Martin Chambiren argazkiak positibatzera joan zen Perura lehenengoz Juan Manuel Castro Prieto (Salamanca, Espainia, 1958), 1990. urtean beste adiskide batekin batera. Erabat kateatuta gelditu zen herrialdearekin. Adierazi duenez, bertako jendearen adeitasunarekin eta herrialdeak duen natura eta kultura aniztasunarekin harrituta gelditu zen. Ordutik 11 aldiz itzuli da. Bidaia horietan egindako lanari esker, Peruri buruzko 30.000 negatiboko artxiboa dauka. Horietatik 80 argazki errebelatu, eta Iruñeko Ziudadelako Mistoen Aretoan daude ikusgai Peru, eguzkira bidaia erakusketan.
Ofizioz ekonomialaria da Castro. 1977an hasi zen argazkiak ateratzen. Argazkilari autodidakta da, eta dozenaka sari eta aitortza jaso ditu. Iragan urtean, esaterako, Espainiako Argazkilaritza Saria eskuratu zuen. Duela 26 urte Perura egindako «iniziazio» bidaia hartatik bizitza goitik behera aldatu zaio. Inken haran sakratua, mendialdea, Andeetako altiplanoa, Amazoniako oihana edota kostaldeko herritarrak dira argazkilariaren irudietako protagonista, besteak beste. Hirigune handietatik urrun bizi dira denak. Izan ere, Peruko «benetako kultura» hiri handietatik ehunka kilometrora dagoela irizten dio. Horregatik, herri txikietako bizimodua erakusten dute erakusketako argazkiek.
Horrenbeste miresten zuen Martin Chambi argazkilari perutarrak erabiltzen zuen argazki makina berarekin jaso du Peruko herritarren egunerokoa Castrok. Hasiera batean, uste zuen kamera handiegia zela: «Tramankulu horrekin herrialdean erosotasunez ibiltzea zaila izango zela uste nuen, baina ondo moldatuko nintzela jabetu nintzen azkenean», argitu du argazkilariak. Beraz, makina zaharra hartuta zeharkatu zuen herrialdea alde batetik bestera.
Aukeraketa zaila
Mistoen Aretoko bi solairuetan kokatuta dauden 80 argazkiak zuri-beltzean eginda daude. Hautatu dituen argazkiak aukeratzen «asko sufritu» duela onartu du. Peruri buruzko artxibo pertsonalean 30.000 negatibo baino gehiago dauzka. «Egin eta erakusten ez den argazki bakoitza gure memorian betirako galtzen den unea da». Hala ere, aukeraketa lana ezinbestekoa dela azaldu du. Horren harira, «pozik» agertu da Iruñean ikusgai dauden irudiekin.
Sotilak dira Mistoen Aretoan zintzilikatutako argazkiak. Bertan ageri diren pertsona, animalia eta gainerako elementuei protagonismoa eman edota kentzeko fokua baliatzen du argazkilariak. Hori da Castroren lanaren ikurretako bat. Modu horretan, adibidez, irudiaren erdi-erdian dagoen gizonezkoa bigarren planora igortzen du fokutik kanpora utzita. Hori da, hain justu, Martin Chambiren kamerarekin autoreak argazkietan esku hartzeko duen modu bakarra.
Izan ere, argazkiak ez dira estudio batean egindakoak. «Izoztutako uneak dira». Protagonistak modu naturalean ageri dira, bereziki prestatutako artifiziorik gabe. Argazkilariak ia hilezkor ere bilakatzen du kamerarekin erretratatzen duena. 50 urte baino gehixeago dituen gizonezko perutar bat ageri den erretratua, kasurako. Saiheska dago jarria. Eskuetan Biblia dauka. «Eliza ebanjeliko batera sartzear zela, argazki bat egiteko baimena eskatu nion, eta baietz esan zidan. Argazki sinplea dirudi, baina, nire iduriz, indar handia du», dio. Ia imintziorik egin gabe erretratatu zuen, elizara sartzeak gizonezko hari ematen zion lasaitasuna islatuz.
Artifiziorik ezak ahalbidetzen duen naturaltasun horri esker, gertakizun pertsonal aberasgarriak ere izan ditu Castrok. Herriko jaiak zirela-eta, giroa alaitzeaz arduratzen zen bost laguneko musika bandaren argazkiarekin gertatutakoa aipatu du. Argazki horretan dunbala jotzen agertzen zen gizonezkoaren bilobak deitu zion: «Aitona zuela esan zidan, bi urte-edo bazirela hil zela, eta ea argazkiaren kopiarik bidaliko nion galdetu zidan. Noski, gustura bidali nion». Halakoek memoria dokumentatzeko egiten duen lanari «zentzua ematen» diotela uste du. Izan ere, begi bistan duen unearen gordailutzat du bere burua.
Memoria, argazkitan gordea
Juan Manuel Castro Prietoren 'Peru, eguzkira bidaia' argazki erakusketa izango da ikusgai Iruñeko Mistoen Aretoan igandera arte, eta Peruri buruz duen ikuspegia ezagutu daiteke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu