Mark Twainen autobiografiak sei argitaraldi izan ditu lehen astean

Bere heriotzatik ehun urte iragan arte ezin zen ezagutarazi, eta hiru liburukietatik lehena argitaratu dute orain

Agentziak
Washington
2010eko azaroaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mark Twain idazlearen autobiografiaren lehen liburukiaren sei argitaraldi agortu eta 275.000 ale saldu dira astebete eskasean. «Liburuak sortu duen interesak harriturik gauzka», adierazi du Robert Hirstek, Twainen dokumentu autobiografikoen zaintzaz arduratzen den taldearen buruak. Berkeleyko Unibertsitatekoa (Kalifornia) da talde hori.

Autobiografia luzea utzi zuen idatzita Twainek, 2.500 orrialde ingurukoa, baina bere heriotzaren lehen mendeurrena iritsi artean ez argitaratzeko agindua eman zuen. 1910eko apirilaren 21ean hil zen. Argitalpena atzeratuta, adiskide garaikideak zein oinordekoak mintzea saihestu nahi izan zuen Twainek. «Mende batez argitaratu gabe gelditzen den liburu batek askatasun handia ematen dio idazleari», adierazi zuen 1899an, London Times aldizkariari emandako elkarrizketa batean.

Hala ere, testuaren zati batzuk argitaratu zituen bizirik zela, irakurleei ohartaraziz ehun urte pasatu arte osorik ezin irakurriko zen obra baten parte zirela. Argitaratzeko baimena atzeratzea «marketin plan baten parte» ere izan ote zen susmoa du Hirstek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.