Mavis Staples kantari estatubatuarra (Chicago, 1939) The Staple Singers gospel eta rhythm and blues taldeko kide izan da 1950eko hamarkadatik, eta, horren ondorioz, joan eta etorrikoa izan zen haren bakarkako ibilbidea urte luzez. 1969an kaleratu zuen lehenengo diskoa (Mavis Staples), baina 1993ra arte, 24 urtean, beste lau lan baino ez zituen argitaratu, horietako azken biak, Time Waits For No One (1989) eta The Voice (1993), Princek ekoitziak. 2004an itzuli zenetik, ordea, Staplesek zortzi disko eman ditu argitara errenkadan, eta horietako azkena, Sad and Beautiful World (Anti, 2025), orain dela aste pare bat kaleratu du.
Azkeneko hogei urteotan musikari, konpositore eta ekoizle ezagunez inguratu izan da Staples. Adibidez, Livin’ on a High Note diskoa (2016) besteak beste Nick Cavek, Neko Casek, Ben Harperrek eta Valerie Junek propio kantariarentzat idatzitako piezekin osatu zuen; eta If All I Was Was Black (2017), berriz, Jeff Tweedyk (Wilco) idatzi eta ekoitzi zuen. Oraingoan, ordea, beste hainbat musikarik aurretik grabatutako bederatzi kantu eta Allison Russellek eta Hozierrek beretzat idatzitako beste bat (Human Mind) bildu ditu diskoan, AEBetako aspaldiko garaien eta gaur egungoen nolabaiteko kontakizun bat egiteko, baina baita garai txarrenetan ere itxaropen printzak izan behar direla aldarrikatzeko ere. Ez alferrik, «mundu triste eta zoragarriaz» ari da bertan. Zeregin horretan lagun musikari ugari izan ditu —Buddy Guy, Nathaniel Rateliff, Tweedy bera, MJ Lenderman, Phil Cook—, eta baita diskoari osotasun bat eman dion ekoizle bat ere: Brad Cook.
Diskoa Tom Waitsek eta Kathleen Brennanek idatzitako Chicago-rekin hasten da, rhythm & blues erritmo biziarekin. Staplesen familia AEBetako hegoaldetik Chicagora lekualdatu zen XX. mendeko 30eko hamarkadan, eta migrazio horren isla bilakatzen da kantua haren ahotsean: «Hemen haziak landatzen dira/, baina ez dira haziko./ Ez dugu agur esan beharko/ denok alde egiten badugu/ Chicagora./ Agian gauzek hobera egingo dute/ Chicagon».
Munduak iraun dezan
Kevin Morbyren Beautiful Strangers abestian eta Sparklehorseren Sad and Beautiful World-en —azken hori pedal steel baten ekarpen ezinbestekoarekin—, country-soul ukituarekin hitz egiten du Staplesek Poliziaren indarkeriaz —lehenengoan— eta munduaren garratz eta gozoaz —bigarrenean—, eta Curtis Mayfield soul kantariak 1971n —Vietnamgo gerra betean— idatzitako We Got to Have Peace-ekin, bakearen aldeko eta gerraren aurkako mezua zabaltzen du: «Bakea behar dugu/ munduak bizirik iraun dezan/ eta gerra gera dadin».
Leonard Cohenen Anthem, Gillian Welch eta David Rawlingsen Hard Times, Frank Oceanen Godspeed eta Red Hayesek nahiz Jack Rhodesek idatzitako Satisfied Mind ere biltzen ditu diskoak. Eta egile oso ezberdinenak izanda ere, countryaren, folkaren eta soularen arteko bidegurutzean elkartzen dira guztiak Staplesen ahotsean; eta disko osoari darion enpatiarekin eta egoera okerrei elkartasunez eta itxaropenez erantzuteko nahiarekin ixten du kantariak bilduma, Eddie Hintonen Everybody Needs Love-rekin, maitasuna guztientzat beharrezkoa dela esanez.