«80ko eta 90eko hamarkadetatik hona gogoeta asko egin da artxiboaz, orokorrean, bai eta, partikularki, errealitatearen erregistroaz ere. Eta gure erronka zen ea zer esan genezakeen guk, jadanik esan ez denik. Baina pentsatu genuen gaur egun erabat bestelakoa dela irudiari buruzko paradigma, eta, beraz, badagoela gauza berriak ere esaterik. Teknologiaren bidez irudiarekin dugun harremanak kokapen berri bat ematen digu, eta orain arteko ekarpen teoriko horiek ez zeuden horretarako prest». Hiru urteko zikloak egin ohi dituzte komisarioek Getxophoto jaialdian, eta hirugarren eta azken aldia izango du aurtengoa Maria Ptqk ikertzaileak. 2023an Pause hautatu zuen jaialdiko lelotzat, Play jarri zion bigarrenari, eta orain Rec hautatu du aurtengorako. Eta, hain zuzen, hitz horrek eman dio bidea artxiboari eta errealitatea erregistratzeari buruz gogoeta egin ahal izateko. Gai hori landuko duten 20 proiektuko programa prestatu du aurtengo jaialdirako, eta haren lagin txiki bat aurkeztu du gaur hedabideen aurrean. Gero, maiatzaren 29tik ekainaren 22ra jarriko dute osorik ikusgai Getxoko kaleetan.
Irudi jakin bat ere aipatu du komisarioak irudiekiko harremana nola aldatu den ilustratzeko: John Berger idazle eta pentsalariak sakon aztertutako Che Guevara iraultzailearen hilotzarena, hain zuzen ere. «Gaur egun, irudi hori zabalduko balitz, berehala egingo genuke zalantza haren egiazkotasunari buruz. Irudi-dokumentuari buruzko logika alderantzikatu egin da, eta bereziki ezohikoa den irudiren bat ikusiz gero, hura zalantzan jartzea eta fake dela pentsatzea izango da gure lehen erreakzioa». Eta, azaldu duenez, aldaketa horri buruz gogoeta eginaraztea izango da jaialdirako hautatu dituen erakusketen asmoa.

Duela hemeretzi urte hasi ziren jaialdia antolatzen, eta, hasieratik, espazio publikoaren erabilera izan da jaialdiaren muinaren ikur nagusietako bat. Eta ildo horri eutsiko dio aurten ere. Algortako erdigunean, Ereagako pasealekuan, Itzubaltzetan eta Areetan ez ezik, Algortako Merkatuan, Ereagako igogailuan, Zubiri etxeko leihoetan eta Punta Begoñako Galerian ere jarriko dituzte ikusgai erakusketak. Eta programa zabal horren erakusketa batzuk nabarmendu ditu komisarioak jaialdiaren lehen aurkezpenean.
Zofia Rydet argazkilari poloniarrari eskainitako erakusketa da proiektu esanguratsu horietako bat. Argazkilaritzaren munduan izen garrantzitsua da Rydetena, eta estuki lotuta dago, gainera, erregistroaren ideiarekin. Poloniako jendearen bizitza ziztuan eraldatzen ari zela sumatu, eta, 67 urte zituela, herritarren bizimodua islatuko zuten argazkiak ateratzen hasi zen Rydet. 1978an hasi zuen lan hori, eta herriz herri joan zen, herritarrak euren etxeekin batera erretratatzera. 20.000 negatiboko artxiboa osatu zuen horrela, eta, duela gutxi, atzera begirako garrantzitsua eskaini diote haren lanari Londresko National Portrait Gallery-n Bada, argazki bilduma zabal horren parte diren bederatzi irudi ikusteko aukera izango da Getxophoton. «Minez egin behar izan dugu hautaketa», azaldu du komisarioak.

