begona del teso
Eppur si muove

Martxoan Emaztegai, apirilean Ezkonberri

2026ko martxoaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erraza da apirila maitatzea. Zoroa da hilabetea, nahieran egiten du euria. Nahieran jotzen du eguzkiak. Nahieran harrotzen dira olatuak eta haizeak. Nahieran gaixotzen ditu lore-hautsak, udaberri betean gaudela sinetsirik, paseoan dabiltzan koitaduak.

Erraza da apirila maitatzea. Oraindik Hirugarren Errepublika posible dela amesten dugun apurrok Bigarrenaren jaiotzaren 95. urteurrena ospatuko dugu, malenkoniatsu eta erromantiko ospatu ere. 14an izango da hori.

Erraza da, bai, apirila maitatzea. Ipar Euskal Herrian Apiril Arrain ospatzen duten bezala, ingelesa hizkuntza eta kultura duten herrialdeetan ere, hilabetearen lehengo egunean Inuzente Egunaren parekoa den Fool´s Day osoa ematen dute lelokeria eta bihurrikerietan. Baita barrabaskerietan ere.

Maitatzen dugu batzuok apirila. 18an Gipuzkoako Real Sociedaden zaleok begiak eta burua, burua eta bihotza, bihotza eta hankak Sevillan izango ditugu, hantxe jokatuko baita Kopako Finala, Madrilgo Atleticoren kontra.

Erraza da apirila maitatzea. Hilaren 30ean bere buruaz beste egin zuen Hitlerrek bere Berlingo bunkerrean (poetikoagoa zatekeen Mussolini nola urkamendian hil balitz, arrazoi duzue…). Egun bereko gauean, beste mundu batzuk existitzen direla dakigunok urtearen lehenbiziko Walpurgis Nacht ospatzen dugu. Alemaniatik Estoniaraino. Esloveniatik Finlandiaraino. Gustura bilduko lirateke, ez izan dudarik, gure akelarreetan Paul Urkijoren pelikula orotan bizi diren pertsonaiak.

Alderrai eta errebelatuok bizi gara oraindik martxoan apirilarekin amets egiten dugunok. Esperantzaz gainezka, hori bai. Badakigu-eta Emaztegaiarekin elkartuko garela berandu baino lehen.

Urteak pasa dira. Pelikulak pasa dira, baina ez gara sekula txandal horiaz jantzitako emaztegai katanadunarekin ahaztu izan. Gure eredua izan da. Gure maistra nagusia. Bizitzan bezala Heriotzan ere.

Martxoan geundela, erdi desesperoan Gailur Ekaiztsuetan galdurik baikinen artean, bolumen eta altuera handiko afixa batek indarberritu gintuen saltoki-guneko areto bateko eskailera ziztrinetan. Grisaren eta gorriaren ñarbardura fin-finak zituen kartel zuri-beltzak zera adierazten zuen, Errepublika ospatu eta Kopa dastatu baino egun batzuk lehenago (apirilaren 10ean, hots) berrestreinatuko da gurean Quentin Tarantinoren Kill Bill. Lau orduko bertsio behin betiko eta areagotuan. Bere garaian ikusi ez genituen eszenak, muntaketan baztertuak geratu ziren hainbat, izango ditugu pantailan eta plazer handiz gure egingo. Betiereko. Benetako zeluloidearen testura egiazkoetan, 35 milimetrotan eskainiko baita saloi frankotan. Eta Hegoaldeko pare bat areto markaz kanpokoetan, 70 milimetrotan…

Maite ditugu guk Emaztegaiak. Maiuskulaz, bai. Eta pluralean. Miretsi izan dugu 2003tik Uma Thurmanek antzezturiko Beatrix Kiddo. Miresten dugu arras, oso, erabat, sutsu eta erremediorik gabe duela astebete ezagutu izan dugun The Bride! Jessie Bucleyek sortutako Frankenstein doktorearen kreaturaren Emaztegaia (Maiuskulaz oraingoan ere). Berpiztutako hildakoek izan dezaketen libertatea, libertateaz, libertatearekin gozatzen du. Berpiztutako hildakoek baino beste inork ezagutzen ez duten malenkoniaz, tristuraz da bere bihotza gainezka. Maggie Gyllenhaalek ausardia handiz gobernatutako film honetako erreferentziak geure-geureak dira. Bidaide izan ditugu beti. Mundu honetan eta bestean: Mary W. Shelley, Elsa Lanchaster, Boris Karloff, James Whale, The Rocky Horror Show Picture, Mel Brooks, Frankenstein doktorearen Igor morroia, Bonnie Parker eta Clyde Barrow. Joker eta Joker, Folie à deux filmean Lady Gagak antzezturiko Lee Quinzel...

Emakumeen eguna ospatu berritan, badugu ahizpa gaurko bat; bera, ¡THE BRIDE! EMAZTEGIA! Eredu eta bidaibide. Horrexegatik pelikulan, emakumeok bera bezala makillaturik kaleetara atera, eta andre eta jabe ibiltzen dira bertan, arma eskutan, amorrua ezpainetan.

Gora eta gora Maggie Gyllenhaal. Emerald Fennellek huts egin duen desafioan (klasiko bat egokitzen, alegia) bete-betean asmatu du Maggiek. Caty hilik da Gailur Ekaiztsuetan. Emaztegaiaren bigarren pizkundearen esperoan gaude, berriz, milaka emakume.

Uma Thurman aktorea, Quentin Tarantino zuzendariaren 'Kill Bill' film sortako fotograma batean.
Uma Thurman aktorea, Quentin Tarantino zuzendariaren 'Kill Bill' film sortako fotograma batean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA