Manuel Asin izango da Ikuspuntu jaialdiko zuzendari artistikoa 2025era arte

Lehiaketa publikoko prozesuan baloraziorik onena jasko duen hautagaitza izan da harena. Aurki hasiko da 16. Ikuspuntu jaialdia diseinatzeko lanean, Teresa Morales de Alava zuzendari exekutiboarekin batera.

Manuel Asin zinema programatzailea, Ikuspuntu jaialdiko zuzendari artistiko berria. IKUSPUNTU JAIALDIA
Ane Eslava.
2021eko ekainaren 17a
15:50
Entzun

Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko jaialdiak jakinarazi du nork hartuko duen Garbiñe Ortegaren lekukoa datozen lau urteetarako: Manuel Asin (Zaragoza, Espainia, 1978) zinema programatzaile, editore, irakasle eta idazleak. 2021eko jaialdiaren ondoren NICDO enpresak gauzatu duen lizitazio publikoko prozesuan baloraziorik onena lortu duen hautagaitza izan da harena, eta 2022-2025eko epean zuzendari artistikoa izango da.

Asin Madrilgo Arte Ederren Zirkuluko zinema arloko arduraduna da 2016tik, eta Nafarroako Unibertsitateko Museoaren programatzaile gisa ere aritu da 2015etik. Intermedio enpresa banatzailearen zuzendaria izan da, eta hainbat filmoteka, jaialdi eta insitutziotarako zikloak programatu ditu. Zinemaldi ugaritako epaimahaietan ere parte hartu du.

Orain, Teresa Morales de Alava Ikuspuntuko zuzendari exekutiboarekin batera arituko da 16. zinemaldiaren diseinuan. Hurrengo hilabeteetan zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartzeko izena emateko aurkezten diren proiektuak baloratuko dituen Hautaketa Batzordea antolatuko du, eta hurrengo jaialdiaren edukiak proposatuko ditu. Jaialdia 2022ko martxoaren 14tik 19ra izango da.

Nafarroako Gobernuak 2005ean sortu zuen Ikuspuntu jaialdia, eta Kultura Zuzendaritza Nagusiaren programa artistikoen artean «nazioarteko proiekzio handienekoa» da. Jaialdiak zuzendaritza partekatuaren egituraren aldeko hautua egin du hasieratik, zuzendaritza exekutiboa eta artistikoa bereiziz. Azken hori, gainera, lau urtean behin berritzen dute.

Jaialdiak nabarmendu duenez, zuzendaritza artistiko bakoitzak «bere arrastoa utzi du» Ikuspunturen nortasunean, «kalitatezko erreferentzia bihurtuz eta ez-fikzioko zinemaren esparruan urtero nazioarteko ezinbesteko hitzorduetako bat bihurtuz». Orain arte, zuzendaritza kargu hori hartu izan dute Carlos Muguirok, Josetxo Cerdanek, Oskar Alegriak eta Garbiñe Ortegak, ordena horretan. Azken horrek 2021ean itxi zuen bere ibilbidea jaialdian.

«Aberasgarria izango da»

Hautagaitza guztiak aztertu dituen batzordeak nabarmendu du Asinen profila «egokia» dela, trerbakuntza eta esperientzia handia dituelako, eta eskarmentua duelako erakundeekin lankidetzan. Ikuspuntu proiektuaren inguruan egin duen azterketa «osoa, zehatza eta sendoa» dela baloratu du, eta etorkizunerako proposamena «argia» dela. «Interes handia du arlo sozialean, inklusioan eta berdintasunean». Hori dela eta, jaialdiari egingo dion ekarpena «oso aberasgarria» izan daitekeela uste dute, eta eragin «positiboa» izango duela jaialdiaren bilakaeran eta sendotasunean.

Asinen hitzetan, bere proiektuak sendotu nahi du «jaialdiaren jatorri historikoan dagoen abangoardiaren eta errealitatearen arteko aliantza», «nazioartekoa ez ezik, internazionalista ere» baden proiektu baten bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.