Enkarterriko margolari, meatzeetako pintore Ismael Fidalgo Blancok (Sopuerta, 1928; Trapagaran, 2010) bere bizitzako paisaiak irudikatu zituen bere lanetan. Hainbeste maite zituen Enkarterriko parajeak ez ezik, Baztan (Nafarroa) eta Gaztelakoak (Espainia) ere pintatu zituen. Horietako asko bildu dituzte, zenbait erretratu eta natura hilekin batera, Enkarterriko Museoan (Sopuerta, Bizkaia) antolatu berri duten Ismael Fidalgo, margolari espresionistaren abentura erakusketan. Gaur arratsaldean inauguratuko dute, Abellanedako Batzarretxeko erakusketa gune berrian. Margolanak urtarrilaren 6ra arte egongo dira bertan.
Orain arteko pintorearen lanaren inguruko erakusketarik zabalena eta garrantzitsuena da. Xabier Saenz de Gorbea, Amalio Garcia eta Jose Antonio Martinez Lizeranzuk egin dituzte komisario lanak. Azaldu dutenez, erakusketaren bidez, Fidalgori omenaldia egitearekin batera, haren obraren garrantzia agerian utzi nahi izan dute.
Bide horretan, margolariaren lanaren inguruko atzera begirakoa egin dute, eta haren 120 margolan inguru jarri dituzte ikusgai, 1947tik aurrerakoak. Margolanak ez ezik, zenbait marrazki, gutunazal apainduak eta dokumentazioa bildu dute. Halaber, Fidalgo ezagutu zuten artisten eta arte munduko beste pertsonen testigantzak jaso dituzte bideo dokumental bitan, margolariaren lana hobeto kokatzeko eta, hala, haren ibilbidean sakontzeko aukera zabaldu dute. Beren testigantza eman dute, beste askoren artean, Agustin Ibarrolak, Angel Ajak, Ana Mari Marinek eta Roberto Saenz de Gorbeak.
Erakusketa zenbait serieren inguruan egituratu dute. Horien arteko gehienek paisaiak biltzen dituzte. Guztiek Enkarterriarekin, Ezkerraldearekin eta Meatzaldearekin zuen harremana azaleratzen dute, eta agerian uzten dute haren begiratzeko era.
Paisaiekin batera, zenbait natura hil eta erretratu ere ikus daitezke. Fidalgok pintatutako erretratuekin batera, beste margolari batzuek hura modelo hartuta sortutakoak ere ikus daitezke; besteak beste, Jose Maria Rezolak, Ana Mari Marin-ek, Chumy Chumez-ek, Agustin Ibarrolak eta Jose Maria Apezetxeak pintatu eta marraztutako erretratuak ikus daitezke.
Lan oparoa
Erakusketan, 40ko hamarkadatik aurrerako lanak bildu dituzte, eta, hala, margolariaren ibilbide artistikoa agerian utzi dute.Saenz de Gorbearen iritziz, erakusketako lanen bidez, margolariaren obrako garaiak bereiz daitezke, bai formalki, bai kontzeptualki. Fidalgoren lanaren parte handi bat biltzea lortu badute ere, haren obraren heren bat baino ez dute jaso, 300 margolan inguru. Erakusketan horietako ehun bat ikus daitezke. «Fidalgoren obrak hemen duguna gainditzen du», argitu du Garciak. «Haren lanaren ikuspegi zabal bat lortzen saiatu gara. Gutako bakoitzak haren obraren parte baten inguruko ezaguera zuen, baina lan honek guztiak ikuspegi globala ekarri digu, ez osoa; izan ere, baliteke Fidalgoren obra mila lanetik gorakoa izatea».
Erakusketaren harira, lan horien guztien inbentarioa egiten ari da Xabier Saenz de Gorbea arte historialaria eta EHUko irakaslea. Fidalgoren lanaren inguruko ikerketa eta inbentarioa amaituta erakusketako katalogoa argitaratuko dutela azaldu dute, erakusketa amaitu baino arinago.
Zenbait partikularren, udalen, liburutegiren, eskolen eta elkarteren bildumetatik ekarri dituzte lanak. Izan ere, Garciak azaldu duenez, «Fidalgoren kezka izan zen beti artea gizarteratzea,eta bere lana horretara bideratu zuen. Haren lana oso zabalduta dago ekonomia eta gizarte egoera askotariko familien artean, baina batez ere langileen etxeetan».
Ismael Fidalgo 1936ko gerraren osteko artisten belaunaldikoa izan zen. Besteak beste, Agustin Ibarrola, Norberto Ariño de Garai, Ricardo Toja, Menchu Gal, Jorge Oteiza eta Blas de Oteroren laguna izan zen. XX. mendearen bigarren erdialdeko euskal pintore garrantzitsueneko bat da Fidalgo, eremu artistikoetatik kanpoko zenbait esparrutan nahiko ezezaguna bada ere.
Meatze espresionista
Ismael Fidalgo Blanco margolari espresionistaren gaineko atzera begirako erakusketa zabalduko dute gaur SopuertanMeatzaldeko pintorearen orain arteko erakusketarik garrantzitsuena da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu