Gustatzen zaion horri irmo lotuta jarraitzeko hautua egin zuen Maria Cueto artistak duela 30 urte baino gehiago, eta, oraindik, hautu horri eusten dio. Ehunekin artelanak egin zitezkeela deskubritu zuen gaztetan, eta txundituta geratu zen sortu zezakeenarekin. Hasieran, tapizak egiten hasi zen, eta, pixkanaka, ehun desberdinak zein landareak erabiliz, makina bat pieza sortu ditu. Cuetok badaki bere diziplina ez dela komertzialena edo ikusgarriena, baina ez zaio axola: «Neure burua ondoen adierazten dudan diziplina da ehungintza». Haren bildumako 50 lan baino gehiago bildu dituzte Iragankorra ehuntzen erakusketan. Kutxaren Kubo aretoan dago ikusgai, Donostian, datorren irailaren 28ra arte.
Gaur egin dute erakusketaren aurkezpena, eta bertan izan dira Cueto bera, Leire Bergara erakusketako komisarioa, eta Ane Abalde Kutxa fundazioko Ekimen eta Edukien arduraduna. Cueto bereziki hunkituta agertu da ekitaldian, harentzat «oso garrantzitsua» izan baita erakusketaren prestaketan parte hartzea.
Sendabelarren eta landareen munduak erakarrita, Farmazia ikasketak egiten hasi zen artista: «Uste nuen sendabelarren arloa gehiago jorratuko zela, baina ez zen hala izan». Ikasketa horiek utzi, eta diseinu grafikoa ikasten hasi zen Oviedon (Asturias, Espainia). Denborarekin makramea egiten hasi zen bere kabuz, eta, gerora, Donostiako Arteleku arte zentroan izena ematea erabaki zuen. Hainbat arte diziplina lantzen zituzten bertan, eta horietako bat zen ehungintza. Zentroko tailer handienetako bat zen ehungintzarena, baina, urteak igaro ahala, itxi egin behar izan zuten.
«Berastegin bizitzeari esker, nire lanak eboluzionatu ahal izan du»MARIA CUETOArtista
Arte garaikidearen barruan, beste diziplina batzuk gailenduz joan ziren 1970eko hamarkadatik aurrera, eta ehungintzak beherakada handia izan zuen: «Ikusgarri izateari utzi zion», erakusketako komisarioaren hitzetan. Cuetok, ordea, topatua zuen bere bidea, eta ehungintza lantzen jarraitu zuen. Berastegira (Gipuzkoa) joan zen bizitzera —egun ere han bizi da—, eta horrek bere lanei mesede egin ziela aipatu du artistak: «Berastegin bizitzeari esker, nire lanak eboluzionatu ahal izan du».
Dimentsioekin jolasean
Erakusketa lau gunetan banatuta dago, artistak egindako ibilbide kronologikoan oinarrituta. Lehenengo gunean, Cuetok hastapenetan egindako lanak topatu daitezke; makramearekin egindakoak esaterako —gerriko bat, belarritako batzuk...—. Ehungintzaren munduaren inguruko interesa sortu zitzaionean eskulangile batzuei egindako bisiten argazkiak ere badaude. Leitzako (Nafarroa) irule bati egindakoa dago horien artean, eta iruleak egindako hariak daude ikusgai.
Areto nagusian daude erakusketako artelan ikusgarrienak; sabaitik zintzilik daude. Bergarak azaldu du zenbait materialez osatuta daudela lanak: «Ehun bat osatzeko ustez behar ez diren materialak erabili ditu». Elur artean (1996) pieza da horietako bat. Elurra egin zuen egun batean Berastegin emandako paseo batek eman zion obra sortzeko aitzakia: «Belarra elurretatik ateratzen ikusi nuen, eta hori irudikatzea erabaki nuen». Cuetok sortutako ehuna espartzuzko hari batzuek zeharkatzen dute, belar horiek irudikatzeko.
«Irudi bat harrapatzeko ideiari etengabe jarraitu izan dio: erortzear dagoen tanta bat, edo harri bat botatzean uretan sortzen diren uhinak»LEIRE BERGARAKomisarioa
Tamaina handiagoko lanak ere jaso dituzte gune horretan. Planoaren dimentsioa gainditu, eta hiru dimentsioko lanak egiten hasi zen artista 2000. urtetik aurrera. Ehunak apur bat alde batera utzi, eta bolumenaren aldeko apustua egin zuen, landareetatik eratorritako materialak erabiliz —izan hostoak, izan lehortutako landareak—. Estrategikoki zintzilikatutako landareek sortutako forma geometrikoak ikusi ahal izango ditu bisitariak.
Obra txiki eta ertainak
«Laborategia» deitu diote hirugarren guneari. Lan txikiak jaso dituzte bertan. «Badira artista batzuk miniaturak sortzen dituztenak aurrerago egingo dituzten piezetarako, baina Mariak [Cueto] nahiago du pieza txiki horietan geratu». Hala ere, Cuetok gehitu du badirela miniatura horietatik sortu diren artelan handiago batzuk ere; esaterako, orain gutxi arte Berastegiko elizan jarritako bat, edo iazko udan Donostiako Kristinaenea parkean egindako erakusketako beste bat.

Azken aretoan tamaina ertaineko lanak daude, gehienbat landareekin egindakoak —artistaren obrarik berrienak dira—. Landareetatik eratorritako elementuak hari finekin zintzilikatu ditu, eta ia airean daudela ematen du. Areto nagusikoak baino pieza txikiagoak izateak aukera ematen dio bisitariari lanen xehetasun guztiak ikusteko. Naturako elementuak islatu ditu artelan horietan Cuetok. Bergara: «Irudi bat harrapatzeko ideiari etengabe jarraitu izan dio: erortzear dagoen tanta bat, edo harri bat botatzean uretan sortzen diren uhinak». Ur tanta (2013) obra da horietako bat.
Cuetorena da Kutxa fundazioak Kubo aretoan aurten antolatu duen bigarren erakusketa. 25 urte dira aretoa ireki zutenetik, eta, hori dela eta, Gipuzkoarekin nolabaiteko lotura duten emakumezko artisten erakusketak antolatzea erabaki zuten. Maria Paz Jimenezena izan zen lehena, eta, Cuetoren lanen ondoren, Maider Lopezenak egongo dira ikusgai. Abaldek hiru belaunalditako emakumeei espazioa emateak duen garrantzia azpimarratu du: «Figura garrantzitsuak dira gure artearen munduan».