Marikita Tambourinen ‘Ubeldurak’ poesia liburuttoa karrikaratu du Maiatz argitaletxeak

Biziak markatu «ubeldurak» idatzi ditu egileak. Sarako Idazleen Biltzarrean saria emanen diote aurten, euskal literaturan egin ibilbideagatik. Bertzalde, Pantzo Hirigaraik ‘Hamar laminak’ umorezko eleberria presentatu du.

Marikita Tambourin, Pantzo Hirigarai, Eric Dixarri eta Mikel Dalbret, Maiatz argitaletxean. PATXI BELTZAIZ
Marikita Tambourin, Pantzo Hirigarai, Eric Dixarri eta Mikel Dalbret, Maiatz argitaletxean. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
Baiona
2026ko apirilaren 2a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Biziak gure bihotzean eta gorputzean uzten dituen markak idatzi ditut». Horrela deskribatu du Marikita Tambourinek Maiatz argitaletxearekin karrikaratu duen poesia liburuttoa: Ubeldurak. Azalean agertzen den lore ubela ostargi belarra da, eta sakelako liburuan diren poemen mamia islatzen duela zehaztu du idazleak. «Lore ubel horrek argia ematen dio liburuari, eta funtsean liburu barneko edukia ontsa islatzen du».

Orotara 70 poema inguru idatzi ditu Tambourinek. Euskaraz idatzi ditu 45 bat, eta gaineratekoak erdaraz: frantsesez hogei, eta gazteleraz hiru. Ontsa zehaztu du erdarazko poemak ez direla euskarazkoen itzulpenak. «Poema bat burura heldu zaidalarik, edozein mintzairatan heldu zait. Euskaraz frankotan, batzuetan frantsesez eta gazteleraz». Burura heldu zaizkion bezalaxe idazten dituela gaineratu du. «Biziki errazki» irakur daitezkeen poema «laburrak» dira. Haietarik bat irakurri du, obraren aitzin dasta eskaintzeko: «Nire ezintasunak handiak dira/ baina oraindik/ ahalak baditut/ horiek gelditzen/ zaizkidan artean/ idazten segituko dut».

(ID_15938280) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2026-03-27, Baiona.Maiatz argitaletxeko liburu berrien aurkezpena
Marikita Tambourin, bere azken liburua esku artean duela. PATXI BELTZAIZ

Maiatz argitaletxeko Lucien Etxezaharreta «bihotzez» eskertu du Tambourinek. «Zinez eskertu nahi nuke Maiatz argitaletxea euskal literaturaren alde egiten duen lanagatik, eta eni konfiantza egiteagatik hamargarren liburu honentzat». Ondotik, Etxezaharretak nabarmendu du Sarako Idazleen Biltzarrean omendua izanen dela aurten Tambourin, euskal literaturan egin ibilbide «aberatsagatik eta apartagatik».

Umorezko eleberri «tragikoa»

Tambourinek ez ezik, Pantzo Hirigaraik ere presentatu du bere azken liburua. Euskal Herria eta euskara desagertzen ari da Hamar laminak eleberrian. Obra «tragedia modernotzat» jo du Etxezaharretak. Idazleak egoera «franko iluna» eraiki du, eta 2043. urteko azken egunetan kokatu du istorioa. Euskalgintzako azken hamar ordezkari Iratiko mendi-etxe batean finkatu ditu Hirigaraik. «Marixan Lumaeder deitu idazleak euskal munduko azken hamar pertsonak gomitatzen ditu etxe batera. Arazoa da banazka hiltzen direla denak, eta haien artean dela hiltzailea». Zehaztu duenez, Agatha Christieren Eta ez zen alerik ere geratu obratik inspiratu da umore beltzez eta jakin-minaz josi liburua egiteko.

Euskararen egoera «latzak» bultzatu zuen tragedia umoretsua idaztera. Tragediarekin umorea egitera entseatu dela zehaztu du Hirigaraik, eta kontatu du Lamindegiko laminak antzerki obratik datorrela Hamar laminak. «Xirristi Mirristi antzerki taldearekin 1998an eman genuen Lamindegiko laminak. Iruditu zitzaidan antzerki hori eleberri bihurtzen ahal zela, eta hona hemen lan horren fruitua».

Bertze gai «minbera» bat aurkeztu du ondotik Etxezaharretak. «Eric Dixarrik drogaren ezagutza du, eta menpekotasunaren lekukotasuna ematen du liburuan». Hain zuzen ere, Ditxarrik Menpekotasunetatik at izendatu du liburua. Tituluarekin «dena» ulertzen dela zehaztu du idazleak. Drogazaleari esku bat luzatu nahi diola erran du, adikziotik ateratzeko pausoak emanez. Dixarriren liburu guziak bezala, hau ere «sailkaezintzat» dauka idazleak.

Azkenik, Lurpeko indarren ama aurkeztu du Mikel Dalbretek. Historiaurrean kokatu du kontakizuna. Fikziozko eleberria da, non historiaurreko «tribu baten bizitzaren deskribapena» egiten duen. Euskal Herriko mitologiari buruzko hausnarketa bat ere egiten du idazleak, eta horren karietara Joseba Aurkenerenak idatzi partea garrantzitsutzat jo du. «Euskal sinesmen zaharrez duen interpretazioa ekartzeko eskatu nion, eta hala egin du, bere analisia liburu honetara ekarriz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA