Literatura

Marias: "Hasterako galdua dagoen erronka bat da sexu eszenena"

Idazle espainiar prestigiotsuak zabalduko du gaur Bilboko Gutun Zuria literatur jaialdia. Harkaitz Canok, Pettik eta Joxan Goikoetxeak ikuskizun bat sortu dute propio aldi honetarako.

Javier Marias, iazko irudi batean. KIKO HUESCA / EFE
Inigo Astiz
2015eko apirilaren 16a
14:18
Entzun

Onartu du errezeloa Javier Marias idazleak. “Behin deitu ninduten urruneko literatura jaialdi batean parte hartzeko gonbita egiteko. Esan zidaten sekulako jaialdia zela, eta 126 idazle joango zirela. 126 idazle? Purgatorioaren deskribapen bat da hori!”. Nazioartean oihartzun handiena duten idazle espainiarretariko bat da Marias; jaso ditu sariak, badu sona, eta itzuli dizkiote lanak. Argi onartu du gaur Bilbon, halere. Ez ditu askorik maite literatur mundutxoa eta literatur jaialdiak. “Baina nahi nukeen baino gehiagotan onartzen ditut, azkenean”. Seduzitu dute oraingoan, adibidez, eta berak zabalduko du horregatik gaur Gutun Zuria literatur jaialdia, Bilboko Azkuna zentroan. Erotismoa izango du gaia egitarauak, eta haren inguruan antolatu dituzte hitzaldi eta ikuskizunak. Harkaitz Cano idazlearekin batera izan da gaur Marias kazetarien aurrean, erotismoaz eta literaturaz gogoetan. Aurrerapen moduko bat izan da. 19:30ean arituko da jendaurrean Marias, Maria Luisa Blanco jaialdiaren zuzendariarekin.

“Hasterako galdua duen erronka bat da sexu eszenena nobeletan”. Badu erotismoak kontaezin bilakatzen duen zerbait, Mariasen hitzetan, eta, horregatik, zail du garaipena idazleak. “Ia ziurra da porrota ia idazle guztiontzat. Gehiegitan eramaten ditu idazleak kurtsi edo pseudo-poetiko jartzera, edo horri ihes egiten saiatu eta obstretiko jartzen dira bestela; oso soil izaten saiatzen dira, eta oso objektibo, eta ginekologoan nagoen sentsazioa izaten dut tarteka. Desastre bat da hori, nire ustez. Oso zaila da”. Inoiz sartu du berak ere sexu eszenarik bere liburuetan, baina zorrotz azaldu ditu saiatzeak berezko dituen zailtasunak.
Izen-abizenak ere eman ditu Mariasek; haren ustez, erotismoan porrot egiten duten idazle arrakastasuen izen-abizenak. Aipatu duen adibidea: Philip Roth. “AEBetan badago talde bat urteko literatur sexu pasarterik txarren edo negargarriena saritzen duena. Eta Norman Mailler eta Philip Roth izan dira sari hori jaso duten lehen lerroko idazleetariko batzuk. Ni ez nau harritu, idazle horien lanetan inoiz topatu baititut aski barregarriak eta groteskoak diren sexu pasarteak. Horrek erakusten du benetan arriskutsua dela halako pasarteak ongi deskribatzea”.

“Pilatu egiten da pornoa”
Umorez heldu dio Rothen sokari prentsaurrekoan Harkaitz Canok ere. “Nobela luzeak idazterakoan inpresioa dut Philip Rothek eta beste idazle batzuek kontakizunak aurrera jarraitu ahal izateko lubrikante edo erregai modura erabiltzen dutela sexua beren nobeletan. Zeren bazkaririk, edaririk eta sexurik gabeko 500 orriko nobela bat oso bide luzea da”. Zailtasunik ere ez du ukatu berak. “Bizi ditugun garaiak, beharbada, oso nartzisistak dira, eta pilatu egiten da dena. Pilatu egiten da pornoa Interneten, pilatu egiten dira argazkiak... Baina ez dago narraziorako edo poesiarako hari bat, eta erotismoak, beharbada, eskatzen du haria. Eskatzen du inguruan ibiltzea. Eskatzen du absentzia. Eskatzen du ezkutatzea gauzak”. Eta ideia hori izango da apirilaren 24an estreinatuko duten Ilargiaren alde erantzia izeneko saioaren ardatza ere.

Espreski sortu dute jaialdirako ikuskizuna Canok, Pettik eta Joxan Goikoetxeak. “Erotismoaren inguruan emandako paseo moduko bat izango da”, azaldu du idazelak. Kantuak, poemak eta gutunetako pasarteak uztartuko dituzte horretarako. 

Kalitate bermea
Kalitatea eutsi izana da jaialdiaren lorpenetariko bat, Lourdes Fernandez Azkuna zentroko zuzendariaren hitzetan. Zortzigarren urtea du, izan ere, Gutun Zuriak, eta jarraipen hori nabarmendu du arduradunak. “Nazioarteko oihartzuna duen kulturaren alde apustu egiten jarraitu izanak, eta etorri den jendearen mailan inolako jaitsierarik eduki ez izanak, egun garrantzitsu bilakatzen du gaurko eguna”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.