerikar eta euskal kulturak uztartuko ditu bigarrengoz Baionan

Manu Dibango Oreka TX-rekin ariko da Baionan. BERRIA.
mikel lizarralde
2012ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Joan den urtean egin zen aurreneko aldiz Black & Basque jaialdia, eta orduan izandako arrakastak bultzatuta, aurten ere erritmo eta doinu beltzez jantziko da Baiona asteburuan. Bihar hasita eta igandera arte, euskal eta afroamerikar jatorriko hamaika artista bilduko dira La Poterne zelaietan; horien artean nazioartean sona handia lortu dutenak (Manu Dibango, Sandra Nkake) eta baita euskal musikariak ere (Oreka TX, Gasteiz Big Band). Dibango kamerundarra eta txalapartari taldea elkarrekin ariko dira jaialdiaren azkeneko egunean.

Gainera, joan den urteko protagonistetako bik aurten ere hartuko dute parte jaialdian, Angelique Kidjo kantari benindarrak eta Laurent Garnier DJ frantziarrak.

Iaz bezala, bi kultura —euskalduna eta afroamerikarra— uztartzea izango du xede nagusia Christian Borde Moustic buru duen antolakuntza taldeak, eta musikaz harago bestelako proposamenak ere eskainiko ditu; hala nola hitzaldiak (Renaud Faroux, Kirmen Uribe, Mr. Freeze), arte grafikoei lotutako ekitaldiak (Gonzalo Etxebarria, Jose Luis Zumeta, Cook My Record, 9eme Concept & Freddy Jay) eta argazkilaritza erakusketak (Angela Mejias, Patxi Laskarai, Edouard Caupeil). Sukaldaritzak eta zinemak ere lekua izango dute jaialdiaren programazioan.

Black & Basque jaialdia Angelique Kidjoren kantaldiarekin hasiko da bihar. Kidjok (Benin, 1960) oso gaztetatik izan zuen harremana musikarekin eta dantzarekin, eta 1982az geroztik, Parisen bizi da. Hain zuzen ere, Frantzian egin du ibilbide artistikoa, betiere bere jatorrizko doinuei eta erritmo beltzei lotua.

Larunbatean Tony Allen bateria jotzaileak parte hartu behar zuen Atypik Orkestrarekin, baina, azkenean, Fela Kutiren laguntzaile handia izan zenak Londresen egon behar du egunotan ekoizpen batean lanean, eta ezin izango du Baionan jo. Nolanahi ere, hitz eman du hurrengo ekitaldian etorriko dela. Haren ordez Jean-Baptiste Ekoue Gbadoe bateria jotzaileak gidatuko du Atypik Orkestra. Haren aurretik beste hainbat artista pasatuko dira agertokitik: Gasteiz Big Band, Push Up!, Nicolas Repac, Sandra Nkake eta Trombone Shorty & Orleans Avenue.

Azkenik, igandean Manu Dibango saxofoi jotzaile beteranoa (Kamerun, 1933) izango du protagonista. Dibangok Oreka TX euskal txalapartari taldea izango du lagun agertokian. Ez da bereaz oso bestelako kultura bateko artistekin lan egingo duen lehendabiziko aldia, besteak beste Fania All Stars, Fela Kuti, Peter Gabriel, Herbie Hancock, Eliades Ochoa, Sinead O'Connor eta Sly and Robbierekin aritu baita.

Aurretik Angelique Kidjok Tximi Txama haur abesbatzarekin kantatuko du, eta La Poternen ariko dira, halaber, Chlorine Free eta IAM Marseillako (Frantzia) hip hop taldea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.