Mary Stallings (San Frantzisko, AEB, 1939) abeslariak Donostiako Jazzaldia saria jaso du Viktoria Eugenia antzokian, atzo kantuan aritu zen leku berean. «Egungo jazzaren erreferentzia erabatekoa da", Miguel Martin jaialdiko zuzendariak sari-emate ekitaldian adierazi duenez. Haren eta Donostiako alkate Eneko Goiaren eskutik jaso du Stallingsek garaikurra.
Jaialdiarekin eta Donostiako publikoak egin dion harrerarekin eskertuta agertu da Stallings: "Gonbidapena jasotzeko zain nago berriro itzultzeko". Halaber, bidean lagun izan dituen musikari "handiekin" ere esker oneko agertu da; haren hitzetan, "plataforma" bat izan dira musikariok, eta bere ahotsaren bidez bere "arima, bihotza eta bizitza" agertzeko aukera eman diote. Era berean, beti "arimatik, bihotzetik" kantatu izan duela azaldu du. Jazzak bere burua hobeto ezagutzen lagundu diola gaineratu du.