Palmaresa

‘Meandre’ izendatu dute Fant jaialdiko film luzerik onena

Sail Ofizialeko hamabi pelikularen artean aukeratu du epaimahaiak Mathieu Turiren ekoizpena. Lan laburrei dagokienez, Javier Kuhnen ‘Flora’ gailendu da Sail Ofizialean, eta Alberto Vazquezen ‘Homeless home’, euskal obren artean

'Meandre' pelikularen fotograma bat. BERRIA
Berria
2021eko maiatzaren 14a
16:59
Entzun

Gaur jakinarazi dituzte Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoko 27. aldiko irabazleak. Sail Ofizialeko film luze onenaren saria —3.500 eurokoa— Mathieu Turi zuzendariaren Meandre-ri eman diote: ezezagun baten autora igo, eta, bat-batean, hodi estu baten barruan esnatuko da Lisa protagonista. Klaustrofobia da ekoizpenaren ardatza. Epaimahaikideek adierazi dutenez, «proposamen xumea eta zorrotza da, fantasiazko zinema purua aldarrikatzen» duena. Hauek izan dira aurtengo Sail Ofizialeko epaimahaikideak: Yago Garcia, Cinemanía aldizkariko erredaktorea; Norberto Ramos del Val zinema zuzendaria, eta Nerea Torrijos, jantzien diseinatzailea.

Film laburrei dagokienez, Javier Kuhnek zuzendutako Flora saritu dute Sail Ofizialeko hautagaien artean —3.000 euroko saria jaso du—. Bizitzaren eta heriotzaren inguruko istorio viktoriar bat da, eta, epaimahaiak nabarmendu duenez, «beldurrezko generoaren jatorri historikoak dakartza gogora, eszenaratze zaindu eta dotore bati esker». Euskal filmen atalean, berriz, Alberto Vazquez ilustratzaile eta animazio zuzendariak eskuratu du 2.000 euroko saria, Homeless home filmari esker. «Gizarte higuingarri baten erretratua egin du, animazio teknika original eta harrigarri baten bidez», argudiatu du epaimahaiak.

Sari horiez gain, aipamen berezia egin diote Mark Bodzarren Comrade Drakulich lanari, «umorezko eta terrorezko istorio bat kontatzeagatik, estetika oso landuarekin, Gerra Hotza oinarri bezala erabilita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.