1980ko hamarkadako Errumania komunistako kazetari baten eta Pedro Catal Argentinako diplomazialari ospetsuaren begietatik ikusi ahalko da mundua Donostiako Zinemaldian. Antolatzaileek argitara eman dute aurten Zabaltegi-Tabakalera sailean bildutako filmen zerrenda, eta hautatuen artean dira, aipaturiko bi gai horiek ardatz dituztela, Jude Radu eta Adrian Cioflancare zinemagileen Plan contraplan film laburra, batetik, eta Maria Alche eta Benjamin Naishta zuzendariek elkarrekin ondutako Pedro en el paĂs, bestetik. Hain zuzen, azken hori da jaialdian erakutsiko duten lehenbizikoa, eta, jakinarazi dutenez, beste 21 izanen dira haren ondotik.Â
Beraz, Donostiako Zinemaldiko sailik ireki eta lehiatuenean 22 pelikula emango dituzte aurten. Haietako zenbait Cannesko, Berlingo eta Veneziako zinema jaialdietan izan ondotik helduko dira Donostiara, eta bost lanek Donostian izanen dute mundu guztiko estreinaldia. Alcheren eta Naishtaren Pedro en el paĂs da haietako bat, hain justu, eta estreinako aldiz erakutsiko dituzte Salka Tizianaren Gluey Feathers, Oskar Alegria Sueskunen Hamalau gau, David Lamelasen eta Tanmay eta Tanvi Chowdhary anaien Abhinetri eta Isaki Lacuestaren Jaleos ere.
Izan ere, estreinaldi batekin hasi, eta beste batekin bukatuko da Zabaltegi-Tabakalera saila, Jaleos lanak emango baitio amaiera, hain zuzen ere. Filmak flamenkoaren historia kontatzen du artxiboko materialaren bitartez, eta tradizioarekin, masa kulturarekin eta iruditeria garaikidearekin lotzen du flamenkoa bera.Â
Aurten, gainera, berrikuntza bat dakar sailak. Lehen aldiz, ikus-entzunezko performance bat emanen dute: Albertina Carri zinemagile eta idazle argentinarraren Cine vivo: un artefacto. Edonola ere, ez da lehiaketaren parte izanen.
Hego Koreatik Alemaniara
Venezian lehiatu eta Torontotik igaro ondoren helduko da Lee Chang-dong hegokorearraren Ga-neung-han Sa-rang lana. Zinema jaialdiaren arabera, Hego Koreako gaur egungo zinemagintzako zuzendari handienetako bat da Chang-dong, eta bizimodu kontrajarriak dauzkaten bi bikoteren istorioak bildu ditu film berrian. Bi bikoteen bizitzak gurutzatu egingo dira azkenean, eta ordura arte izandako errutinen oreka galtzear egongo dira orduan.
Donostiako zinema jaialdiak «egungo zinemagile europar ospetsuenen» artean kokatu du Radu Jude, eta poza azaldu du haren parte hartzea jakinaraztearekin batera. Adrian Cioflancarekin batera zuzendutako Plan contraplan film laburrarekin lehiatuko da. Bi zuzendari errumaniarrek kontrajarrita erakusten dituzte Edward Serotta kazetariak Errumania komunistara egindako bisitan ateratako argazkiak eta polizia sekretuak Serottari berari ateratakoak, eta istorioaren alde komikoa erabiliz egin dute hori.Â
Bestalde, berriz ere aktore ez-profesionalekin lan egin ondoren helduko dira Donostiara Tizza Cov eta Rainer Frimmel zinemagileak. The Loneliest Man in Town filma aurkeztuko dute. Adineko blues musikari baten bizitzara kolpez heldutako aldaketa bat kontatu dute, eta dagoeneko jaso dute aitortzarik horri esker: aipamen berezia eskuratu dute aurtengo Berlinaleko lehia ofizialean.
Munduko estreinaldiak
Zazpi film labur izanen dira guztira Zabaltegi-Tabakaleran. Abhinetri da bat. Tanmay Chowdhary eta Tanvi Chowdhary anai-arrebek egina da, eta aktore izan nahi duen emakume gazte baten istorioa kontatzen du; errealitatearen eta interpretazioaren arteko lerroa lausotzen hasi zaiola ikusiko du protagonistak.Â
Lan horietaz gain, hauek ere egongo dira Zabaltegi-Tabakalera sailean, lehian: A veces me entra tristeza, otras veces rebeliĂ³n (MarĂa Aparicio); El fantasma (David Lamelas eta Ignacio Masllorens); Para los contrincantes (Federico Luis); Tristan Forever (Tobias Nolle eta Loran Bonnardot); Yawman ma walad (Marie-Rose Osta); With Love and Rage (Bojina Panayotova); La belle annĂ©e (Angelica Ruffier); Teenage Sex and Death at Camp Miasma (Jane Schoenbrun); As a Cure (Dorothea Sing Zhang), eta Gluey Feathers (Salka Tiziana).