Donostiako 87. Musika Hamabostaldia

Mari Puri Herreroren trazuek apainduko dute San Telmo museoa 87. Musika Hamabostaldian

Jaialdiak artistaren zortzi lan emango dizkio dohaintzan Donostiako San Telmo museoari, bien lankidetza akordioari jarraikiz. Museoak, Antzinako Musika Zikloaz eta Ganbera Musika Zikloaz gain, bi hitzaldi ere hartuko ditu aurtengo jaialdian.

Musika Hamabostaldiko Antzinako Musikako Zikloaren eta Ganbera Musikako Zikloaren aurkezpena, gaur, Donostiako San Telmo museoan. JON URBE / FOKU
Musika Hamabostaldiko Antzinako Musikako Zikloaren eta Ganbera Musikako Zikloaren aurkezpena, gaur, Donostiako San Telmo museoan. JON URBE / FOKU
Donostia
2026ko abuztuaren 3a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oinarri laranjaren gainean urdinez marraztuta daude giza itxurako irudiak, «musika iradokitzen dutenak, zelatan, agertzen eta desagertzen direnak». Koloreen eta arkatzen kontrastea da nagusi 87. Musika Hamabostaldiaren kartelean. Mari Puri Herreroren (Bilbo, 1942) obra da aurtengo irudia, eta artistaren beste zenbait lanek irudiz jantziko dituzte Donostiako San Telmo museoan egingo diren Antzinako Musikako Zikloari eta Ganbera Musikakoari ere. Museoak, gainera, musika ez ezik hitzaldiak ere hartuko ditu egitarauan.

Musika Hamabostaldiak eta San Telmo museoak 2021ean sinatu zuten, lehenengoz, lankidetza hitzarmena. Ordutik, jaialdiak urtero artista baten zenbait obra dohaintzan ematen dizkio museoari, eta trukean museoak bere ekitaldi aretoa, klaustroa eta eliza jartzen ditu festibalerako erabilgarri. Gaurdaino, San Telmo museoaren funtsetan sartu dira, besteak beste, Xabier Erkiziaren Los puentes son heridas, las heridas cicatrices, las cicatrices nombres ikus-entzunezko instalazioa (Zubiak zauri dira, zauriak orbain, orbainak izen) eta Susana Talayeroren El grito (Oihua, 2014), Ser craneo II (Burezur izakia II, 2020) eta Planta 1 (1. solairua, 2020) formatu handiko margolanak.

Aurtengo aldian, jaialdiak 87. Musika Hamabostaldiaren kartela egin duen artistaren beraren obrak eman dizkio museoari; kartelaz gain, Herreroren zortzi marrazkiz osatutako bilduma, zehazki. Antolatzaileek nabarmendu dute marrazkiek erakusten dutela Herrerok «teknika asko» menderatzen dituela, estilo «oso pertsonala» duela, eta modetatik «guztiz» kanpo dagoela: «Haren jenialtasuna irudimena errealitaterik hurbilenarekin konbinatzeko duen gaitasunean datza». Obra guztiak dira 60ko hamarkadan sortutakoak, eta hainbat teknika agertzen dira haietan: luma, tinta, arkatza eta akuarela, esaterako.

Baina, Musika Hamabostaldia izanik, museoak musika ere eskainiko du bere instalazioetan. Batetik, Antzinako Musikako Zikloa. Lau kontzertuz osatuta dago programa, eta abuztuaren 28raino iraungo du. Jaialdiak azaldu du errepertorioa Errenazimentuaren amaieratik abiatuko dela, Dowland eta d’India aitzindariekin, eta Bach, Haendel, Telemann eta abarren musikarekin amaituko.

Antzinako Musikako Zikloak urtero oholtzara eramaten ditu historian atzean utzitako garaietako musika eta instrumentuak, eta halaxe egingo du aurten ere. La Real Camara, Collegium Musicum Madrid, Gli Incogniti eta Capella de Ministres taldeak arituko dira oholtzan, ostiralean, abuztuaren 18an, 21ean eta 23an, hurrenez hurren. Guztiak hasiko dira 20:30ean.

Arreta berezia ganbera musikari

Ganbera Musikako Zikloa ere lau kontzertuk osatuko dute, eta abuztuaren 24ra arte iraungo du. Programak, San Telmo museoko klaustroan, «espazio zabala» eskainiko dio ganbera musikari. Ibilbidea egingo du XVIII. mendetik XX. mendera bitarteko ganbera errepertorioko erreferentziazko obretan zehar, eta «arreta berezia» jarriko dio estilo, garai eta musika hizkuntzen arteko kontrasteari.

Gaur arratsaldean hasiko da Ganbera Musikako Zikloa, Francesca Dego, Alessandro Carbonare eta Alessandro Tavernaren kontzertuarekin. Degok esan du interpretatuko duten programa «maite» duela, eta ikusleentzat «izugarri» zuzena dela: «Uste dut badagoela guztientzako zerbait». Trio VibrArt hirukotea, La Ritirata taldea eta Cuarteto Quiroga laukotea ere igoko dira oholtzara, bihar, abuztuaren 9an eta 24an, hurrenez hurren. Kontzertu horiek guztiak ere 20:30ean izango dira.

Artea, musika eta hitzak

Hamabostaldiaren 87. aldiak, musikari ez ezik, hitzari ere tartea eskainiko dio. Gozamenerako gakoak izendatu duten programak bi mintzaldi barne hartzen ditu, eta Mari Jose Cano kazetari, musika kritikari eta Musikeneko irakaslea izango dute hizlari. Hamabostaldiak programatzen dituen kontzertuen osagarri antolatu dituzte, eta helburuaren inguruan zera azaldu du Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiaren zuzendariak: «Uste dut gure mundu honetan nolabait urrundu egin garela kulturatik eta bereziki musika klasikotik, eta ideia ez da [musika klasikoa] arrunt bihurtzea, baina bai jende askorentzat eta bereziki gazteentzat nahiko urrun dagoen mundu hori hurbiltzea eta ezagutaraztea».

«Ideia ez da [musika klasikoa] arrunt bihurtzea, baina bai jende askorentzat eta bereziki gazteentzat nahiko urrun dagoen mundu hori hurbiltzea eta ezagutaraztea»

PATRICK ALFAYA Musika Hamabostaldiaren zuzendaria

Lehen hitzaldia bihar izango da, 19:00etan. Bakarlari bikaina ala interprete ona? izenburupean, Canok gako batzuk eskainiko ditu musikari bat erreferentzia zerk bihurtzen duen ulertzen saiatzeko, adibide gisa Hamabostaldian bertan arituko diren zenbait bakarlari hartuta, hala nola, Juan Diego Florez tenorra, Grigory Sokolov eta Daniil Trifonov pianistak, eta Bomsori biolinista.

Bigarren hitzaldia, berriz, ostegunean izango da, ordu berean: Kursaalen ezkutatutako bitxiak. Canok aurten Kursaalean interpretatuko diren eta gutxi ezagutzen diren zenbait obra aztertuko ditu; tartean, Juang Jae-ilen Inferno (2025) eta Giuseppe Verdiren Lau pieza sakratuak (1898).

Hitzaldietara sartzea doakoa eta librea izango da aretoa bete arte. Kontzertuetarako sarrerak, berriz, salgai daude Musika Hamabostaldiaren webgunean eta Kursaaleko eta Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA