'Argizari galdua'
Argizaria ezegonkorra da, moldagarria eta haren materialtasunetik harago karga kultural nabaria duena, nolabait denboraren poderioz forma eta irakurketa anitz bereganatzen duen gainazal moldagarritzat har genezakeena. Proiekzio ezberdin horien aurrean kokatzen gaitu Iruñeko Ziudadelan kokatua dagoen Argizari galdua erakusketak, artista ezberdinen lanen bitartez argizariaren hainbat dimentsio arakatuz. Eta, arakatze horretan, argizariaren materialtasunetik haren dimentsio erritualerantz lekualdatzen diren irakurketak aurkeztuko zaizkigu.
Mostran, Julie Laymond eta Lucia Montese elkarlanean aritu dira komisario lanetan, eta bi espaziotan egituratu dute erakusketa, bata Iruñean eta bestea Pauko Le Bel Ordinaire espazioan. Bada, oraingoan Iruñekoan zentratuko naiz, zeinetan Javier Ayarza Haro, Mari Campistron, Anglae Miguel, Estelle Deschamp, Didi Huberman, Nerea de Diego, Antonio Fernandez Alvira eta Laura Salgueroren lanak dauden ikusgai.
Ibilbidea funtsezko kezka batekin hasten da, argizarizko objektuari zuzenean begiratzeko ariketarekin. Georges Didi-Hubermanen Face à Face à Matière bideoak proposatzen digu hori, zehaztasun poetikoz, nolabait, eta desegiten den material horrekiko deserosotasuna eragiten digu. Objektu izateari utzi eta material bihurtzen den horretatik begirada kentzean, erakusketa konposatzen duten bestelako piezak sartzen dira gure ikuseremuan.
Laura Salgueroren instalazioak dira nire ibilbidean bigarren geldialdia egiteko eskakizuna egiten didatenak. Tonalitate eta testura ezberdineko argizarizko bloke txikiz osatuta dago. Tonu bakoitzak, ehundura bakoitzak materialaren egoera ezberdinez hitz egiten digu, eraldatzeko duen gaitasunaz, alegia.
Ondoan, material berdinez egindako koroa batekin egin dut talka; Javier Ayarzaren lana da. Bertan, euren erlauntza simulatzen duten kaxa hexagonalen barnean kokatuta erleak daude zizelkatuta. Bi instalazioen artean materialaren dimentsio natural eta sinbolikoaren arteko uztartzea aditzera ematen da. Bere funtzioa galdu, baina karga sinbolikoa mantentzen duen erritual baten arrastoa izango balitz bezala. Egitura zurruna da, eta izan zenaren arrastoak mantentzen dituen horretan, materiak bere aurreko egoeraren memoria gordetzen du.
Aglaë Miguelen lanak logika bera du, nolabait. Artistak ehunezko konposizio bat proposatzen du, zeinetan «prado de cera» hitzak irakur daitezkeen. Honek argizariak substantzia izateari utzi eta lurralde bihurtzen den espazio bat aktibatzen du. Irutea, tenkatzea, gurutzatzea… horrela ehun utilitario bat sortzeaz beste, memoria gainazal bat eraikitzen baitu.
Hain zuzen, erakusketan aurrera egiten dugun bitartean, bi dimentsio horien arteko kulunkatzeak sortzen dituen tentsioak sumatzen dira. Adibidez, Antonio Fernandezen lanean, materialak bere izaera propioa galdu eta oihalen tolesturak aditzera eramaten duen instalazioa dugu, horrela materialaren gaitasun plastikoa aditzera emanez.
Preseski, Nerea de Diegoren instalazioan ere islatzen da plastizitate hori ere. Hots, azkenengo honen kasuan, piezak badu materiala beraren izaera liturgikoa gogorarazten didan zerbait. Espazioaren fondoan sabaitik zintzilikatutako egitura borobil bat dugu, egitura bera argizarizkoa da, baina hura sostengatzen duen lokarriaren urrezko tonuak haren izaera eraldatzen du. Horrela, exbotoen tradizioarekin lotu genezakeen iruditeria ekartzen digu gogora.
Argizaria tradizioz lanari eta transmisioari lotutako logiken artean kokatu izan da. Beraz, tarte horretan, paisaia, antzinako jakintza eta praktika garaikidea gurutzatzen dituen espazio sinbolikoan transformatzen da erakusketa. Ildo horretan kokatzen dira bereziki Mari Campistron eta Aglaë Miguelen lanak, zentzumenetan errotutako arkeologia sentikorraren logikatik operatzen dutenak. Pirinioetako argizaiolen inguruan egindako ikerketatik abiatuta, espazio erakusketara ekartzen dute keinu minimoaren poetika bat, non grabatua, argizaria, argazkia eta soinua elkarren artean ehuntzen diren, nolabait, erlikia laiko baten antzeko egitura bat osatuz.
Argizaria hari bihurtzen zuten artisauak agertzen diren kobrezko grabatuek ez dute dokumentu funtzio hutsa betetzen. Aitzitik, ofizio baten inskripzio erritual gisa funtzionatzen dute. Argizaria jada ez da erabilerako objektu soil bat, baizik eta lekuko materia bat. Pieza horietan, eskulanaren ekintza bera politizatzen da, industrializatu ezin diren jakintzen desagerpenaren aurrean erresistentzia keinu gisa agertzen delako. Grabatuak finkatzen du erabilerak iragankor bihurtzen zuena, eta argizariak, paradoxikoki, hondatzen den heinean kontserbatzen du.
Horrenbestez, Argizari galdua mostrak etengabe eraldatzen ari den materia honek ondare kulturalarekin berarekin hainbat lotura sustatzen ditu. Eta, sustatze horretan, kontzeptua eta objektua bereizten zituen muga desegiten da, materialtasunetik bertatik eratzen baita ondarearen izaera sinbolikoa.