Urrezko Globoetan hautsi zuen lehen marka La La Land filmak, orain bi aste, zazpi garaikur eskuratuta. Oscar sariei begira, faborito izateko kiniela guztietan sartu zen horrela Damien Chazelleren musikala. Hollywoodeko akademiak atzo jakinarazi zituen sarietarako hautagaien izenak, eta, aurreikuspenak beteta, faborito nagusi bihurtu da. Beste marka bat hautsita, gainera: hamalau izendapen lortu ditu Chazelleren filmak, nagusiak barne. Orain arte, All About Eve (J.L. Mankiewicz, 1950) eta Titanic (James Cameron, 1997) filmek baino ez zuten hautagaitza kopuru bera lortu. Hamalau sailetan gailentzeko aukera izango du, beraz, Oscar sarien 89. aldian. Otsailaren 26an egingo dute sariak banatzeko ekitaldia, Los Angelesko (AEBak) Dolby antzokian. Han ikusiko da beste marka bat hausten ote duen.
Zinemagile gaztea da Chazelle —31 urte ditu—, baina badaki zer den Oscar sarietan lehiatzea. 2014an, hiru sari eskuratu zituen Whiplash lanarekin. Bateria jotzaile izateko ikasle baten ahalegina kontatu zuen ordukoan, eta musika ardatz duen lan batekin itzuli da lehiara. Mia aktorea (Emma Stone) eta Sebastian jazz musikaria (Ryan Gosling) dira filmeko protagonistak; Los Angelesen elkar ezagutu, eta beren bidea egiten ahaleginduko dira. Bi aktoreek ere lortu dute izendapena. Horiez gain, argazki, gidoi, muntatze, soinu banda eta abesti onenaren sarietarako hautagaien artean dago filma, besteak beste.
Film onenaren kategorian, beste zortzi lanekin izango da lehian La La Land. Horien artean, Barry Jenkinsen Moonlight eta Dennis Villeneuveren Arrival dira izendapen gehien dituztenak, zortzina jasota. Seina lortu dituzten beste hiru film daude: Hacksaw Ridge (Mel Gibson), Lion (Garth Davis) eta Manchester by the Sea (Kenneth Lonergan). Sail berean, Fences (Denzel Washington), Hell or High Water (David MacEnzie) eta Hidden Figures (Teodore Melfi) lanak ere lehiatuko dira. Horietatik bost —Chazelle, Gibson, Jenkins, Lonergan eta Villeneuve—, zuzendari onenaren sarirako ere lehiatuko dira. Hautagaitzarik gabe geratu da oraingoan Martin Scorsese; Silence bere filmak argazki onenaren sarirako hautagaitza baino ez du lortu.
Emakumezko aktore onenaren sailean, Emma Stonerekin batera, Natalie Portman (Jackie), Isabelle Huppert (Elle), Meryl Streep (Florence Foster Jenkins) eta Ruth Negga (Loving) daude hautagaien zerrendan. Esan beharra dago Streepek ere markak hautsi dituela, aurtengoarekin bere 20. izendapena lortu baitu aktoreak —bitan lortu du Oscar saria—. Bere ibilbidea ere saritu berri dute Urrezko Globoetan. Aipatzekoa da, bestalde, kritikaren txaloak jaso arren Huppertena dela Paul Verhoeven Elle filmak jaso duen izendapen bakarra, ez baitago atzerriko hizkuntza batean ondutako lan hautatuen zerrendan.
Gizonezko aktore onenaren kategorian, berriz, beste bost aktore izango dira garaikurra eskuratzeko lehian: lehenago aipaturiko Ryan Gosling, La La Land-en egindako lanagatik, eta Casey Affleck (Manchester by the sea), Andrew Garfield (Hacksaw Ridge), Viggo Mortensen (Captain Fantastic) eta Denzel Washington (Fences).
Kritikak goraipatu arren, beste hainbat aktoreren interpretazioak lehiatik at geratu dira. Horien artean dago Amy Adams (Arrival eta Nocturnal Animals), kiniela guztietan ageri zena, baina baita beste zenbait ere, hala nola Annette Bening (20th Century Women), Joel Edgerton (Loving) eta Michael Keaton (The Founder).
Marka gehiago hausteko bidean
Oscar sarietarako faborito da 'La La Land' filma, hamalau izendapen lortuta. 'Moonlight' eta 'Arrival' lanek zortzina hautagaitza dituzte. Otsailaren 26an banatuko dituzte sariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu