Maria Elena Walsh idazlea hil da, Andersen sariaren 1991ko garailea

Hego Amerikako haur literaturan gehien itzulitako idazleetakoa izateaz gain, kantari gisa ere izan zuen arrakasta

Agentziak
Buenos Aires
2011ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Maria Elena Walsh argentinar idazlea atzo hil zen, 80 urte zituela, Buenos Airesen, aspaldidanik zuen gaitz bati aurre egin ezinik. Hego Amerikako haur eta gazte literaturako idazleen artean gehien itzulitako idazleetakoa zen, eta IBBY International Board on Books for Young People nazioarteko elkartearen Hans Cristian Andersen saria eman zioten 1991n. Idazteaz gain, kantu sortzaile eta kantaria ere izan zen.

Hamabost urterekin argitaratu zituen lehen lan literarioak, El Hogar aldizkarian, eta hamazazpirekin Otoño imperdonable, aurreneko poema liburua. Liburu horrek izandako harrera onak idazten jarraitzera eta giro literarioetan sartzera bultzatu zuen.

Juan Ramon Jimenez espainiar poetarekin batera AEBetara bidaiatu ondoren Argentinara itzuli eta bigarren poema liburua argitaratu zuen, Baladas con Ángel. Diktaduraren garaian Parisa erbesteratu zen, Leda Valladaresekin batera. Leda eta Maria arrakasta handiko kantari bikotea osatu zuten biek garai hartan. Leku askotan kantatu eta Le chant du monde diskoa grabatzeko aukera eman zien horrek. Aurrerago, Entre valles y quebradas, Canciones del tiempo de Maricastaña eta Canciones para mirar diskoak argitaratu zituzten, besteak beste.

Parisen zegoela hasi zen Walsh haurrentzat idazten. Zoo loco (1964), El reino del revés (1965), Dailan Kifi (1966), Cuentos de Gulubú (1966), Versos tradicionales para cebollitas (1967), El diablo inglés (1974), Chaucha y Palito (1975) Pocopán (1977), La nube traicionera (1989), Manuelita ¿Dónde vas? (1997) eta Canciones para Mirar (2000) dira haren libururik ezagunenetako batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.