Sabiha Cimen argazkilari turkiar-persiarraren lana ere nabarmendu du komisarioak. Zehazki, haren Hafiz (Koranaren zaindariak) lanaren parte bat hautatu dute jaialdirako. Testu sakratuak ikasten ari diren neska nerabeak dira proiektuaren erdigunea, eta haien egunerokoa erakusten dute irudiek. Cimenen irudiek, ordea, puskatu egiten dituzte emakume musulmanei buruzko klixeak. Eta jolas parke batean dibertitzen ari diren hiru ikasleren irudi bat ere aurkeztu du Ptqk komisarioak horren frogatzat.
Yevonde izeneko argazkilari britainiarrak koloredun argazkilaritzan egindako lan aitzindari eta esperimentala ere erakutsiko du jaialdiak, bai eta Jose Ramon Ais bilbotarraren Parque natural proiektua ere. Natura irudikatzeko baliatu ohi diren estereotipo bisualekin jolasten du euskal sortzaileak irudi sorta horretan, eta paisaia digital artifizialak sortzen ditu maiz paisaia naturalak erretratatzeko erabili ohi diren konbentzioak baliatuz.

Jokin Aspuru jaialdiko zuzendariak esaldi bakar batera bildu du jaialdiaren proposamen osoa: «Getxophoto 2025: 25 egun, gai bat —Rec—, 23 erakusketa eta 21 jarduera». Eta, zehaztu duenez, 200.000 edo 220.000 euro inguruko aurrekontua izango dute horretarako. «Kopuru handia izan daiteke norberaren kontu korronterako, baina nahiko estua da jaialdi baterako». Edonola ere, onartu du ez daudela «kexatzeko moduan», eta eskerrak eman dizkie ia hogei urtez ondoan izan dituen babesle publikoei. Hain zuzen ere, Getxoko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza dira hiru babesle nagusiak, eta hiru erakundeetako ordezkariek hartu dute parte jaialdia aurkezteko prentsaurrekoan.
Askotariko egitaraua
Programazioa «askotarikoa» izango dela nabarmendu du Aspuruk beste ezeren gainetik, eta, zehaztu duenez, hiru esparrutan igar daiteke hori. Aniztasun geografikoa aipatu du lehen-lehenik, esaterako. Besteak beste, Suitzako, Japoniako, Ghanako, Zeelanda Berriko, Argentinako eta Euskal Herriko sortzaileek hartuko baitute parte jaialdian. Hori lehenik, baina artista horien artean ibilbide luzeko sortzaileak zein hasi berriak izango direla ere aipatu du Aspuruk. Eta hirugarrenik, lengoaia artistikoetan ere igarri ahalko da Aspuruk nabarmendutako aniztasun hori ere. Izan ere, Getxon ikusgai egongo diren artisten proposamenen artean badira, esate baterako, argazkigintza dokumental analogikoa lantzen dutenak, bai eta adimen artifiziala lan tresna gisa darabiltenak ere.
Herrian antolatutako erakusketekin batera, jarduera paraleloz osatutako ziklo garrantzitsua ere eskainiko dute. Ibilaldi gidatuak eta hitzaldiak izango dira, adibidez; eta, horrez gainera, jaialdiak adar digital bat ere izango du. Jaialdiaren gaiarekin lotutako 44 filmeko hautaketa bat jarri du Pepa Blanes kazetariak Filmin plataforman, eta 70 kantatik gorako hautaketa bat egin du Raul Refree musikari eta ekoizleak ere.
Jolaserako tartea ere eskainiko die Getxophotok bisitariei. Algortako Kasinoan fotomatoi moduko bat jarriko du horretarako. Multigraf izeneko sistema baliatuko dute horretarako. XIX. amaieran eta XX. hasieran egin zen ezagun teknologia hori, eta erabiltzaileei 360 graduko fotoak ateratzeko aukera ematen die, era guztiz analogikoan, ispilu sistema bat baliatuta. Eta gisa horretako erretratuak egin ahalko dituzte bisitariek jaialdiak iraun bitartean.
ARTISTAK ETA PROIEKTUAK